PIXOIHALAK BOTATZEKO ORGANIKOAREN TXARTELA AKTIBATUKO DA

Txartelak udaletxean eskatu edo entregatu behar dira

Pixoihalak jasotzeko edukiontziak erabili behar dituztenek txartel bat erabili behar izango dute. Gaur egun organikoaren poltsak jasotzeko erabiltzen den txartel bera aktibatzea erabaki da, eta organikoa eta errefusa botatzeko edukiontziak irekitzeko ere balio izango du. Hori dela eta, txartelik ez duenak eskatu egin behar du eta txartela duenak eta pixoihalen edukiontzia ireki behar duenak udaletxean utzi behar izango du txartela aktibatzeko.  

Txartelak jasotzeko kutxa bat ipini da herritarren arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera irekita lanegunetan 8:00etatik 13:30era) eta beste bat udaltzaingoan (astelehenetik ostiralera lanegunetan 13:30etik 20:30era). Sasietara bidaliko dira txartelak eta pixoihalak botatzeko edukiontziak irekitzeko prest daudenean postaz bidaliko zaizkie jabeei. Edukiontziak Ordizian abuztuan eta irailean zehar ipiniko dira. 

EDUKIONTZIAK BERRITASUNEKIN ITZULIKO DIRA ORDIZIARA ABUZTUTIK AURRERA

Zaindariaren jaietako hondakinen bilketan ordutegian eta egutegian aldaketak egongo dira

Ordiziak hondakinen bilketa sisteman aldaketak onartu ditu, biztanleek iragan martxoan onartutako erabakiaren ondoren. Jose Miguel Santamaria Alkateak eta Ingurumen Teknikaria den Angelica Morenok, berritasun hauen aurrerapen bat eskaini zuten eta Santa Ana jaietan hondakinen bilketaren ordutegia jakitera eman dute.

Edukiontziak abuztuan ezartzen hasiko dira, dagokion azterketa teknikoa egina dagoelarik, momentuz “atez ateko” sistema jarri baino lehen zeuden tokietan. Hortik aurrera etxebizitzetan sortutako hondakinen bilketa edukiontzi kolektiboetan egingo da. Irailaren bukaerarako denak jarrita egotea aurreikusten da.

ORDIZIAK SEGURTASUN NEURRI BERRIAK EZARRIKO DITU HERRITARREN ESKARIEI ERANTZUNEZ

Bi semaforo jarriko dira hilerri eta Majori plaza inguruan

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurri berriak ezarriko dira Ordizian. Badaezpadako neurriak izango dira, trafikoa lasaitzeko. Aurten auzoz auzo herritarrekin egindako bileren ondoren azaldutako eskaerei erantzunez hartu du erabakia Udalak. Gogoratu behar da udalerrian orduko 30 kilometroko abiadura baino handiagoa ezin dela hartu. Muga hori ordea ez da beti errespetatzen.

Herritarren eskariei erantzunez, abiadura mugatzeko neurri nagusia Filipinak kaleko 22 zenbaki parean jarriko den semaforo finkoa da. Trafiko handiko gunea da, N-1etik datozenentzat sarbideetako bat. Hemen, orduko 30 kilometroko abiadura gaindituz gero, semaforoa gorri ipiniko da eta ibilgailua gelditu egin beharko da kolorea aldatu arte. Ekainean ipiniko da semaforoa eta eguna iristean berriz ere jakitera emango da.

IKASLEEN KEZKEI ERANTZUN DIE UDALAK AGENDA21eko AUDIENTZIAN

Aurten landu duten gaia 'Elikadura jasangarria' da

Ordiziako Jakintza, Oianguren eta Urdaneta ikastetxeetako ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitateak ingurugiro arazoez kezkaturik, Eskola Agenda 21 programaren bidez urtero-urtero lan egiten dute inguruan antzematen dituzten arazoei aurre egiteko.

Zortzigarren ikasturte honetan, erronka berri baten aurrean aurkitu dira, elikadura jasangarriaren inguruan. Gizartean pil-pilean dagoen gai garrantzitsua da: elikagaien jatorria, elikadura eta bertako produktuen garrantzia, elikadura eta hondakinak, elikadura eta osasuna, elikadura eta gosea, etab.