Image
Image

94 taldek parte hartuko dute Marino Lejarreta Klasikan

Marino Lejarreta KlasikaMarino Lejarreta Klasikaren V. edizioa jokatuko da igande honetan, urriak 6, Ordizian. Aurtengo edizioan, Joseba Beloki eta Hotel Castillo izango dira omenduak. Orain arte egin moduan, Ordizian eta Ordiziarekin Lejarreta txirrindulariak izan duen  harremana eskertu egin nahi da eta honenbestez, Chapel Gorri Elkarteak Udalarekin batera antolatu du bosgarren edizioa. Xehetasunak ezagutzera eman dituzte Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, Jose Luis Sanz, Chapel Gorriko ordezkariak, Marino Lejarreta berak, eta Joseba Beloki txirrindulariak. Alkateak esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat “goreneko txirrindularitza” ekartzeagatik Ordiziara eta goraipatu egin du “azken lau urteetan izaten ari den gorakada, bai talde aldetik eta baita emakumezkoen presentziagatik ere”.

Urtez urte indarra hartzen joan den proba izan da. Lehenengo edizioan, esaterako, 145 txirrindularik parte hartu zuten. Bigarrengoan gorakada nabarmena izan zen eta 335 izan ziren. Orain bi urte 405 izan ziren eta iaz, 455, errekorra eginez. Aurtengoan, berriz, marka hori gailendu egingo da eta 470 izango dira partaideak.

Taldeei dagokionean, azkenean 94 talde profesional izango dira, azken orduko aldaketa batzuk medio. Hasiera batean 100 taldek izena eman bazuten ere, azken egunetan ezin izan dute konfirmatu igandeko lasterketan egongo direnik. Horrez gain, emakumez osatutako taldeak ere lehiatuko dira. Guztira hamabi. Iaz, aldiz, bederatzi izan ziren. Bestalde, emakumez eta gizonez osatutako talde mixtoak zazpi izango dira.

Parte hartzaileen artean profesional izandako txirrindulariak daude. Hala nola, Marino Lejarreta, noski, eta  Abraham Olano (munduko txapelduna eta 47 garaipen izandakoa) eta Igor Astarloa, munduko txapelduna izandakoa. Horiez gain, Pavel Tonkov (35 garaipen eta 1996an Italiako Giroaren irabazlea), Haimar Zubeldia, Igor Anton, Juanma Garate, Arsenio Gonzalez, David Etxebarria, Jokin Mujika, Ezequiel Mosquera, Roberto Laiseka, Perdiguero, Dori Ruano, Ainhoa Artolazabal, Nuria Florencio, Arantzazu Azpiroz, Eneritz Iturriaga, Ziortza Isasi, Izaskun Bengoa eta Arantxa del Rio ere izango dira partaideak.

Omenduak

Sanzek nabarmendu nahi izan du Belokiri zergatik egingo zaion aitortza. Hala azaldu du: “Frantziako Tourreko podiumera igotzea lortu du hiru aldiz: bigarren postuan 2002 urtean eta 2000 eta 2001an hirugarren. Bestalde, Espainiako Itzulian hirugarren izan zen 2002an eta Federico Martin Bahamontes eta Pedro Delgadorekin batera, Frantziako Tourrean podium gehien lortu dituen bigarren txirrindulari espainiarra da, Miguel Indurainen bost sailkapenen atzetik”. Bestalde, Hotel Castillok ere jasoko du omenaldia, Ordiziako Klasikan emandako babesagatik eta Marino Lejarreta Klasikari ere laguntza emateagatik beti.

Bestalde, aurten ere aipagarria da aurten irabazleek txapela jasoko dutela, eta emakumezkoen kategorian lehen iristen direnek ere txapela jasoko dutela. “Berdintasunaren aldeko apustua egin dugu eta erabaki dugu lasterketako irabazleek eta emakumezkoetan lehen postuan iristen direnak saria izango dute”, gehitu du Jose Luis Sanzek.

