Garapenerako lankidetza laguntzak banatu dira

Ordizia. Garapenerako lankidetza hitzarmena. ONG. GKE

Ordiziako Udalak garapenerako lankidetza laguntzak banatu dizkie GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeei, gaur goizean Udaletxeko pleno aretoan egin den ekitaldian. Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, hala nabarmendu du: “Ordizian errotuta dagoen laguntza hitzarmenak dira, eta egiten duten lana aitortu eta eskertzeko modu bat da hau”.

Aurten, guztira 11 proiektu aurkeztu dira, eta horietako zazpiri diru laguntza ematea onartu da; guztira, 74.263,43 euro. Laguntza jaso ez duten elkarteek epez kanpo aurkeztu dute haien proiektu proposamena edo ez dituzte baldintzak bete.

Gauzak horrela, honako erakundeak eta proiektuak lagunduko ditu diruz Ordiziako Udalak:

  1. LANKIDETZARAKO INGENIARIAK: 6.000 euro. Afrikan zentratuko da erakundea eta bertan, uraren arazoari irtenbide ematen saiatuko dira; hala nola, bertan euria egiten duenean ura bideratzeko sistemak garatuko dira, bestela, kontaminazio handia dago eta. 22 lanpostu berri sortzea espero dute.
  2. ETIOPIA UTOPIA FUNDAZIOA: 11.080,18 euro. 10. Urteurrena betetzen du aurten elkarteak eta emakumeek Etiopian duten egoera hobetu nahi dute. Besteak beste, emakumeen elkarteak sortu nahi dituzte, hilekoa normaltasunez lantzen hasteko eta formazioa ematen jarraitzeko osasun aldetik.
  3. TAUPADAK GARAPENERAKO GOBERNUZ KANPOKO ELKARTEA: 9.485,69 euro. Emakume indigenei babesa ematea haien familien elikagai segurtasuna bermatzeko. Bolivia.
  4. ASAMBLEA DE COOPERACIÓN POR LA PAZ: 12.000 euro. El Salvadorren garatuko da proiektua, emakumeak erdigunean jarriz. Besteak beste, abortoak izateagatik jasaten den errepresioa eta kartzela jarriko dituzte ezbaian, eta pedagogia lanketak indartuko dituzte.
  5. MEDICUS MUNDI GIPUZKOA: 11.988,36 euro. Indian garatuko den proiekturako jasoko du laguntza, non formakuntza espazioa eta osasun kanpainak indartzea duten helburu.
  6. SAN VIATOR (SERSO) SERVICIO DE SOLIDARIDAD EUSKAL HERRIA: 11.869,05 euro. Hondurasen, giza eskubideen aldeko lanean jarraituko dute. Bertako eskualdeetan giza eskubideen taldeak sortzea dute xede, urtean zehar dauden hilketak jaisteko helburuz.
  7. NAZIOARTEKO ELKARTASUNA: 11.840,15 euro. Senegalen, uraren eta garbitasunaren gaia landuko dute. Ura banatzeko sistemak jarri izan dituzte abian eta orain sare hori amaitu nahi dute.

'Denda txiki, herri handi' kanpaina, tokiko merkataritzaren alde

Ordizia. Herri txiki denda handi. Ordizian

Ordizian Elkartearen eta Ordiziako Udalaren eskutik sentsibilizazio eta dinamizazio kanpaina bat abian jarriko da datorren astelehenean, hilak 16, eta bertan 1.000 sari zuzen baino gehiago banatu eta erosketa-txartelen zozketan parte hartzeko aukera emango du.

Tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko helburuarekin, udalerriko dendak dinamizatzeko balioko duen sentsibilizazio-kanpaina izango da hasiko dena, eta, horrez gain, hurbileko merkataritzan kontsumoaren garrantzia azpimarratu nahi da, bai Gabonetan, bai beste kanpaina batzuetan, bai urte osoan zehar. Abenduaren 24ra arte, kanpainan parte hartzen duten dendetan erosketak egingo dutenek "Hazkatu eta irabazi" txartelak jasoko dituzte, 1.140 sari zuzenetako bat eskuratzeko aukerarekin (erosketa-poltsak, aterkiak, katiluak eta baleak 3€, 5€ eta 10€) eta 150 €, 100 € eta 50 € balio bakoitzeko erosketa- txartelen zozketan parte hartzeko aukerarekin ere.

Gainera, aurreko urteetan bezala, Ordizian Elkarteak lau photocall jarriko ditu herriko lau puntutan, ordiziarrak eta bisitatzen gaituzten pertsonak Olentzeroren, Mari Domingiren eta hiru erregeen irudiarekin argazkiak atera ahal izateko "Nik ere nire erosketak Ordizian egiten ditudalako" mezuaren ondoan. Photocall-ak abenduaren 18tik urtarrilaren 3ra bitartean egongo dira instalatuta, eta azken egun horretan, 300 €-ko sari bat zozketatuko da argazkia egitera animatu eta photocalletan adierazitako whatsapp zenbakira argazkiak bidali dituztenen artean. Saria osoa erregeen eguna baino lehen trukatu beharko da.

Herriko kaleak apaintzeko baliagarriak izango dira photocall-ak, abenduaren 13tik aurrera herriko kaleak apaintzeko piztuko den argiteria eta denden Gabonetako erakusleihoekin batera. Horietatik 16 dendek ohiko Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartuko dute eta lehenengo hiru sailkatuek 50€, 100€ eta 150€-ko erosketa- txartelak irabaziko dituzte.

Ordizia Zabalik laguntza programarako, 21.600 euro

Ordizia Zabalik

Ordizia Zabalik laguntzaren seigarren deialdiaren bitartez herriko merkataritza biziberritzen jarraitzeko 21.600€ euroko aurrekontua bideratuko du Ordiziako Udalak.

