Image
Image

IGERILARI ONENAK LEHIATUKO DIRA GABONETAKO TXAPELKETAN ORDIZIAN

Majorin jokatuko da txapelketaren XXXV. edizioa abenduaren 29an

Astebete geratzen da Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketarako, eta dagoeneko aurreratu daiteke beste urte batez elite mailako igerilaririk onenak lehiatuko direla Ordizian. Majori kiroldegian izango da txapelketa, abenduaren 29an, ostirala. LEN (Ligue Européene de Natation) egutegiaren barruko txapelketa da Ordizia Igeriketa taldeak antolatzen duena.

Izaskun Insausti Ordizia Igeriketa taldeko kideak aurreratu duenez, “Jessica Val Europako txapeldun berria Ordizian izango da datorren astean, eta kataluniarrarekin batera izango dira, esaterako, Tjasa Vozel esloveniarra, Francesca Fangio, Veronica Neri eta Sara Morotti italiarrak, Lidon Muñoz valentziarra eta Duane da Rocha malagarra. Gizonezkoetan, berriz, Konrad Zcerniak poloniarra, Mislav Sever kroaziarra, Caba Siladji serbiarra, Florian Coiffard frantziarra, Martin Melconian uruguaiarra, Claudio Fossi italiarra eta Mario Navea izango dira Ordizian egongo direnetako batzuk”.
Euskal Herriko selekzioko eta Madrilgo federazioko igerilariak eta CN Sant Andreu, Gredos, zein txapelketara itzuliko diren CN Barcelona eta Santa Olaya taldeetako igerilarien erakustaldiez gozatzeko aukera egongo da Majoriko lehian.

HEMEN DA MARINOREN OMENEZKO HIRUGARREN MEMORIALA

Erlojupekoak 400 txirrindulari erakarriko ditu igandean eta larunbatean Lejarreta, Perurena, Chiappucci eta Benito Urrabururekin solasaldia egingo da

Duela bi urte ospatu zen, lehenengoz, Ordizian eta Ordiziarekin Marino Lejarretak izan duen harremana eskertzeko omenezko memoriala. Hitzorduak bere tokia hartu du udalerriko udazkeneko agendan eta hirugarrenez ospatuko da asteburu honetan. Zaleentzat ere ekitaldi finkoa da dagoeneko. Hemen da, beraz, urriarekin batera hirugarren urtez Lejarreta Memoriala, Chapel Gorri elkarteak Ordiziako Udalarekin antolatuta.

Komunikabideen aurrean aurkeztu dute txirrindu gainekoa Jose Miguel Santamaria alkateak, Chapel Gorriko Jose Luis Sanz ordezkariak, Eduardo Soto Gipuzkoako Txirindularitza federazioko  presidenteak eta Marino Lejarreta eta Txomin Perurena txirrindulariek.  Igandean izango da proba eta aurreko urteetako parte-hartzea gaindituko da. Lehenengo edizioan 145 txirrindulariek hartu zuten parte, 335 izan ziren iaz eta 400 dira aurtengorako izena eman dutenak, hau da, bost pertsonako 80 talde. Omenaldien kapituluan, hiru izen: Claudio Chiappucci eta Txomin Perurena eta  Diario Vasco komunikabidea.

ORDIZIAKO III. SARI NAGUSIA- JOSE ANTONIO PEÑA MITINA

Altamira estadioan egingo da jardunaldia uztailaren 1ean, eta estatuko atletarik onentsuenak elkartuko dira

Datorren uztailaren 1ean Ordiziako III. Atletismo Sari Nagusia - Jose Antonio Peñaren oroimenezko Mitina hartuko du Altamira estadioak, Txindoki Grupo Jaso Atletismo Taldeak antolatuta. Hamabi urte dira Gipuzkoan halako mailako mitina azkenekoz jokatu zenetik, eta Estatu mailako atleta onenetako batzuk elkartuko dira bertan; hala nola, Jonathan Okeudo (100 metro), Iñigo Perez (400 metro), Chabic Laghar (1.500 metro), Hassan Oubaddi (5.000 metro), Thibas Gebre (Espainiako txapelduna eta olinpiar jokoetan parte hartu dueña), Ricardo Rosado (1500 metro) eta baita Alazne Furundarena abiadura-lasterkari ordiziarra ere (100 metro). Sergio Sanchez (Munduko txapeldunorde 3000 metrotan) ere litekeena da Ordizian egotea...

UDAKO KIROL ESKAINTZA BERRIKUNTZEKIN DATOR MAJORIRA

Kanpoko igerilekua ekainaren 10ean zabalduko da eta ikastaroak 26an hasiko dira

Ordiziako Majori kiroldegiko udako kanpainako ikastaroetan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago eta berrikuntzekin dator. Datorren ekainaren 26an hasiko dira UDAko ekintzak. Izena emateko aukera ekainaren 18ra arte dago zabalik. Kanpoko igerileku gunea, ordea, 10ean –larunbatean- zabalduko da.

Berrikuntzak batez ere gazteei zuzendutako jardueretan antolatu dira.  OKE Triatloi taldearekin elkarlanean aurkeztutako ikastaro berria da horietako bat: MAJORI TRI, hain zuzen. Triatloian hasteko da eta, egunero, astelehenetik ostiralera izango da 11:00etatik 12:00etara. Triatloiak hiru kirol mota lantzen ditu: korrika, txirrindularitza eta igeriketa. Bigarren berrikuntza entrenamendu funtzionalaren alderdia jorratzen duen GAZTE  FIT jarduera da. Asteartetan eta ostegunetan izango da, 12:00etatik 13:00etara. Era berean, neguan ere eman den GAZTE FORMAN aukerak kirol anitzak landuko ditu udan ere, asteartetan eta ostegunetan 11:00etaik 12:00etara. Horietaz gain, betiko aukera zabala dago programatuta.

Dena dela, kanpoko igerilekuak aurretik irekiko dira. Ekainaren 10erako dago aurreikusita irekiera. Aurten igerileku txikian segurtasuna hobetzeko neurriak hartu dira. Hala, portzelanazko zorua izango du igerileku honek. Tabernako terrazan ere aldaketak  egin dira zerbitzua hobetzeko.

Informazio gehiago: 943805880;  www.majori-kiroldegia.eus; https://www.facebook.com/majorikiroldegia                                                                                                                                                                                                                  

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image