Image
Image

Altamirako anexoko argiteria berritzen ari da

Altamirako anexoko argiteria berritzen ari da, zelaian dauden lau dorreetan. Argi puntu guztiak LED sistemarengatik aldatu dira; 24 argi puntutatik 16era pasako dira, baina argiztapen maila hobetu egingo da. Lanak biharko, osteguna, amaituta egongo dira.

“Kirol taldeak urteak daramatzate berrikuntza hori eskatzen. Anexoko argiteria aldatzea beharrezkoa zen dudarik gabe, izan ere, egoera kaxkarrean zegoen. Urtero berritzen ziren argi puntuak; eta orain erabaki da guztiz aldatzea sistema. Hala, ekonomikoki aurrezpena ekartzeaz gain, argiztapen kutsadura jaitsiko da”, azaldu du Jon Ander Caballero, Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak.

Amaituta Altamira atletismo pistako estalpe berria

45 metroko estalpea prest dago, eta bertan kirolariek entrenatzeko aukera izango dute

“Dagoeneko amaitu dugu Ordiziako Altamira atletismo pistako estalpearen obra”, azaldu du Jon Ander Caballero, Kirol zinegotziak.

Elkarlanaren emaitza izan da lanketa. Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. "Guri ideia ona iruditu zitzaigun eta horregatik eraiki da estalkia", gaineratu du Caballerok. Altamirako pistaren kokapena eta forma ikusita, estalitako gunerako egokiena harmailetatik ateratzea izan da aukeratutako metodoa: 45 metroko eremu estalia eta 3 kale hartu dituena. “Pozik gaude emaitzarekin, eta nahiz eta pandemiak denbora epeetan eragina izan duen, obra amaitu da”, zehaztu du kirol zinegotziak.

Gainera, teilatua metakrilatozkoa jarri da, argitasuna mantentzeko asmoarekin. Euriaz babestutako gunea izango da, baina entrenatzeko arazorik ekarriko ez duena herritar eta kirolarientzat.

Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat ere eraiki da pistako azken kalean, belar artifizialarekin. Honekin espazio gehiago gehitzen da korrikalariek euren entrenamendu osoak egin ahal izateko. Horrez gain, luzera jauziko egungo korridoreetako bat pisu gunetik beste leku batera aldatu da.

25 emakumek errugbiko epaile izateko formakuntza saio jasoko dute asteburuan, Ordizian

Asteburu honetan Ordizian errugbiko epaile izateko formakuntza ikastaroa izango da, emakumeei zuzendua. Ekimen hau “Emakumeak errugbian” programaren barruan kokatzen da, Kirol Kontseilu Nagusia eta Emakume programarekin elkarlanean, eta Ordizia Rugby taldearen babesarekin.

“Guretzako ohore bat da halako ekimen bat Ordizian garatzea. Emakumeak kirola egitera bultzatzen jarraituko dugu, haiei babesten eta aukera berriak sortzen”, nabarmendu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak.

Ikastaro hau errugbi munduan barneratu nahi duen emakume orori dago zuzenduta, emakumezkoen errugbia hazi eta bultzatzeko asmoarekin, baina baita ere entrenatzaile edo kirolari hobea izateko araudia hobeto ezagutu nahi dutenentzat. Dagoeneko izen-ematea beteta dago eta 25 izango dira formazio hau jasoko duten emakumeak.

Formakuntza ekintza honek zati teoriko bat izango du, Barrenan eskainiko dena, baina baita alderdi praktikoa ere; hau Altamira zelaian garituko da. Parte-hartzaileak lehenengo harremana izango dute errugbian horren garrantzitsua den epaile lanarekin.

Probak gainditzen dituztenek Level 1 World Rugby ziurtagiria lortuko dute (arbitroen 1. maila), eta horrek 18 urtetik beherako kategoriara arteko lehiaketetan epaile izateko aukera emango die.

Bi zerbitzu berri Majori Kiroldegian

Majori Kiroldegiak bi zerbitzu mediku berri aurkeztu ditu. Batetik, Igor Jauregi beasaindar fisioterapeutak honako eskaintza jarriko du eskura: fisioterapia/osteopatia, puntzio lehorra, INDIBA, Normatec eta Erreadaptazioa.

Bestalde, Iñaki Arratibel tolosarrak kirol medikuntza zerbitzua eskainiko du. Besteak beste, esfortzu probak egingo ditu: laktatokin eta gabe, bizikletaz zein korrika, espezialitateari egokitutako protokoloekin eta duen esperientziarekin.

Zerbitzuko telefonoak:

1) Igor Jauregi: 943 805 880 (Majori Kiroldegia)

2) Iñaki Arratibel (943 570 671)

Bi zerbitzuetan federatuentzat eta bazkideentzat prezio bereziak izango dira.

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image