Ordizia

Ordiziak ondare natural, historiko, arkitektoniko eta kultural aberatsa du. Goierriren erdigunean kokatzen da, Donostiatik 30 minutura soilik, eta eskualdea ezagutzeko sarbide ezin hobea da. Hala ere, bailaran barneratu aurretik, Ordizian bertan aukera asko dituzu eskura.

Berezi egiten dute asteazkenetako asteroko azokak eta Erdi Aroko hiribildu historikoak, bere eraikin eta monumentu adierazgarrienekin. Herriaren nortasun ikurra diren ezaugarri hauek ondo ezagutzeko bisita eta jarduera ugari antolatzen dira. Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala duzu aukeran. Gainera, D’elikatuz interpretazio zentroan Goierri eskualdeko altxorrak ezagutzeko parada eta informazio guztia topatuko duzu. Bestalde, naturaz gozatzeko, Ordiziako hirigunetik minutu gutxira dagoen Oiangu landa parkeko paraje zoragarria bisita dezakezu, Aralar naturparkera sarbide aproposa.

Honi guztiari Ordiziak urtean zehar eskaintzen dizun etenik gabeko ekitaldi-programa aberatsa gehitzen badiogu, ba al duzu Ordiziara etortzea baino plan hoberik?