Ordiziako Udalak 'Ordizia Zabalik' laguntza programaren deialdi berria ezagutzera eman du, belaunaldien arteko erreleboa, negozio berritzaileak eta ekintzaileei orokorrean zuzendutako laguntza prorgrama. Helburua merkataritza lokal hutsak berreskuratzea da, pertsona ekintzaileen bidez, eta baita belaunaldien arteko erreleboari erantzuna emanez. 

PERCOk, Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak, jasotzen duen jarduketa-ildoetako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea, Ordiziako merkataritza eta ekonomia biziberritu egiten zituena, merkataritza-lokalei erabilera berriak emanez; eta proiektu hori abian jartzearekin batera, Ordiziako merkataritza eta ekonomia biziberritu egin ziren, eta, horri esker, merkataritza-lokalei erabilera berriak eman zitzaizkien, eta, ondoren, horri jarraipena eman zaio oraingo seigarren deialdira iritsiz.

Aurreko bost deialdietan, guztira 37 ekintzaile izan dira laguntza-programan, eta ekintzaileen jarraipena %75etik gorakoa izan da, oraingo honetan aurrekontua zazpi eskaera berriei erantzuna emateko baliagarria izango delarik. Oraingo deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean azaroaren amaieran argitaratu zen, eta eskaera egin nahi dutenek, beren proiektua balioesteko eta adjudikazioduna izateko, abenduaren 18ko epemuga dute, dagokion dokumentazioa aurkezteko.

'Ordizia Zabalik' hiru norabidetan landutako proiektua da. Batetik, herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira ekintzaile berrien bitartez. Bigarrenik, herriko gune desberdinetako beharrak asebete nahi dira, eta hirugarren eta azkenik, belaunaldi aldaketari erantzun bat eman nahi zaio. Beraz, Ordiziako Udalak 21.600 euroko diru partida bideratuko du deialdi honetarako, eta diru kopuru hori ekintzaileei lokalaren alokairuaren zati bat ordaintzeko erabiliko da. Laguntza hori gehienez ere bi urtez jaso ahal izango da, 2019ko urtarriletik atzeraeraginezko izaerarekin: lehenengoan, Udalak %40 finantzatuko du (300 euro gehienez hilean) eta bigarrenean %25 (hilean 200 euro gehienez).

Ordiziako merkataritza-dentsitatea azpimarratzekoa izanik, 200 bat establezimendu 10.000 biztanle baino gehiagorako, Udalak lehiakortasuna indartu nahi du eta udalerriko merkataritza-sektorea osatzen duten saltokien, zerbitzu-enpresen eta ostalaritza-establezimenduen jarraipena bermatu.

Bete beharreko baldintzak:

  • Ordiziako lokal komertzial batean jarduera ekonomiko bat hasteko interesa duen edozein pertsona fisiko edo juridikori zuzenduta dago, bizilekua edozein dela ere.
  • Hutsik dauden merkataritza-lokaletan jar daitezkeen jarduerak honako hauek dira: txikizkako merkataritza, elikagaigintza-sektorea, pertsonei zuzendutako zerbitzu-enpresak, interesekotzat jotzen den beste edozein eta zona komertzialaren biziberritzeko ekarpenarekin koherentea dena, betiere merkataritza-jarduera badago.
  • Lokal huts bat berreskuratzeko eskatzen duten ekintzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte: negozio proiektu bideragarri bat izatea, eta proiektu berriaren xede den lokalaren jabeak proiektu honetan parte hartzeko eskaera-inprimakia aurkeztu izana, proiektu horretan parte hartzeko eskabide-orria, ekintzailearen curriculuma eta jardueraren memoria-proiektua, hain zuzen ere.

Pertsona ekintzaileentzat eta hutsik dauden lokalen jabeentzat izena emateko bidea Ordiziako Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoan inprimaki bat betetzea da. Programaren inprimakiak eta oinarriak Udalaren web orrian (www.ordizia.eus) eta Herritarren Arretarako Bulegoan kontsultatu ahal izango dira. Oinarri arautzaileetan jasotako epaimahai kalifikatzailea izango da laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

Informazio gehiago jasotzeko idatzi Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera. 

Olano harategiak irabazi du Gipuzkoako Odolki Lehiaketa

 Gipuzkoako odolki lehiaketako saritu epaimahai eta ordezkariak

Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua izan dute asteazken honetan,  azaroaren 27an,  Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Gipuzkoako XXI. Odolki lehiaketan; 17 izan dira parte hartu dutenak. Aurtengoan, iazko moduan, Beasaingo Olano Harategiak irabazi du, txapela, garaikurra eta diploma jasoz. Bigarren saria ere beasaina joan da, Muruazpi harategira. Hirugarrena, berriz, Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Debak eskuratu du. Laugarren eta bosgarren postuak Jose Antonio Izagirre arrasatearrak eta Eibarko Mujika harategiak osatu dute.

SAILKAPENA:

  • Olano harategia: 99 puntu
  • Muruazpi harategia: 88 puntu
  • Jesus Mari Deba 82: puntu
  • Jose Antonio Izagirre: 79 puntu
  • Mujika Harategia: 62 puntu

Odolki onena zein den erabaki duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatua egon da. Aurtengoan, Ordizian izan dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika  eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxita Mujika tabernari ohia (Ordizia), Luis Mokoroa (Euskal Gastronomia Anaiarteko Lehendakaria), Fede Pacha  irakaslea (Luis Irizar sukaldaritza eskola, Donostia), Laura Tamayo (Basque Culinary Center-eko irakaslea),  Nuria Perez (Goierri Telebista) eta Lierni Elortza (Goierriko Hitza) kazetariak eta Jone Karres (turismo gastronomikoan aditua).
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.