Programa

Larunbatean hasiko da txirrindularitzaren festa. Hasteko, arratsaldean dortsalak eta akreditazioak jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Gauzak horrela, Barrena Jauregian bulegoa egokituko da tramite horiek egiteko, 16:30etatik 18:15era bitartean. 18:00etan, bestalde, Marino Lejarreta, Joseba Beloki eta Eduardo Chozas-ek hitzaldia eskainiko dute, Juan Mari Guajardo eta Arritxu Iribarren zuzendaritzapean. Horrekin zabalduko da txirrindularitza protagonista izango den asteburua.

Programako bigarren eguna izango da egun handia. Barrena Jauregiko bulegoa 8:00etan zabalduko da, eta taldeen aurkezpena 9:15ean hasiko da eta azken taldea atera arte iraungo du. Hala, aurkeztu ahala aterako dira erlojupeko proba egitera. Azken taldea 12:30ean aurkeztuko da.

Lasterketa amaitu ostean, 14:00etan, hasiko da omenaldia. Joseba Beloki eta Hotel Castilloko ordezkariak igoko dira taila gainera, eta ondoren sari banaketa hasiko dute. Amaitzeko, elkarrekin bazkalduko dute Beti Alai pilotalekuan.

Aldaketak ibilbidean

Orain arteko lau edizioetan Ordiziako Zuhaizti paretik atera dira parte hartzaileak eta Alegia, Amezketa, Abaltzisketa eta Zaldibia igaro ondoren berriz ere Ordiziara itzuli izan dira, 31,7 kilometroko ibilbidea eginez. Aurtengoan, ordea, noranzkoa aldatuko da, nahiz eta Marino Lejarreta Klasikak igaroko dituen herriak berdinak izango diren. Hala, Zaldibia izango da lehen igaroko duten herria, eta Abaltzisketa igo, Amezketara jaitsi, Alegi pasa eta berriz ere Ordiziara itzuliko dira.

Kontuan izan beharreko oharrak:

Igandeko klasikak trafikoan eragina izango du eta horregatik, goizean zehar, hainbat trafiko murrizketa izango dira. Aurten berrikuntza nabarmena lasterketaren noranzkoa denez, trafiko murrizketa gutxiago izango dira. Hala, autobus zerbitzuari dagokionez, Zaldibiako norantzan, Tximistako geltokia eta San Juan auzoko biribilguneko geltokiak baliogabetu egingo dira. Bestalde, zerbitzua normaltasunez emango da. Hala ere, Udaltzaingotik eskatzen da egun horretan trafiko lanak egiten arituko diren udaltzainei, Babes Zibileko boluntarioei eta, batez ere, antolakuntzatik helarazten dituzten gomendio eta jarraibideak kontuan izatea eta kasu egitea.

Azaroan amaituko da Majoriko lehen azpifasea

Majori kiroldegia

Joan den azaroaren 19an hasi zen Majori Kiroldegiko berritze prozesuaren lehen fasea. Orain, azarorako, aurreikusita dago lehen azpifasearekin amaituko dutela urtebete pasa ondoren. Odilo Rivela, Majoriko gerenteak hala azaldu du: “lehen azpifase honetan gimnasio berria, taberna berria eta bi jarduera gela jarriko dira martxan, lehendik funtzionamenduan zegoen kantxaz gain. Gainera, igogailua ere martxan izango da, harrera berriaren ondoan”. Horrez gain, eraikinaren kanpoko lanak ere badoaz aurrera eta dagoeneko leihoak jartzen hasiak dira. Lehen azpifasearen amaierarako, berriz; hots, azaro erdialderako, egokitu diren zonaldeen zorua eta ingurua margotuko da. Bigarren faserako, aldiz, aldagelak, girotze sistema eta Majori barneko konexioak gelditzen dira.

Gogoan izan behar da proiektu honen lehiaketara hiru enpresa aurkeztu zirela eta Moyua enpresari esleitu zitzaizkiola lanak, 2.833.490 euroan (BEZa barne) eta 18 hilabeteko epea hartuko zutela. Obrak hasi baino lehen, maiatzean, Denis Itxaso, Kultura eta Kirol arloko diputatuak eta Ordiziako Udalak Majori kirol eremua berritzeko hitzarmen bat sinatu zuten eta horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundian 2018an 395.000 euroko ekarpena egin zion, 2017-2020 aldirako kirol ekipamenduaren planaren baitan.  

