25 emakumek errugbiko epaile izateko formakuntza saio jasoko dute asteburuan, Ordizian

Asteburu honetan Ordizian errugbiko epaile izateko formakuntza ikastaroa izango da, emakumeei zuzendua. Ekimen hau “Emakumeak errugbian” programaren barruan kokatzen da, Kirol Kontseilu Nagusia eta Emakume programarekin elkarlanean, eta Ordizia Rugby taldearen babesarekin.

“Guretzako ohore bat da halako ekimen bat Ordizian garatzea. Emakumeak kirola egitera bultzatzen jarraituko dugu, haiei babesten eta aukera berriak sortzen”, nabarmendu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak.

Ikastaro hau errugbi munduan barneratu nahi duen emakume orori dago zuzenduta, emakumezkoen errugbia hazi eta bultzatzeko asmoarekin, baina baita ere entrenatzaile edo kirolari hobea izateko araudia hobeto ezagutu nahi dutenentzat. Dagoeneko izen-ematea beteta dago eta 25 izango dira formazio hau jasoko duten emakumeak.

Formakuntza ekintza honek zati teoriko bat izango du, Barrenan eskainiko dena, baina baita alderdi praktikoa ere; hau Altamira zelaian garituko da. Parte-hartzaileak lehenengo harremana izango dute errugbian horren garrantzitsua den epaile lanarekin.

Probak gainditzen dituztenek Level 1 World Rugby ziurtagiria lortuko dute (arbitroen 1. maila), eta horrek 18 urtetik beherako kategoriara arteko lehiaketetan epaile izateko aukera emango die.

Giza eskubideen korto onenaren finala, ostegunean

GIZA ESKUBIDEAK HERRIRA NAZIOARTEKO V. KORTO LEHIAKETA FINALA OSTEGUNEAN, 19:00ETAN,  BARRENA KULTUR ETXEAN

dar-dar produkzioak gizarte ekimenezko kooperatiba, GIZA ESKUBIDEAK HERRIRA, proiektua garatzen ari da Ordiziako herrian 2015etik.

Ordiziako biztanleak, eragileak eta abar dira proiektu honen ardatza. Giza Eskubideen inguruan hauek sentsibilizatuaz eta heziaz justizia soziala bermatzeko helburua du.

Ekimen hau, Ordiziako Udalaren Hiri Hezitzaileen programaren baitan dago kokatua.

dar-dar produkzioak gizarte ekimenezko kooperatibak Ordiziako Udalarekin eta herriko eragile desberdinekin Giza Eskubideen inguruan hainbat ekintza, jarduera edo programa eraman ditu aurrera 2020 urtean zehar.

Oraingoan, Ordiziako Udalarekin batera aurrera eramaten ari garen GIZA ESKUBIDEAK HERRIRA NAZIOARTEKO V. KORTO LEHIAKETAren finalaren berri eman nahi dizugu.

Finalaren Ekitaldia eta sari banaketa: Ordiziako Barrena Kultur etxean.

Eguna: 2020ko abenduak 17an (Osteguna).

Ordua: 19:00etan.

Aforoa mugatua da Gonibidapenak: Barrena Kultur etxean.

Sariak:

1.000€ korto onenari. (ikusleek bertan, unean, bozkatuko dute).

300€ sari gaztea (ikastetxetan bozkatuko dute).

300€ Goierriko egilea duen korto onenari.

Lehiaketari buruzko beste datu batzuk:

Nazioarteko atalean aurtengoan, 179 korto jaso ditugu munduko 26 herrialdetatik: Euskal Herria, Mexiko, EEBB, Brasil, Taiwan, Arabiar Emir Herri Batuak, Alemania, Frantzia, Chile, Peru, Espainia, Italia, Herbeherak, Libano, Kroazia, Kuba etab.

Eskerrik beroenak beraien lanak bidali dizkiguten sortzaile guztiei.

