Mailegurako lau egunez irekiko da Udal liburutegia

Liburutegia. LiburuakDatorren astelehenean hasi, uztailak 20, eta ostegunera bitartean, hilak 23, Ordiziako Udal liburutegia zabaldu egingo da, mailegurako soilik.

Honako ordutegia izango du: goizeko 9:00etatik 13:00era, hiru egun horietan. Bestalde, astearte eta asteazkenean arratsaldez ere eskainiko da zerbitzua, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Esan bezala, mailegurako soilik zabalduko da liburutegia. Beraz, deialdi berezia egiten da udako libururen bat maileguan hartu nahi duenarentzat, egun horiek aprobetxatzea nahi diren liburuak hartzeko. Edozein gauzetarako idatzi Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera edo 943 80 56 35 telefono zenbakira.

Neurri bereziekin jarraituko du Ordiziako Udalak

Ordizia. PCE probak

Azken astean COVID-19 birusaren agerraldia dela eta Ordiziako Udalak herritarren segurtasuna bermatzeko asmoarekin eta birusaren hedapena ekiditeko asmoz hainbat neurri hartu ditu. Besteak beste, eraikin publiko guztiak itxita daude, hala nola, Majori Kiroldegia, haur parkeak eta liburutegia.

Atzo 13.00etan jarraipen mahaian parte hartu zuten Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, eta Maitane Alvarez alkateordeak. Bertan, Ibarra, Alegi, Tolosa eta Leaburu-Txarama herrietako ordezkariak ere izan dira, Osasun eta Segurtasun Sailetako eta Osakidetzako ordezkariekin batera.

Ordizian karpa berezi bat ezarri zen joan den astelehenean herritarrei PCR probak egiteko, eta aste honetan ere jardun berean segiko dute. Gaurtik aurrera 10 eguneko berrogeialdian dauden PCR negatiboei bigarren proba egiten hasiko zaie, eta, beraz, datu garrantzitsuak aterako dira bertatik. Bestalde, Ordiziarako bereziki jarritako aginduak beste astebete jarraituko du, hau da, ostalaritzari dagokion murrizketa eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izatea.

Segurtasun Sailak Ordiziako ordezkariei “normaltasuna berreskuratzeko gomendioa” eman die, betiere segurtasun neurriak jarraituz. Ordiziako Udalak lehen unetik erakutsi moduan, era arduratsuan hartuko ditu erabakiak, herritarren zaintza eta osasuna izanik lehentasuna. Hala, asteazkenean azoka egingo da, nahiz eta neurri bereziak ezarriko diren. Arropa saltzaileak, esaterako, ez dira egongo, eta antolaketa ere bestelakoa izango da. Plaza barruan, Barrena parean, Arboleda-Zuhaiztian eta frontoi txikian jarriko dira azokako postuak, guztiak eremu itxiak. Sarrera kontrola izango da eta aforoa ere kontrolatu egingo da uneoro. Postu bakoitzaren aurrean zintekin lurra markatuko da, distantziak eta espazioak banatzeko.

Majori Kiroldegiari dagokionez, PCR proba egingo zaie langile guztiei, eta emaitzak negatiboak direla konfirmatu arte ez da zabalduko. Asteazken goizerako emaitza guztiak esku artean izatea espero da.

Hiri hondakinen bilketan ez-ohiko neurriak

COVID-19 dela eta etxean bakartuta/berrogeialdian pertsonak dituzten etxebizitzetanhondakinak ez dira bereiztuko eta denak errefusa bezala tratatuko dira. Debekatuta dago birziklatzeko edukiontzietan sartzea edo inguruan botatzea.

Horrelako kasuetan, etxeko zaborrak PIXOIHALENTZAKO EDUKIONTZIETAN sartuko dira poltsa itxi batean, irekita egongo den tapa handia erabiliz. Ordizian 19 edukiontzi daude pixoihalentzat.

Etxean, hauek dira hondakinen kudeaketan jarraitu beharreko pausoak:

- Gaixo dagoen pertsonak sortutako erabilera bakarreko hondakinak (eskularruak, zapiak, maskarak) plastikozko lehen poltsa batean (1. poltsa) sartuko ditu, gaixoaren gelan jarritako zabor-ontzi batean (ahal dela, estalkia eta irekitzeko pedala duena).

- 1. poltsa behar bezala itxi eta gelan bertan irteeratik gertu egongo den plastikozko bigarren poltsan (2.poltsa) sartuko da. Bigarren poltsa honetan, gainera, zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskara sartuko dira, eta behar bezala itxiko da gelatik irten baino lehen. 

