Orain arte ezagutu dugun mundu globalizatuan, pertsonen mugikortasun azkar eta askea izan da COVID-19 birusa zabaltzen lagundu duen faktore nagusia mundu osoan. Horrez gain, hiri-mugikortasuna faktore garrantzitsua izan da birusaren tokian tokiko hedapenean. Osasun-larrialdi egoera ezarri zen unetik aurrera, pertsonen mugikortasuna mugatu eta, ondorioz, murriztu egin da.

Gainera, azterketa zientifiko, albiste eta irudi ugarik agerian jarri dute ibilgailu kutsagarrien zirkulazioa etetearekin batera kutsadurak behera egin duela eta Beasaingo airearen kalitateko estazioan (Goierri eskualdeko estazioan) nabarmen nabaritu da ondorengo link-ean ikusi daitekeen bezala:

https://www.euskadi.eus/web01-a2ingai2/eu/aa17aCalidadAireWar/estacion/mapa?locale=eu

Ezinbestekoa da, konfinamendua amaitu aurretik, ibilgailu pribatuen erabilera kontrolatzeko eta mugatzeko neurriak hartzea, ibilgailu horiek sortzen duten kutsadurak ondorio negatibo zuzenak baititu koronabirusaren kutsadura eta heriotza-tasan. Izan ere, egin berri diren hainbat azterketek erakusten dute koronabirusaren ondoriozko heriotza-tasa altuagoa dela kutsadura handiagoko hirietan kutsadura txikiagoko hirietan baino. Horrek esan nahi du are beharrezkoagoa dela autoen erabilera masifikatua geldiaraztea eta oinez edo bizikletaz egindako desplazamendu aktiboak sustatzea.

Desplazamenduetarako bizikleta erabiltzeak abantaila paregabeak ditu eta birusaren inpaktua gutxitzen lagundu dezake:

  • Bizikletaz ibiltzean osasun-agintariek gomendatzen duten pertsonen arteko distantzia fisikoa gordetzen dugu.
  • Garraio publikoaren ordez bizikleta erabiltzen duten pertsonek birusa harrapatzeko eta besteak kutsatzeko arrisku txikiagoa dute eta, aldi berean, gehien behar dutenei haien lekua uzten diete.
  • Autoek eta motorrek ez bezala, bizikletek ez dute ingurumena kutsatzen eta positiboki laguntzen dute koronabirusaren hedapen soziala murrizten.
  • Berotegi-efektuko gasik sortzen ez duen modu bat da; beraz, ez du klima-larrialdiko egoera larriagotzen laguntzen.
  • Bizikleta erabiltzeak ez du giro-zarata sortzen eta erabiltzaileen osasuna hobetzen du.
  • Bizikleta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko bide merkea da, eta potentzial handia du hiriko ekonomia suspertzeko

Ondorioz, Ordiziako Udalak herritarrak oinez eta bizikletaz mugitzea animatzen ditu ibilgailu pribatua alde batera utziz.