Ikastetxeetan DBHko ikasleekin parte hartze prozesu bat eraman da aurrera, 273 ikaslerekin eta Sari Gaztea aukeratu da.

Lehiaketaren helburuak:

Munduko herrialde desberdinetan, Giza Eskubideen inguruan, zine kortoak sortzen ari diren egileen lanak Ordiziako herritarrei hurbiltzea.

Ordiziako herritarrengan Giza Eskubideen eta artearen inguruan sentsibilizazioa eta gogoeta bultzatzea.

Jasoko diren lanetatik onenak diruz sarituaz, egileei lan berriak sortzen laguntzea.

Lehiaketaren nondik norakoak:

Ordizian den ohiko zine programazioa ikustera hurbildu diren pertsonek, ohiko filmaren aurretik, Giza Eskubideen inguruko korto batetaz gozatzeko aukera izan dute astero urte osoan zehar,.

Proiektatu diren kortoak ardatz izanda, Ordiziako ikastetxeekin elkarlanean parte hartze prozesu ba egin da.

Zinea, artea eta kultur arloko profesionalez osaturiko komisio batek finalistak aukeratu ditu .

Abenduaren 17an Barrena Kultur Etxean, korto lehiaketaren finala ospatuko da, finalistak proiektatuko dira eta sariak banatuko dira. Edukiera mugatua gonbidapenarekin Barrena (943805630)

"Goierri mende bat lehenago" liburuaren erakusketa eta aurkezpena

MARTIN GARCIA GARMENDIA ETA LEMNISKATAREN ESKUTIK, BARRENAN "GOIERRI MENDE BAT LEHENAGO (Posta-txarteleko irudietan)” LIBURUAREN ERAKUSKETA ETA AURKEZPENA

Bihar asteazkena, Barrena Kultur Etxean 18:30ean Martin Garcia izango dugu Lemniskata Kaierak bildumako 4. alea aurkezten : El Goierri hace un siglo (visto a través de la tarjeta postal)/ Goierri mende bat lehenago (posta txarteletako irudietan). Liburuak 140 orrialdetan 150 argazkitik gora eta testu laburrak jasotzen ditu, Goierriko 19 herriak azalduz.

Aurkezpenarekin batera izenburu bereko erakusketa zabalduko da; 16 paneletan jasotzen dira liburuko argazki eta testuak neurri haundian. Erakusketa urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai, Barrenako ordutegian, 9:00etatik 13:00era eta 16:30etik 20: 0etara.

Irudi asko eta testu laburrez, Martin Garciak XX. mende hasierako garai hartara hurbiltzen gaitu. Liburua aurkezpenean jarriko da salgai 5 €-tan.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiak

Lehenik eta behin barkamena eskatzen dugu larunbatean Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en emanaldirako sarreren salmentarekin egon zen arazoarengatik. Zerbitzariak ezin izan zion erabiltzaile kopuru handiari, une berean, erantzuna eman. Igandean zehar arazoari konponbidea eman nahian aritu ondoren, azkenean erabaki dugu zuzenena eta guztiontzako justuena sarrerak anulatzea izango dela. Guztioi beraz, dirua itzuli egingo zaizue. Pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu, posible delako itzulketa berehalakoa ez izatea.

Emanaldiari dagokionez, izan duen erantzuna ikusita, abenduaren 20an, igandean, bi emanaldi eskaintzea erabaki dugu, 16:00etan eta 18:30etan. Sarrerak oraingoan, era presentzialean salduko dira; pertsonako gehienez ere 10. Gogoratu gradatan banakako sarrerak izango dira eta kantxakoak familia unitatekoak:
- NON: Ordiziako Beti Alai pilotalekuan
- NOIZ: abenduaren 16an (asteazkena) eta 17an (osteguna).
- ORDUA: 17:00etatik 20:00etara.


Eskertuko genuke sarreren kostuaren diru kopuru zehatza eramatea.

