Image
Image

Kirolean ere, euskara sustatuz

Ordiziako Udalak, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) barruan, herriko sektore eta esparru guztietan euskararen erabilera bermatu nahi du. “Helburu orokor horren barruan kirol-arloa euskalduntzeak lehentasun osoa du”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Euskararen erabileran eragiteko, kirolak hainbat ezaugarri ditu esparru estrategikotzat jotzeko:

- Kirol-taldea gazteen sozializaziorako eremu funtsezkoenetakoa da. Taldeak indarra du hizkuntzen ohituran eta, aipatutako sozializazio hori euskaraz egiten bada, primerako aukera da gazteen artean euskararen aldeko ohiturak errotzeko.

-Kirola, eskolatik kalera igarotzeko zubia izan daiteke. Kirola da gazte askorentzat eskolatik kanpo euskararekin harremana mantentzeko aukera bakarra.

-Kirolean antolaketa helduen esku egoten da eta protagonistak gazteak izaten dira. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestua izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko.

-Entrenatzailea erreferente dute gazteek eta erabiltzen duen hizkuntza edo hizkuntzarekiko duen jarrera giltzarria da taldearen euskararen erabileran.

Ordizian azken urteotan elkarrekin egindako lanak erakutsi du kirol elkarteak euskararen erabilera sustatzen egindako ekarpena eta ahalegina handia izan dela. “Elkarteetan borondatezko lan asko egiten duzue eta zenbaitetan baliabide gutxirekin; baliabide horiek ematea eta elkarlanean aritzea lehentasunezkoa izango da Udalarentzat”, gehitu du.

2011.urtean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatu zirenetik hainbat zeregin egin dira, eta etorkizunera begira ere bide berean jarraitu nahi dela zehaztu du alkateak. Hala, kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko sinatutako hitzarmenak berritu dira honako elkarteekin:

OKE Urpekoak, Goierri Gorri elkartea, Ordiziako Mendizaleak, Nesken Areto Futbola elkartea, Ordiziako Lareo Tenis Kluba, Ordizia Triatloi taldea, Emaneurre elkartea, Oiangu Pilota elkartea, Txindoki Atletismo taldea, Txapagain elkartea, OKE Igeriketa, OKE Saskibaloia, Ordizia Rugby elkartea, OKE Futbola, Ordizia Eskubaloi elkartea, Ordizia Txirrindularitza, OKE Gimnasia Erritmikoa.

Ordiziarako Euskaraldiko dinamizatzailea behar da

LAN ESKAINTZA! Ordiziarako Euskaraldiko dinamizatzailea behar da. 4 hilabeterako lan kontratua da, lanaldi erdian. Izena ekainaren 28rako eman behar da. Xehetasunak hemen: https://labur.eus/dKKpm

Informazioa: 

Lan jardun erdiko lanpostua estali nahi da, Ordizian Euskaraldia ekimena dinamizatzeko. 4 hilabeterako lan kontratua eskaintzen da, irailaren 1ean hasita. Ordiziako Euskaraldia ekimenaren baitako eragiletza lanak bere ardurapekoak izango dira eta honako zereginak izango ditu, besteak beste:

  • Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
  • Euskaraldiko Batzordea ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatu.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatu.
  • Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatu.
  • Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostu herriko euskaltzaleekin.
  • Ekimenaren aurrekontua kudeatu.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatu. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egon.

Baldintzak

Honako baldintzak betetzea eskatuko zaie hautagaiei:

  • Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
  • Ordizia ondo ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna izatea ezinbestekoa da.

Laburpena

Lekua: Ordizia Gipuzkoa

Enpresa: Euskaltzaleen Topagunea

Lan mota: Jardunaldi laburra

Soldata:

Hautaketa prozesuaren jarraibideak

Curriculumak eta motibazio gutunak, Lansarean webgunearen bidez edo posta elektronikoz bidali behar dira: mikelHelbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.eus helbidera. Epemuga: ekainak 28

Udalekuak: onartuen zerrenda

Udalekuak 2022: aurretiko izen-ematea egin duten haur guztiek izango dute plaza eta maiatzaren erdialdean bidaliko zaizue behin betiko izen-ematea egiteko dokumentazioa

Zerrenda

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia

Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamabigarrenez Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko Udalek elkarlanean.

Pasa den apirilaren 4an zabaldu zen 2021eko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik.

2010az geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea.

Kanpainako datei dagokienez, hauexek dira aurtengoak:

  • Apirilaren 4tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute.
  • Errenta aitorpena internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 12an hasi eta ekainaren 8an amaituko da.

Errenta aitorpena egiteko 3 bide

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:

  • Auto-likidazio proposamena. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
  • Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.
  • Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke.

Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua gora

 Azken 11 urteetan, 2009tik 2020ra, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan da: Ordizian %8,29tik %21,78ra igo da, Beasainen %8,37tik %20,89ra eta Lazkaon %15,52tik %30,52ra.

“Aukera badugu euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin badugu ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin dezakegu. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatzera gonbidatu nahi ditugu goierritarrak, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako” adierazi dute hiru ordezkariek.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image