Image
Image

ORDIZIAK BAT EGIN DU 2018 PLANETAREN ORDUAREKIN

Herritarrei dei egiten zaie larunbatean 20:30ean argiak itzali eta ohitura arduratsuak hartzera

Bihar ospatuko den Planetaren egunarekin bat egingo du Ordiziako Udalak. Mundu mailan egin da deialdia, hamaikagarren urtez, klima aldaketaren kontra egin eta biodibertsitatearen galera ikustarazteko. Kanpaina honekin 2015.urtetik egiten du bat Udalak, bere ardura azalduz gizarteak arazo handi honen aurrean. Hala, Ordiziako Udalak udal eraikin eta ekipamenduetako (udaletxea, plaza Nagusia, Barrena kultur etxea, etab) argiak itzaliko ditu larunbat honetan, martxoaren 24ean, 20:30etik 21:30era.

Zer egin daiteke?

Herritarrei ere gauza bera egiteko eskatzen zaie. Ordubete horretan argiak itzaltzaiz gain, gaiaren inguruan hausnartu eta aurrerantzean arduraz jokatzea proposatzen da: energia gutxiago kontsumituz, objetuak berrarabiliz, plastikoari uko eginez, dagokiona birziklatuz eta ur gutxiago gastatuz, besteak beste.

30 ARBOLA ORDIZIAKO ZUHAITZ EGUNERAKO

Ordiziako Udalak eta herriko ikastetxeek ostiral honetan Zuhaitz Eguna ospatu dute. Guztira 30 zuhaitz landatu dira San Joan auzoan, Oiangu parkean eta Altamiran banatuta. Aurten zuhaitzak Ordizian kirolean aritu den pertsona batek eman ditu. San Joanen Urdaneta ikastetxeko  76 ikasleek (argazkian) 14 zuhaitz landatu dituzte  eta Oiangun Jakintza ikastolako  54 ikasleek 13 zuhaitz. Beste hirurak errugbi elkarteko hainbat jokalariek Altamira estadio aurreko belardian jarri dituzte, emaileak eskatu bezala.

Hauek dira landatutako zuhaitz motak: 5 artadi, 10 haritz, 2 likidanbar, 4 urki, 7 gingko eta 2 pago.

MUGIKORTASUNARI BURUZ EGINDAKO PARTE HARTZE PROZESUAK APARKALEKU BERRI BATEN BEHARRA PLAZARATU DU

Proiektua erredaktatzeko aurrekontua behar du eta azpiegiturak Eusko Jaurlaritzaren eta GFA-aren bidez eskuratuko liratekeen laguntza europarrak

Jose Miguel Santamariak, Ordiziako alkateak eta Arantxa Fernandez, Joseba Aranburu eta Iñaki Dubreuil zinegotziek herriko erdigunean aparkalekua egin ahal izateko proiektua erredaktatzeko 2018ko aurrekontuetan partida bat sortzeko beharra arrazoitzen duen datuak eman dituzte ezagutzera. Era berean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza laster Ordiziara etorriko dela jakinarazi dute, aparkalekua Eusko Jaurlaritzaren bidez Europa Batasunetik finantzatzeko dauden aukerak eta baldintzak azaldu eta argitzeko.

Santamariak azaldu du Ordiziako azoka eta merkataritza bultzatzea dela parkina egitearen helburuetako bat, eta helburua bat datorrela Europak eman ditzaken laguntzekin. Ordizia azoka, komertzio eta zerbitzu herria dela gogoratu du. ‘Hori oso kontutan hartu behar dugu herritarrei ongizatea eta etorkizuna kudeatzeko aukera dugunok, udal gobernuan egonda edota oposiziotik ere’.

ABIAN DA ORDIZIARRENTZAT 32 LURSAIL IZANGO DITUEN BARATZE PARKEA

Ordiziako Udalak izena emateko epea zabaldu du  jada eta martxoaren 15a arte izango da eskaera egiteko aukera

Ordiziako Udala herritarrei baratza sozialak eskaintzeko gunea prestatzen hasi da aste honetan, Kutxa Ekogunea erakundearen laguntzarekin. San Joan auzoan kokatu da proiektua eta 30 metro koadroko 32 baratza egingo dira. Joseba Aranburu, Ingurumeneko zinegotziak,  Rosa Aurkia teknikariak eta Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sareko arduradunak aurkeztu dute proiektua. Obra apirilean zehar amaituta izatea aurreikusten da.

Aranburuk esan duenez, nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargune bat egokitzea da helburua, aisialdirako gune berri bat sortuz. Hala, Kutxa Ekoguneko Olaizolak adierazi duenez, Baratze Parkeak norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskainiko die erabiltzaileei eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune bilakatuko da Ordiziar guztientzat.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image