- 2. poltsa etxean sortutako gaineratiko hondakinekin batera (organikoa, ontziak, papera, beira...) plastikozko hirugarren poltsan (3.poltsa) sartuko da, eta behar bezala itxiko da. 

- Aurreko hiru pausoak eta egin eta berehala eskuak sakonki garbituko dira, ura eta xaboiarekin, 40-60 segundoz, gutxienez. 

- 3. poltsa pixoihalentzako edukiontzian bakarrik sartuko da. 

GAINERAKO ETXEBIZITZETAN
, hondakinen bereizketa beti egin ohi den moduan egingo da. Gogoratueskularruak, maskarak eta betaurrekoak EZ dira edukiontzi horian sartu behar baizik eta errefusarentzako edukiontzian.

Igandeko hauteskundeetarako neurri bereziak ezarri ditu Udalak

IMG 0865

Gaur goizean Ordiziako Udala igandean ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hauteslekuen muntaketa lanak prestatzen hasi da, neurri bereziak ezarriz. Guztira, 6.996 ordiziar daude deituta igandean bozka ematera. Goizeko 9:00etatik 20:00etara bozkatu ahalko da; hala ere, goizeko 8:00etan hasiko dira hautes mahaiak eratzen.

COVID-19ak eraginda, hainbat aldaketa eta neurri hartu ditu Udalak hauteskunde egunari begira. Honakoa izango da hauteslekuen banaketa:

- Beti Alai pilotalekuan hiru mahai.

- Jakintza Ikastolan hiru mahai.

- Urdaneta Ikastetxeko frontoian bi mahai.

- Oianguren Institutuan bi mahai.

Herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz, Ordiziako Udalak protokolo zorrotza prestatu du egun horretarako. Eusko Jaurlaritzak sortutako protokoloari Ordiziako Udalak bereziki neurri zorrotzak gehitu dizkio:

- Ahal diren hauteslekuak aire librean jarriko dira, aukera hori ematen duten espazio guztietan.

- Hauteskunde egunean zehar lanean egongo diren pertsona guztientzat FFP2 maskarak eskuratu ditu Udalak, bai mahaikideentzat, lanean ibiliko diren pertsona guztientzat eta hauteskundeen antolakuntzan arituko direnentzat.

- Hautesleku bakoitzean mahai bat baino gehiago dagoenez, mahai bakoitzak bere ilara propioa izango du, eta ondo markatuta egongo dira ilara horiek, eta ilara bakoitzeko pertsona arduradun bat egongo da herritarrei bozka emateko sarbidea emateko. Edonola ere, ilara gehigarri bat jarriko da 65 urtetik gorako pertsonak eta haurdun dauden emakumeak zuzenean hautes mahaira lehentasunez bideratzeko.

Sarrera guztietan, gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzeko gailuak herritarren eskura jarriko ditu Ordiziako Udalak eta baita bozka hartzeko kabina bakoitzean ere.

Hautes mahai bakoitzeko lehendakariak metakrilatozko pantailez babestuko dira. Bozkatu behar duen pertsonak NAN agiria erakutsiko dio pantaila horren beste aldetik, eta lehendakariari ez zaio agiria eskura emango. Bozka ematen den aldiro hautes ontzia desinfektatuko dute, eta horretarako produktuak izango dituzte.

Neurri guzti horiez gain, Ordiziako Udala aztertzen ari da bozkatzera joango diren herritarrak egunean zehar banatu eta pilaketak ekiditeko ordu muga batzuk gomendatzea. Hain zuzen ere, 50 urtez gorako pertsonak goizez joatea gomendatzen da, 14:00ak baino lehen. Eta ordutegi horren barruan, 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute 10:00etatik 12:00etara. 50 urtetik beherakoek, ordea, arratsaldeko orduetan bozka ematea gomendatzen du Udalak. Betiere, bakoitzak aukera badu hori egiteko.

Bestalde, PCR negatiboa duten baina konfinatuta dauden pertsonei jakinarazten zaie, 14:00etatik 15:00ak bitartean, eguerdian, jende gutxiago joaten dela bozka ematera eta gomendatzen zaie, ahal badute, ordutegi horietan joatea beste pertsonekin kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin.

Ordiziarrei gogoratzen zaie begiratzeko zentsu txartelean zein den egokitzen zaien hauteslekua, eta aukera dutenek bozka etxetik prestatuta eramatea gomendatzen da. Hala ere, hauteslekuen kanpokaldean ondo zehaztuta egongo da ordiziar bakoitzak non eman behar duen bere bozka.