Tipi: "Buztuntza auzoan pasealeku ondoa berritzeko beharra nabarmendu da"

Urdaneta Eskola Ordizia. Buztuntza. Tipi

Buztuntzako auzoaren eraberritze proiektuaren baitan, Tipi enpresa ari da arduratzen parte hartze prozesuez. Hemen elkarrizketa:

1 ) Zein balorazio egiten duzue Buztuntza auzoaren eraberritzearen inguruko parte hartzearen inguruan?

Balorazioa positiboa da. Auzoko eragile ezberdinak presente egon dira gauzatutako ekintzetan: Eskolako zuzendaritza, Guraso Elkartea, komertzioetako pertsonak, auzotarrak orokorrean... eta hori garrantzitsua da. Prozesu parte-hartzaile bat planteatzean, kuantitatiboa bezain garrantzitsua da informazio kualitatiboa lortzea, eta prozesu honetan hainbat mekanismo ezberdin jarri dira martxan informazio anitzak jasotzeko eta parte-hartzeko modu ezberdinak ahalbidetzeko (tailer presentzialak, sakoneko elkarrizketak, online galdeketak, inkesta telefonikoak). Orain gainera, urte bukaerara artean, zenbait saio garatuko ditugu Urdaneta eskolako haurrekin beraien ikuspegia eta beharrak ere proiektuan txertatzeko.

2) Jendearen iritziek zer adierazten dute? Zerren beharra ikusten dute, orokorrean?

Behar handia dago orokorrean kale eta espaloiak atontzeko eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Honez gain, bereziki nabarmendu da ibai ondoko pasealekua berritzeko eta irisgarri egiteko beharra. Jende nagusi askok erabiltzen duen tokia da hori, auzoko altxor txiki bat, baina zorua zaharkituta dago eta Gudarien Etorbidearekin konektatzen duten eskailerak muga handia dira. Buztuntza eta Idoiaga plazak atontzea, goxoagoak egitea eta bertan erabilera berriak ahalbidetzea ere hainbatetan errepikatu diren eskaerak dira.

3) Goiko galderaren erantzunari jarraituz, zein zailtasun egon daitezke behar horiek lortzeko?

Egia da auzoko kale eta plaza guztiak berritu eta irisgarri egitea inbertsio handia dela. Ondorioz, faseka planteatu beharko da hobekuntza horien egikaritzea. Hala ere eta horregatik, garrantzitsua da Plan Integrala bere osotasunean irudikatzea, hau da, hobekuntzak planteatzean auzoaren ikuspegi integrala aintzat hartzea, ondoren, gutxi-gutxika gauzatzen joan arren estrategia global eta zentzuzko bati erantzun diezaion.

4) Jendearen eskariak betetzen badira, eraldaketa nabarmena izango du auzoak?

Baietz esango nuke, eraldaketa nabarmenak baina aldi berean oso ikusgarriak izan behar ez dutenak. Espaloiak zabaltzea, zebrabideetako altueratxoa kentzea, oinezkoen eguneroko ibilbideei erantzungo dieten bideak erraztea... aldaketa txikiak eman dezakete baina egunerokoan inpaktu handi-handia dutenak, batez ere mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat eta zaintza lanak gauzatzen dituzten horientzat. 

5) Beste herriren batean egin duzue holako galdeketarik? Zein ondorio izan du?

Herri eta hirien diseinuaren inguruan erabakiak hartzean funtsezko deritzogu bertako herritarren beharrak eta proposamenak jasotzeko mekanismoak ahalbidetzea, eguneroko bizitza hobetzeaz ari baikara, eta herritarrak dira eguneroko hori hobeen ezagutzen dutenak. Eta helburu horrekin, garatu izan ditugu bai beste herri batzuetan antzeko prozesuak espazio publikoa hobetzeari bideratuta. 

Lekeitioko San Andres auzoan adibidez etxe inguruetako kale eta berdeguneak guztiz aldatu ziren auzotarrekin batera diseinatutako plan baten ondorioz. Oinezkoentzako bide eta txokoak handitu egin ziren nabarmen, kotxeen presentzia gutxitu egin zen, kota aldaketak desagerrarazi egin ziren irisgarritasuna handitzeko, suhiltzaileen kamioia igaro ahal izateko bideak zabaldu ziren etab.

Durangon adibidez espazio publikoaren diagnosi bat gauzatu genuen, baina kasu honetan herriko emakumeekin. Hainbat espazio identifikatu ziren, bai segurtasun sentsazio eza transmititzen zutelako, edo bai egurerokotasunean zaintza lanak egitea oztopatzen zutelako. Diagnosi horren ondorioz Udalak hainbat neurri jarri zituen martxan leku horiek hobetzeko, batzuetan espezifikoak, beste batzuetan orokorragoak (argitasuna, irisgarritasuna, ikusgarritasuna etab.).

* hurrengo pausuak

Orain estudio.k arkitektura estudioa Plan Integralaren aukera ezberdinak marrazten ari da auzotarren iritzia abiapuntutzat hartuta. Prest daudenean, bilera bat antolatuko dugu aukerak ezagutarazteko eta astebetean zehar ikusgarri egongo dira herritarrek ikusteko eta horien inguruko iritzi eta balorazioak egiteko.