Identifikatutako premiak eta egindako obrak

Dagoeneko lehen azpifasea amaitzear badago ere, honakoak izan dira Majori Kiroldegiak izan dituen behar handienak.

  • Kirol eskaintza handituko duten espazio berriak egokitzeko beharra. Besteak beste, gimnasioa eta aldagelak berritzeko premia eta areto berriak eraikitzekoa. Era berean, areto falta horiek hainbat jarduera fisiko eta kirolekoak egiteko zailtasunak eragiten ditu.
  • Espazioen banaketa moldatu beharra dauden kirolek behar bezalako espazioa izateko; hala nola, spinning, aerobika, judoa, pilates eta zumba.
  • Kiroldegi barneko zirkulazioak ez dira argiak
  • Irisgarritasuna. Mugikortasun urria dutenentzako ez dago igogailurik.

Kiroldegiko instalazioek dituzten beharrak aztertu ondoren, egungo eraikina hobetze aldera egin dira obrak. Hauek izango dira Majorin ematen ari diren aldaketak:

  • Taberna eremua lekuz aldatu da eta orain dagoen lekutik hainbat kirol espazio ikusi ahalko dira. Bestalde, zonalde horretan itxaron eremu bat egokitu da, kantxarekiko edo zirkulazio joan-etorriekiko independentea dena.
  • Igogailua kokatu da irisgarritasuna hobetuz
  • Gimnasio berria egin da
  • Jarduera anitzeko bi gela eraiki dira

Polideportivo MajoriMajori kiroldegia. Obra

 

Ordizia Saskibaloi taldeak 50 urte bete ditu

IMG 20190917 WA0003

Ordiziako Saskibaloi taldeak 50. urtemuga ospatuko du aurten 'Frontoitik Kiroldegira 50 pase dira' lemapean. Gauzak horrela, atzo arratsaldean Barrena Jauregian egitaraua aurkeztu zuten.

Ekitaldi hori amaitu ostean guztiak plazan elkartu ziren Ordiziako Saskibaloi elkartea osatzen duten talde guztien aurkezpena egin baitzen. Ez hori bakarrik, izan ere, aurtengoan Delteco Gipuzkoa Basket taldeak ere Ordizian egin du bere taldearen aurkezpena. 

"Azken 50 urte hauetan 1.000 ordiziar inguru pasa dira Saskibaloi taldetik eta herri bezala Ordiziako saskibaloi taldeari zor dizkiogun bi ekarpen aldarrikatu nahiko nituzke batez ere. Alde batetik, gure herrian kirol aniztasunari atea zabaltzea. Duela 50 urte, guztiok dakizuelako zein zen kirolaren monokultiboa. Nik uste, esan genezakeela Ordiziako Saskibaloi taldea aitzindari izan zela ordiziarrei kirol eskaintza zabaltzerakoan. Horregatik, gaur egun, biztanleekiko proportzioan kirol ezberdinetan federatu gehien dituen Gipuzkoako herrian bilakatzeko lehen urrats hori zuek eman zenuten duela mende erdi. Bestetik, Ordiziako Saskibaloia aitzindaria izan zen emakumeei kirol eskaintza zabaltzen, eta lehen taldea 1977an sortu zen! Horrela uler liteke, gaur egun, gizonezko baino emakumezko fitxa gehiago dituen taldea izatea", azaldu zuen Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

EGITARAUA 

Irailak 21:  Salto Bera Bera taldearen sensibilizazio ekitaldia. Ondoren partida jokatuko dute. Atsedenaldian 1970.urteko lehen taldeari omenalditxo bat egingo zaio

Urrriak 14tik 25era: Erakusketa Barrenan. Bertan argazkiak, arropak, materiala... jarriko dira ikusgai. 

