Image
Image

Haurren emozionak, sexualitatea eta bullying-a aztergai Ordizian, Treba Gurasoak programaren baitan

Treba gurasoak Ordizia programa

Treba Gurasoak prestakuntza programa aurkeztu du Ordiziako Udalak. “Iaz lehenengo aldiz antolatu ziren lau hitzaldi Treba Gurasoak programaren baitan, eta izan duten erantzuna dela eta, aurten ere Ordiziako gurasoei zuzendutako beste hiru hitzaldi izango ditugu”, azaldu du Ainhoa Jimenez zinegotziak.

Hiru saio hauek haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko baliagarriak dira, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuaren laguntzarekin, Ordiziako Udaleko Gazteria Departamentuak antolatu du formazioa. Hiru saio horietatik bat tailerra izango da, eta beste biak hitzaldiak. “Iaz gurasoei galdetu zitzaien ea zien gai interesatzen zitzaizkien, horiek lantzeko. Eta horregatik osatu dugu programa hau”, gehitu du zinegotziak.

Lehenengo saioa Haurren emozioen laguntzaileak: nola zaindu seme-alaben emozioak da. Urtarrilaren 19an eta 26an eskainiko da, 17:00-19:00, D´elikatuzen. Donna Apellanizek gidatuko ditu bi saioak. Bi orduko bi saio egingo dira, seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantzia nabarmentzeko eta tresna emozionalak eskuratzeko, familian sor daitezkeen arazo eta gatazken aurrean erabiltzeko. Hori guztia metodologia dinamiko batekin landuko da (teoriko-praktikoa). Haurrekin hezkuntza emozionala landu nahi bada, lehenik helduok egin behar dugu, emozioak gure inkontzientetik datozelako, eta, beraz, ezin ditugu landu ikasketa teoriko batekin bakarrik. Teorian oinarrituta, kasu praktikoak landuko dira, emozioak lantzeko hunkitu egin behar baita. Horretarako, Donna Apellaniz prestatzailea izango dugu, adimen emozionaleko irakaslea eta terapeuta emozional sistemikoa. Tailer hau hamabi urte arteko haurren gurasoentzat da.

Euskaraz egingo da eta izena ematea eskertuko da, https://labur.eus/4Amhu, 943 80 56 34 / 682 17 11 22 telefonoan.

Bigarren saioan sexualitatea landuko da: zer egin dezakegu gure haurrek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten. Saio hau otsailaren 14an landuko da, 17:30-19:00, Barrenan. Eider Goiburu hezitzaileak gidatuko du hitzaldia.

Hirugarren saioan bullying-ari helduko diogu, nola sortu ingurune seguruak bullying egoera minimizatzeko. Martxoaren 23an izango da, 18:00-19:30, Barrena Kultur etxean.

Gazteen ikuspuntua kontuan hartzeko parte hartze prozesua abiatu du Ordiziako

“Ordiziako gazteen errealitatea, erronkak eta kezkak ezagutu nahi ditugu”, azaldu du Jon Ander Caballero, Ordiziako gazteria zinegotziak. Hala, parte hartze prozesu berri bat jarri da martxan gazteekin elkarlanean Udaleko gazteria programa eraikitzeko eta erronkak identifikatzeko. “Ordiziako gazteekin batera, gazte programa imajinatu eta diseinatu nahi dugu. Gazteriaren interesak, erreferenteak eta nahiak ezagutu, guztion artean ekintza programa bat definitu ahal izateko”, gehitu du. Horretarako, Tinc kooperatibarekin batera jarri da martxan prozesua.

Inkesta martxan da

Prozesuak 3 fase desberdin izango ditu: lehenengoan, plataforma digital baten sorrera dago. Osoigo Next-en laguntzarekin eta bertan inkesta labur baten bidez datu batzuk jasoko dira ondorioak atera ahal izateko eta gogoa duten gazteak identifikatzeko ondorengo faseetan parte har dezaten. Plataforma honen helburua gazteekin konexioak sortzen hastea da, gero beraiekin elkarrizketa eta eztabaida zuzenak izan ahal izateko. Gazteria.ordizia.eus webgunea sortu da horretarako, eta gazteek bertan parte hartzen hasi daitezke dagoeneko. Urtarrilaren 20a bitartean egongo da horretarako aukera.

Bigarren fasean, ideazio prozesu bat egingo da, horretarako, Tinc-eko kideak prozesu gidatu baten bidez Ordiziako gazteei lagunduko diete ideiak eta proposamenak prestatzen gero udalari aurkeztu ahal izateko. Fase honetan gazteen sormen eta proposamen gaitasunak landuko dira eta aukera emango zaie nahi duten etorkizuna imajinatu, landu, eta prozesuaren parte izateko.