AMAREN INTXAURRAK ikuskizuna: Heriotzaren gaia lantzeko proposamena

NONDIK GATOZ… Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldea heriotzaren gaia lantzen ari da. Familia eredu anitzez, kultura aniztasunaz, hezkidetzaz, bizikidetzaz, inklusioaz, naturaz, gaixotasunaz, … irri, kantu, dantza eta jolas, bizitzaz aritu dira ibilbide luzean sudur-gorriak, bizitzaren parte baitira horiek guztiak, egunero partekatzen ditugunak eta eragiten digutenak. Oraingoan, aldiz, bizitzaren parte den heriotzaz jardun asmo dute. Arrazoia argia da, heriotza ere presente dago gure egunerokotasunean.

Antzezle / ikusle dikotomia hausten saiatu dira pailazoak sorreratik bertatik. Antzezlana amaitu, oholtzatik jaitsi eta muxu, besarkada, hitz goxo edota argazki forman bertaratutakoen etxeetara iritsi dira, lagunen lagun bilakatuz. Eta lagunen artean pozak bakarrik ez, tristurak ere partekatzen dira, goxoagoak direlako beti horrela. Sortutako harreman berezi bezain estu horietan eragina izan du, baita ere, haurren beharrak eta eskubideak bermatze aldera lanean ari diren elkarte ezberdinekin duten “eman-hartuak”.

Tristurak, pozak bezala, askotarikoak izan daitezke eta heriotza horietako bat da. Haurren aiton amonak hiltzen dira, baita gurasoak ere. Senideak, lagunak, herriko ezagunak, traturik izan gabe gure paisaia emozionalaren parte sentitzen ditugunak... Haurrak ere hiltzen dira tarteka, eta pailazoek ere negar egin dute halakoetan. Senide eta lagunengandik gertu egoten saiatu dira eta haien sudur gorrien maitasuna eta berotasuna eskaini eta partekatu dute, agur esatean eta doluan galera hori bizi duten pertsonen beharrak eta denborak zainduz eta errespetatuz.

NORA GOAZ… Gure gizartean, ohikoak izan dira zuri beltzezko agurrak. Aitzitik, beste era batekoak, bizi izan garen modukoak izan daitezke. Pailazoek agur ezberdinetan parte hartu dute senide eta lagunekin batera: batzuetan globoak askatu dituzte airera, etxe luzez inguratutako porlanezko plazatxo batetan, haurraren arratsalderoko jolaslekua izandakoan. Eskolatan ere izan dira, hezkuntza komunitatea osatzen duten partaideekin marrazkiak, bizipenak eta sentimenduak partekatuz. Herriko parke kuttunean arbola landatu izan dute bizilagunekin batera. Itsasertzeko txoko kuttunean esan diote agur lagunari, baita mendi puntan ere… Norberaren izaerak, zaletasunak eta gogoak kontuan hartuz ospatu dituzte agurrak, askotan kantu eta dantza artean, eta beti muxuz, besarkadaz eta hitz goxoz lagunduta.

Covid 19a geure bizitzetara iritsi den honetan askok eta askok bakardadean bizi izan dute familia arteko edo lagun baten heriotza. Inoiz baino gehiago agerian geratu da heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia dutela. Hutsunea sentitu dugu herri bezala, eta hutsune hau nabarmena da egunerokotasunean ere. Askotan ez baitakigu heriotzaren errealitatea nola ulertu, onartu, partekatu…

Bizitzaren parte dira jaiotza eta heriotza, biak. Jaiotzaren inguruko ezagutza zabaltzen joan den moduan, heriotzaren inguruko ezagutza ere zabaldu egin behar da gizartean, bizia osotasunean bizi ahal izateko.

Gai honi Katxiporretak Hil Argi Elkartearekin eta Hik Hasi pedagogia taldeko lagunekin elkarlanean bere ekarpen xumea eskaini nahi dio, apaltasunetik. Proposamena orokorra da, tokian tokira eta unean uneko egoerara egokitu behar dena.