HOTEL BAT ERAIKITZEKO FILIPINAK 6 KALEKO UDAL PARTZELA SALGAI JARRI DA
2018 Maiatza 21
Iniziatiba adosteko eta Plan Berezia eta baldintza plegua onartzeko prozesua 2016ean hasi zen
Ordiziako Udalak Filipinak kaleko 6. zenbakiko lur-zatia salduko du horretan hotel bat eraikitzeko. Lehiaketako baldintza-agiria astelehen honetan (maiatzaren 21a) eman da argitara Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta lehiaketan interesa duten pertsona edo entitate juridikoek hamabost eguneko epean, ekainaren 5erako, aurkeztu beharko dute eskaintza. Jose Miguel Santamariak (alkatea) eta Jose Ignacio Iturriotzek (Garapen Ekonomikoa, zinegotzia) une honetara iristeko ibili den bide luzearen berri eman dute, eta pozik agertu dira lursail hau balorean jarri y udalerrirako beharrezkoa den zerbitzua, hotela, izatea ahalegintzeagatik.
Proiektu horretarako erabiliko den lurzatia udalarena da 1955eko uztailaz geroztik.Lur-zatiaren barruan dago garai batean osasun-zentroa eta gerora Gaztetxea izan zen eraikina.Hutsik dago, eta ez zaio erabilerarik eman 2012az geroztik, beharrezkoak diren segurtasun- eta bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituelako, eraikinaren egoera zein zen orduan kontratatutako enpresa batek egindako txosten teknikoaren arabera.
Lur-zatia etxebizitzarako bideratuta zegoen.'Alabaina, hotel bat eskaintzeko aukera ikusi genuen, konpondu beharreko kontu bat hori; izan ere, paradoxikoa da halako baliabiderik ez edukitzea turismo-merkatuan leku bat izan nahi dugunean, eta Gipuzkoako hotel-jarduerak hazkuntza nabarmena izan duenean, Donostiak duen asetasunaren ondorioz. Baliatu beharreko aukera dugu hori. Horregatik, gaztetxea izandako lursailean hotel bat egiteko aukera proposatu zitzaion gobernu-batzordeari', adierazi die alkateak hedabideei.
Partzela besterentzeko aldeko txosten juridikoa eta erabilera aldatzeko Plan Berezia