Hirugarren eta azken fasean, amaiera ekitaldia borobiltzeko ospakizun bat egingo dugu. Egun berezi bat izango da non bozketa baten ondoren sarituak izango diren proposamenei eta pertsonei eskertuko zaien egindako lana eta, hasiera emango zaio gazteek eta Udalak udalerrian egiteko hobekien baloratutako proposamena abian jartzeko faseari.

“Egitasmo hau aukera bikaina da Ordiziako herrian zer hobetu daiteken gazteen ikuspuntutik proposatzeko eta aurrera eramateko”, amaitu du zinegotziak.

Ordiziako Gaztelekuaren ate irekiak

Ordiziako Nerabeen Zerbitzutik idazten dizuegu Gaztelekuan egingo dugun bileraren berri emateko. Joan den urriaren erdialdean, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zerbitzuaren ateak ireki genizkien, aisialdian modu aktibo eta hezitzailean parte hartzera gonbidatzeko. Haiek dira gure zerbitzuko protagonistak, eta haien interesak eta proposamenak jaso ondoren, haiekin batera 2022-2023 ikasturterako prestatutako programa adostua aurkeztu nahi dizuegu. Zerbitzuaren helburuak, egiten ari garen ekintzak eta egin asmo ditugunak ezagutu eta azaldu nahi dizkizuegu. Zuen lankidetza eta parte-hartzea ezinbestekoa egiten zaigu nerabeen errespetu- eta partaidetza-balioak sustatu ahal izateko. Honetaz guztiaz hitz egiteko eta gure eskaintza helarazteko, datorren ostegunean, azaroak 24, arratsaldeko 18:30etan Lukusain plazan dagoen lokalean(https://bit.ly/3HkpL82) ate irekiak antolatu ditugu zuentzat, Ordiziako nerabeen gurasoentzat.

Skakeitan taldea Buztuntza Plazan, ekainaren 11an

Lehenengo aldiz, 'Gipuzkoan Gazte Tour' ekimena Ordiziara iritsiko da ekainaren 11an. Hala, Skakeitan talde donostiarrak kontzertua eskainiko du Buztuntza Plazan, 18:30etatik aurrera (eguraldi txarrarekin Plaza Nagusian). Sarrera doan izango da. Gainera, talde edo bakarlaria bazara, 16-25 urte badituzu eta aurretik telonero bezala jo nahi baduzu, idatzi Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera.

Adur Ezenarro Ordiziako alkatea: “Gipuzkoan Gazte Tour programa oso garrantzitsua da; izan ere, oso beharrezkoa da gazte eta nerabeei bideratutako programazioa lantzea, pandemian gehien kolpatu den adin tartea izan baita”. Ezenarrok azpimarratu nahi izan du ere kultur jarduerak eta kontzertuak “deszentralizatzeko ariketa” egiten ari direla Ordiziako Udaletik, “eta horregatik, Skaketian taldearen kontzertua Ordiziako Buztuntzako auzoan burutuko da”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak Gipuzkoan Gazte Tourraren edizio berria aurkeztu du gaur goizean. Musikarekin eta arte eszenikoekin lotutako hainbat jarduera biltzen dituen programa da, 16 eta 25 urte bitarteko gazte gipuzkoarrei zuzendua. Isaac Palencia Gazteria zuzendariak aurkeztu du programa, Maider Lainez Andoaingo alkatearekin eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatearekin batera, lehen kontzertuak egingo diren bi herrien ordezkari.

Gazteen kultura-zirkuitua lehen mailako artistekin eta Gipuzkoako tokiko talentu gazteen erakustaldiekin hasiko da berriro ere. Aurten egingo den zirkuituan parte hartuko dute 9 udalerrik. Beraz, aurreko edizioan parte hartu zuten 6 udalerriei (Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Hondarribia eta Zumarraga) Ordizia, Tolosa eta Zarautz gehitu zaizkie.

Lehenengo eguna maiatzaren 21a izango da Andoainen, eta Gipuzkoan Gazte Tourra Ordizian ekainaren 11n egingo da. Ondoren, Zarautzen izango dira ekainaren 16an, Eibarren irailaren 17an, Hondarribian irailaren 24an, Zumarragan urriaren 1ean, Tolosan azaroaren 5ean eta amaitzeko, Arrasaten eta Errenterian. Udalerri horietarako oraindik ez da datarik zehaztu.

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image