"Ordiziarren bizi kalitatea hobetzeko aurrekontu proposamena aurkeztuko dugu"

Aurrekontuak 2020

Ordiziako Udal Gobernuak datorren asteko astelehenean, martxoaren 16an, ez ohiko Plenora eramango ditu 2020rako proposatuko dituen aurrekontuak, 15 miloi t’erdi euro inguruko aurrekontu proiektua; 15.614.380,62 eurokoa hain zuzen.

Osoko bilkura monografikoa izango da, herriaren egonkortasuna bermatzeko aurrekontuek duten garrantzia kontuan izanda. “Legegintzaldia hasi dugun unetik, guretzat, lehentasuna izan da aurrekontuak aurrera ateratzea. Ordiziaren egonkortasuna eta garapena bermatuko duen proiektua da bi alderdiok aurkezten duguna, eta horretarako, lanketa zabala egin dugu, ordiziar guztien iritzia kontuan hartuko duten aurrekontuak izan daitezen”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Ordizia Orainekin elkarlanean burutu du Udal Gobernuak aurrekontu proiektua, eta gainerako alderdiei ere aurkeztu zaie proposamena. Oraindik ere ekarpenak jasotzeko irekita dago beraz aurrekontu proiektua, gainontzeko alderdiek egitasmoak aurkeztu nahi badituzte.

2020ko aurrekontu proposamen honen abiapuntua Udal Gobernuaren programa izan da eta Ordizia Orainen lankidetzarekin osatu da. Hala ere, hasieratik, Udal Gobernuak herritarren iritzi eta proposamenak jasotzea beharrezkotzat jo du eta horregatik herriko 7 auzoetan, eta Ordiziako hainbat esparrutako eragilerekin bilerak egin dira. “Egindako ekarpenek isla zuzena dute martxoaren 16an onartzera daramagun proiektuan”, gehitu du alkateak, hain zuen, herritarren 15 proposamenetik jasoko ditu aurrekontu proiektuak.

Legegintzaldi planaren oinarri

Aurrekontu proiektu hau datozen lau urteetarako estrategiaren barnean kokatzen da eta 2019-2023 legegintzaldi planaren abiapuntua izango da. Plan honek erabateko garrantzia du, urte batetik bestera jarraituko diren lan ildoak ezartzen direlako bertan.

Datorren apirilaren 5ean ospatuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak, eta horrek, legegintzaldi planaren aurkezpena atzeratzera behartu du. “Udal Gobernu honek ez du inertziaz jokatuko; etorkizuneko Ordizia eraikitzea da gure helburua, eta plan horretan oinarrituko gara datozen urteetan”, zehaztu du Ezenarrok.

Hiru milioi, hamaika proiektu

Helburu nagusia ordiziarren bizi kalitatea hobetzea denez, esparru asko hartuko ditu aurrekontu proposamenak. Horren harira, hiru milioi euroko inbertsio anbiziotsua aurkeztuko dute bi alderdiek, non pertsonen bizitza hobetzeko azpiegiturak aurrera eramateaz gain, pertsonengan inbertitzea izango den lan lerro nabarmena.

Honela, inbertsioen zati bat azpiegitura eta Udal eraikinak eraberritzeko bideratuko da, kale eta espaloiak eraberritzeko, Majoriren eraberritzearekin jarraitzeko, baina etorkizuneko lanen proiektuak burutzeko ere, auzoen urbanizazio proiektuak, eta irisgarritasuna hobetzekoak, besteak beste.

Beste zati handi bat, ordea, pertsonetara bideratuko da; hala nola, eguneko arreta zentroa egitera edo etxez etxeko laguntzak handitzera, baina baita ordiziarren heziketa eta parte-hartzea sustatzera. Hiri hezitzailea birpentsatzera eta hezkuntza mahaia sortzera, edota parkeen eraberritze plangintza herritarrekin adostera, batez ere erabiltzaile diren haurrekin.

Zehar-lerro nagusia, bestalde, klima larrialdiari erantzutea da, udal eraikin guztien energia auditoriak burutuz, energia berriztagarrien erabilpena sustatuz, eta argiteriaren aldaketarekin jarraituz.

Alkateak azaldu moduan, oraindik ere irekita dauden aurrekontuak dira, hobetuko dituzten ekarpen eraikitzaile guztietara irekita dagoelarik Udal Gobernua. Hala ere, Udalaren eta herriaren egonkortasun eta garapenerako ezinbestekoa da aurrekontuak lehenbailehen izatea, ordiziarren bizi kalitatea hobetzeko lehen urratsa baita.