Balorazio horiek aintzat hartuta, estudio.k-k planaren behin-betiko bertsioa marraztuko du eta azken bilera bat antolatuko duzu berau aurkezteko.

Aldi berean, orain hasi eta urte bukaerara arte Urdaneta Eskolako haur eta irakasleekin elkarlanean ibiliko gara umeen beharrak eta proposamenak jasotzeko. Proposamen hauek Planaren behin-betiko bertsioan txertatuko dira.

Autodefentsa feminista tailerrak

Autodefentsa 2019 3

Azaroaren 25aren testu inguruan datorren larunbaterako Autodefentsa feminista tailerra antolatu du Udaleko Berdintasun sailak, kasu honetan emakume helduentzat (18 urtez gorakoak).

Ahalduntzetik gure bizitzaz jabetzeko, indarkeria egoei segurtasunez aurre egiteko; geure buruarengan konfiantza berreskuratuz, zainduz eta mugak jarriz.

Autodefentsa tailerrean emakumeen bizipenak abiapuntutzat hartuta, emakumeon askatasuna urratzen duten indarkeria mota guztiei aurre egiteko baliabideak irakatsiko dira. Emakumeen jabetza sustatuz, indarkeriari aurre egiteko aukerak eta erantzun indibidual eta kolektiboak eraikiko ditugu. Metodologia oso dinamikoa eta parte hartzailea izango da.

II Berdintasun planaren ildo estrategiko bat da Emakumeon jabekuntza eta indarkeria matxistaren prebentzioa lantzea.

TAILERRAK

  • AZAROAK 16, larunbata, 10:00-14:00 eta 15:30-19:30, AUTODEFENTSA FEMINISTA TAILERRA EMAKUME HELDUENTZAT  
  • ABENDUAK 7, larunbata, 10:00-14:00 eta 15:30-19:30, AUTODEFENTSA FEMINISTA NESKA GAZTEENTZAT (15-18 URTE) 

Izen ematea irekia:

  1. Tailerra - azaroaren 14ra arte
  2. Tailerra - abenduaren 4ra arte

Non: Berdintasun saila (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.)   / 943805610

Haurrak protagonista Buztuntzako eraberritze prozesuan

Urdaneta Eskola. Buztuntza. Parte hartzea

Adur Ezenarro alkateak Urdaneta Eskolako haurrei laguntza eskatu die Buztuntza auzoaren eraberritze prozesuan; izan ere, Ordiziako udalarentzat funtsezkoak dira haurren iritzi eta proposamenak.

Asteartean hasi dute Urdaneta eskolako haurrek Buztuntza auzoko prozesuaren baitan Ordiziako Udalak beraientzat espresuki abiatu duen parte hartze prozesua. Udal Gobernuarentzat “oso garrantzitsua da haurrek duten iritzia ere entzutea Buztuntza auzoko eraberritze prozesuan” eta horregatik, hasi dituzte saioak gaztetxoenekin.

Prozesu honetan Urdanetako Eskolako haurren ikuspegia eta beharrak txertatzea da helburua; haurrek herriarekiko duten ikuspegia balioan jarriz eta lan kooperatiboa eta parte-hartzearen inguruko esperientzia positiboa sortzeaz gain. Hala, bi fasetan banatuko da; hasiera batean eskola inguruko espazio publikoa aztertuko da gaztetxoekin, eta ondoren, detektatu diren behar horien gainean proposamen eta erabilera zehatzak planteatuko dira. Lehen saioa aste honetan hasi dute, ikasle batzordearen lehen saioarekin. Bertan Adur Ezenarro alkateak pertsonalki ikasleen ordezkariei laguntzak eskatu die, udalak auzoa eraberritzeko hartu behar dituen erabakietan euren ekarpenak txertatzeko.

Tipi enpresako arduratuko da parte-hartze prozesuaren kudeaketaz.

Hemen, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen azalpena: https://youtu.be/RndQWiUXfuo 

Ortzadar argazki elkartearen erakusketa, zabalik

Ortzadar

 

Gaur, ostirala, 19:00etan, inauguratuko da Barrena kultur etxeko erakusketa aretoan Ortzadar Elkartearen argazki erakusketa. 

Azaroaren 11tik 29ra egongo da ikusgai X. erakusketa eta ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da.

Ortzadar Argazki Elkarteko hainbat partaideren lanak daude ikusgai: Anaitze Jauregi, Amaia Oar-Arteta, Angel Fernandez “Sakatxa”, Carlos Iraeta, Francisco Albarran, Iñaki Hidalgo, Jose Ignacio Rodriguez, Joxemi Romero eta  Miguel Cavero, besteak beste.

Erakusketan Ortzadarreko 9  bazkideren 34 argazkiak jasotzen dira eta beraien begiradaren bitartez, irudien bitartez, paisaiak, begiradak, objektuak, uneak eta abar jasotzen dira era oso pertsonalean eta aparteko sentipen eta emozioak eskaini eta islatzen dituzte.