Datorren asteartean, hilak 23, San Joan bezpera, Ordiziako Udalak sua pizten du urtero Garagartza plaza ondoan. Sugorri taldearen eskutik, gainera, akelarrea irudikatzen dute, ia 80 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ikuskizunean. Otegienea auzoan, berriz, San Joan festak ospatzearekin batera, azken urteetan sua piztu da, eta herritarren artean indarra hartzen joan den ohitura izan da. Saro baserriko Martin Garmendiak pizten zuen urtero sua, eta aurten bere argia itzali egin da. Udala eskertuta dago orain arte egin duen lan guztiagatik, eta doluminak azaltzen dizkio familiari.

Aurten, ordea, ez da halakorik egongo, izan ere, jende pilaketak ekiditea beharrezkoa da eta orain gauden egoeran arduraz jokatzea ezinbestekoa, atzera ez egiteko. Horren ondorioz, ez da sua piztuko ez Garagartza plazan ezta Otegienean ere, eta Sugorri elkarteak beste ekimen birtual bat jarriko du martxan; San Joan bezperan gaueko 22:00etatik aurrera, bideo bat zabalduz Udaleko Youtubeko kanalean.

Argazkia: Goierriko Hitza