Euskal akuarelarien elkarteko erakusketa zabalduko da ostiralean

Captura de pantalla 2020 03 05 a las 10.37.47

Datorren ostiralean, martxoaren 6an, Barrena Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan Euskal Akuarelarien Elkarteko erakusketa inauguratuko da. Bertan 30 artisten lanak izango dira ikusgai. Erakusketa datorren martxoaren 27ra arte egongo da zabalik, arratsaldero 18:00etatik 20:00etara; igande eta jai egunetan itxita egongo da.

Ostiral honetan inaugurazioa ekitaldia izango da, eta erakusketan parte hartzen dituzten artistak bertan izango dira. Ekitaldi horretan, 18:00etatik aurrera Juan Carlos Aresti artistak akuarela sortzeko prozesua erakutsiko du barrena Kultur Etxeko batzar aretoan eta segidan (19:00) erakusketa inauguratuko da.

Euskal Akuarelarien Elkarteak, bere ibilbide luzean, sistematikoki lan ederra egin du akuarela margo munduan dagokion tokian izan dezan. Hori lortzeko, elkarteak ekintza ugari eta anitzak antolatzen ditu: formazio klaseak, erakustaldiak, tailerrak, master class, eta erakusketa ugari bai Euskadin, zein Espaina eta Europa mailan. Horrez gain, hainbat topaketatan eta sinposiotan ere parte hartzen du Euskadin egiten den akuarela hedatzen.

Barrena Kultur etxean aurkezten den erakusketa honek formatu handiko 30 obra ditu, guztiak akuarelaz eginak, baina egiteko era, adierazitako gaiak, sentsibilitate eta joera artistiko oso ezberdinetakoak dira. Erakusketa hau bisitatzen duten pertsonek egun Euskadin egiten ari den akuarelaren erakusgarri diren artelanekin gozatu ahal izatea, da Elkartearen nahia.

Beraz, talde erakusketa honetan artista bakoitzaren aldaera libre eta aberatsa ikusi ahal izango da, gaietan eta baita pintura-estiloetan ere. Horrekin batera, atsegina da obren bukaerako emaitza ikustea, izan ere, teknika honetan paperaren gainean ura eta pigmentuak erabiltzen jakin behar da; eta zailtasun hori gaindituta agertzen da emaitza.

 

'Ene ba!' antzezlana ikusgai ostiralean

Txalo ene ba nueva

Adiskidetasun eta afektuei buruzko komedia zuzena 22.15etan hasiko da, Herri Antzokian. Sarrerak Barrenan daude salgai

Ostiral honetan, martxoaren 6an, Ordiziako Herri Antzokian Antzerki garaia programaren bostgarren emanaldia izango da ikusgai, Txalo Produkzioak aurkeztuko duen Ene ba!! lanarekin. Antzerki garaia egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Kruz Gurrutxaga eta Susana Soleto dira komedia barregarri honen protagonistak, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.

Bixente da istorio honen protagonista, bera eta Ana, bikotekidea, guraso izango dira eta ospatzeko, koinatuaren etxean afari bat egitea erabaki dute familiako beste lagun batekin batera. Gure protagonistak aita izan behar du lehen aldiz. Aitatasuna ospatze aldera, bere arrebarekin eta koinatuaren etxean afalduko du, familiako beste lagun batekin batera. Ana, bere bikote eta ama‐gaia, berandu iritsiko da afarira. Afaltzen hasi baino lehen, ama zain daudela, aitatasunak sortzen dituen poztasun eta aldarte onak izango dituzte hizpide, ume jaio‐berriari jarri behar dioten izena aditzera emango duen arte. Egundoko kalapita sortuko du izen berak eta eztabaidaren suak bildutakoak erreko ditu, etxeko giroa erabat gaiztotu arte… Ene bada! Trumoi hotsak eta txinpartak, baina guztia umore ikuspegi batetik atonduta.

Hautes-mahietako kideen zozketa, ostiralean

Hauteskundeak. Bozka

 

Ez ohiko batzarra egingo da, martxoaren 6an, goizeko 09:30etan, Udaletxeko Batzar Aretoan. 

Gai ordena: 

- Hautes-mahaietako kideen zozketa

- Alderdi politikoek hauteskunde-propaganda jartzeko panelen zozketa