Uztailaren 24ko Gabon Zaharra (Patxi Zubizarreta)

Danborradari buruzko nire oroitzapenak gogora ekartzea erraza bezain atsegina zait. Beharbada ez direlako urte asko jotzeari utzi geniola... Lehendabizi, hilabete inguru igarotzen genuen entseguetara joaten. Santa Ana aldera inguratzen ginen halakoetan, arboledan egonaldi bat egin ondoren edo frontoian saskibaloi partidaren bat ikusi eta gero. Eta garai hartaz batez ere entseguen azken eguna datorkit gogora, izan ere orduan banda etorri eta emozioa handiagotu egiten baitzien.

Eguna iristen zenerako, barrila prest egoten zen – gau batez uretan egona, egurra prest eta txukun pintatua -, jantzi zuriak garbi eta ondo lisatuak, sukaldari txanoa behar bezala almidonatua. Eta gisa hartan jantzirik, lagunak ogitarteko bat jatera joaten ginen aurrena (Miami, Oiangu); gero Bustuntzara jaisten ginen, eta han kafe bat, kopaxka bat bartzen genuen.

Laster batean jendetza urduriaren kolore nahasmendu hura lasaitu eta sailkatu egiten zen Larizen eraginez: banda, barrilariak, danbor joleak, karrozak... Eta lehen kantuan jotzeari ekin aurretik, tronpetatxoaren lehen deia entzun aurretik, orduantxe – eta ez abenduaren 31n – sentitzen nuen beste urte bat igaro zela: 24, 25, 26... Baina ez nuen gehiegi pentsatzeko edo sentitzeko betarik izaten, berehala Antxon – aita nahiz semea- bere goilara-sardexka handiari eragiten hasten baitzen.

Lehen doinuak etxeko balkoian egon ohi zen Gurrutxaga maisuari eskaintzen genizkion. Gero, suge astu baten antzera, gudarien etorbidean gora egiten genuen. Eta ikusleak alde banatan. Eta agurrak. Eta begi keinuak. Eta etengabe Lariz. Eta frai Andres. Eta emozioa, beti bezain berdina, beti bezain desberdina. Harik eta, herria igarotakoan, Malkasko aldean, atseden ttiki bat eta tragoska bat hartzen genuen arte. Han egiten genuen ziabogan bakarrik ikusten genuen danborrada bere osotasunean. Han begiratzen kantinerei.

Danborrada hunkigarriagoa egiten zen – eta da- berriro ere herri-herrira sartu eta makila hotsa kale estuetan biderkatzean, ikusleak ondo-ondoan sentitzean, plaza gero eta hurbilago sumatzean. Eta azkenean plaza: ate guztiak zabalik dituen eszenategi erraldoia, gure historiaren lekuko isila. Eta Idiarena, eta Asisito, eta Las Olas, eta Martxaren ordua uste baino lehen. Eta denok hunkipen berean preso, daudenak eta ez daudenak.

Tronpetaren deia plazan ozenagoa egiten da, oilo ipurdia ateratzen dizu. Denak adi daude, erne baino erneago, eta begiak Ana, Antxon, Iñakirengan jarriak. Iritsia da Martxaren ordua. Adi eta erne, hortaz, eta sentimenduak borborka, eskuetan dardarazioa. Baina musika aurrerago eta norbera lasaiago sentitzen da, eta gogotik jotzen duzu, hunkiturik,.Harik eta, oihartzun urrun baten antzera, berriro ere amaierako tronpeta deia entzuten duzun arte.

Aurtengoa ere igaro dela sentitzen duzu txalo zaparrada entzutean. Nekatua sentitzen zara, baina dagoeneko pozaren pozez daukazu zure barrena. Eta Baaat, Biii, Hiruuu, Laaau, Booost, Seeei, Zaaazpi, kanpora! Haur batek makilatxo bat eman diezaiozula eskatzen dizu. Ez emateko esana dizute, baina haren begiei erreparaturik ezin ukatuko diozu.