Abenduak 28-29: Euskal Herriko Mini Txapelketa gizonezko eta emakumezko taldeen artean

Apirilak 3: Azatxo Topaketa. Aurtengoan esklerosis anitzaren aldekoa izango da.  

Apirilak 18: Beti Alai frontoian bailarako beteranoan txapelketa

Maiatzak 23: Majori Kiroldegian Gipuzkoa mailako final nagusiak jokatuko dira. Infantil cadete junior eta seniorrak, neska-mutilen kategorian.

Maiatzak 30: Saskibaloi Familiaren Bazkaria

Horrez gain, hitzaldiak, jokoak, entrenamendu bereziak ere egingo dituzte, baina oraindik zehaztu gabe daude ekitaldi horiek. 

Urtemuga ospatzeko bideo berezi bat ere egin du Saskibaloi taldeak. Hemen ikusgai: Ordizia Saskibaloi Taldea - 50 urte

DSC00672DSC00681DSC00679DSC00663DSC00701IMG 20190916 WA0011IMG 20190916 WA0012IMG 20190916 WA0014IMG 20190916 WA0015IMG 20190916 WA0016IMG 20190916 WA0017IMG 20190916 WA0018IMG 20190916 WA0019IMG 20190916 WA0020IMG 20190916 WA0021IMG 20190916 WA0025IMG 20190916 WA0027IMG 20190916 WA0028DSC00697IMG 20190916 WA0033

ERABILTZEKO PREST DAGO ALTAMIRAKO ERRUGBI ETA FUTBOL ZELAIA

 

 

IMG 20190730 124715

Egokiagoa, berritzaileagoa eta profesionalagoa da zelaia, Errugbi Federazioaren araudia betetzeaz gain, FIFA homologazioa ere badu eta.

Aste honetan bertan amaitu berri dira Altamirako Errugbi eta Futbol zelaiaren berritze lanak. Hilabete hasieran hasi ziren eta 3 aste eskasean zelaia prest izatea lortu da, aurreikusitako epea baino lehen.

Adur Ezenarro Ordiziako Alkateak eta Jon Ander Caballero Kirol eta Gazteria zinegotziak zelai berrira bisita egin dute Odilo Rivela Majori Kiroldegiko zuzendariarekin.

Pozik agertu dira emaitzareki, izan ere, zelai profesionalagoa izango du hemendik aurrera Ordiziak.

Lanak hasi aurretik, Errugbi Federazioaren araudia jarraitzea eta FIFA homologazioa lortzea ezinbesteko helburu modura finkatu ziren, eta lortu da. Horretarako zelaia egokitzea beharrezkoa izan da, lehenik eta behin, belarraren azpian oinarri elastikoa ipiniz eta ondoren belar artifiziala zabalduz.

Neurriz apur bat txikiagoa da zelai berria, futbolari bideratutako espazioa 98 x 65 metrokoa da eta errugbiari bideratutakoa berriz, 113´8 x 65 metrokoa.

Erregadio sistemari dagokionez ere, berrikuntzak daude. Iaz anexoarekin egin zen moduan, belarrean txertatuta dauden aspertsoreak erabili dira horrela, erabilpena eta mantenua erraztuz.

Kirol-instalazio honen erabiltzaileen beste eskaeratako bat espazioa handitzea zen eta horri erantzuna emanez, biltegi berri batzuk ere sortu eta egokitu dira, kirol elkarte ezberdinek beharrezkoak dituzten materialak gorde ahal izateko.

Zaragozako Mondo Iberica enpresak bideratu ditu zelaiaren berritze lanak. Proiektu estrategikoa izan da Ordiziako Udalarentzat eta guztira 262.300,00 euroko inbertsioa egin du.

Errugbiko Nazioarteko Federazioa datorren abuztuaren 16an etorriko da Ordiziara zelaia ikusi eta homologazioak emateko. 

Bitartean, kirol elkarteak entrenamenduetarako zelai berria erabiltzen hasi ahal izango dira, abuztu amaieran dagokien txapelketa eta ligekin hasteko.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image