2021eko MARTXOAREN 8a DELA-ETA ADIERAZPEN-EREDUA. ZAINTZA BERDINTASUNEAN. 

Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean Krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola krisi ekologikoa eta zaintzen krisiekin. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: pertsonen bizitza zaurgarria da, eta jendarte ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazioestatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira.

Berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizikalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintzasistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Gure gizarte-ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (guraso bakarreko familien buruak, behartsuenak, kolektibo zaurgarrietakoak, indarkeria matxistaren biktimak...) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza-zamaren ondorio negatiboak.

Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero. Bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko.

Udalak gaude lehen lerroan, pandemiari eta hark pertsonengan dituen ondorioei aurre egiten, eta liderrak izan behar dugu zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta, eta arreta emanez gizon eta emakumeen baldintza eta inpaktu desberdinei. Erakundeok koordinatuta egoten jarraitu behar dugu, eta bideak zabaldu behar ditugu herritarrek, eta bereziki mota askotako emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak, benetan eta modu eraginkorrean parte har dezaten erabaki publikoetan.

Horregatik guztiagatik, Udal honek, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu: 

- Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.

- Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.

- Adibidez, pertsona ahulenen egoera eta beharrak aztertuz, besteak beste: bakarrik bizi diren adinekoak (nagusiki isolatuak bizi direnak eta emakumeak), familia zaurgarriak, guraso bakarreko amak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta haurrak, kalean dauden pertsonak, familia-eremuko langile eta zaintzaileak (ordainduak eta ez ordainduak), emakume langabeak, iritsi berri diren pertsonak, mendekotasuna eta ezgaitasuna duten pertsonak, etab. Beti ere ikuspegi feminista eta tokiko eragile sozialen parte-hartzea bermatuz, bereziki emakume eta feministena.

- COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean. 

- Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere. Horretarako zaintzaileen baldintzak (ordainduak eta ez ordainduak) duintzeko ekintzak burutzea: informazioa, aholkularitza, eredu kooperatiboak bultzatzeko laguntza-ildoak, etab.

- Ordiziako Udalen III. Berdintasun Planean, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna. Horretarako Emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak bultzatzea, kolektibo feministen eskutik, gure herriko emakumeen ehun-soziala indartzeko, premisa feministetatik eta ahalduntze-premisetatik.

- Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.

- Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea, zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskaintzea eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraztea. Premisa feministetatik abiatuta, zaintzei buruzko herri eztabaida-guneak irekitzea, askotariko kolektibo sozial, administrazioa eta gure udalerrian dauden beste sektore batzuk inplikatzea, eta zaintzen erantzunkidetasunerako tokiko itun bat bultzatzea.

- Zeharka, identifikatu diren Udalerriko emakume zein kolektibo feministek parte hartzeko bideak irekiko dira, identifikatu diren jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.

- Harrera publiko-komunitarioko programak sustatzea iritsi berriak diren pertsonentzat, tokiko eragile sozialen parte-hartzearekin eta kolektibo ahulenei arreta berezia jarriz, generoikuspegia aplikatuz.

- Udal honetako zinegotzi guztiei ondorengo proposamena egiten zaie: osoko bilkura honetara etortzeagatik dagokien diru-kopurua edo soldataren zati proportzionala 8M plataforma feministara bidera dezatela, 2021eko martxoaren 8ko ekimenetara bideratzeko. 

Ordiziako Udalak herritarrak deitzen ditu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik Mugimendu feministak Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan eta ekitaldi desberdinetan aktiboki parte hartzera