Herriko betiko saltokiek Ordiziako bizitzan izan duten ezinbesteko ekarpena aitortzeko eta haien historia ezagutarazteko asmoz, Betiko dendak, Ordiziako altxorra ekimena antolatu da. Proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero sustatzen dituen Europako Ondarearen Jardunaldien barruan kokatzen da, aurtengo Arriskuan dagoen ondarea leloari lotuta.
Ordiziako ohiko merkataritza herriaren historiaren eta nortasunaren parte da. Urteetan zehar, saltokiek herriko kaleei bizia eman diete, eta bertan lan egin duten pertsonen istorioek eta bizipenek Ordiziako memoria kolektiboaren parte izaten jarraitzen dute.
Ildo horretan, ekimenak merkataritza tradizionalak herriaren bizitzan izan duen bilakaera eta garrantzia ezagutarazi nahi ditu, baita belaunaldiz belaunaldi transmititutako esperientziak eta oroitzapenak ere.
Erakusketa, Ordiziako merkataritzaren historia ezagutzeko
Ekimenaren barruan, Betiko dendak, Ordiziako altxorra erakusketa antolatu da. Bertan, herriko merkataritzaren historiari eta bertan aritu diren pertsonei lotutako argazkiak eta testigantzak bildu dira.
Erakusketak 50 urtetik gora Ordizian jardun duten saltokiei buruzko informazioa eta haien historiak ezagutzeko aukera emango du, herriko merkataritzaren bilakaerara gerturatzeko.
Urriaren 7tik azaroaren 8ra egongo da ikusgai, D'Elikatuz zentroan.
Mahai-ingurua, merkatarien eta saltokien esperientziak ezagutzeko
Erakusketaren harira, urriaren 7an, asteazkena, 13:30ean, mahai-ingurua egingo da D’Elikatuz Zentroan. Saioan, Ordiziako merkataritzaren historia eta azken hamarkadetako bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, herriko hainbat saltokiren ordezkarien eta merkatarien esperientzien bidez.
Mahai-inguruan parte hartuko dute:
- Maria Antonia Arratibel, Aguirre Zapatadenda
- Nikolas Lasa, Lasa Harategia
- Alberto Ajuria, Vicuña Confección
- Carmen Esnaola, Zabale belardenda
Parte-hartzaileek beren establezimenduen historia, bizipenak eta Ordiziako merkataritzan izandako ibilbidea partekatuko dituzte, herriko merkataritzak urteetan zehar izan duen bilakaera ezagutzeko aukera eskainiz.
Ekimen honekin, Ordiziako merkataritza tradizionalaren balioa eta ondare izaera azpimarratu nahi dira, baita herriko saltokiek komunitatearen eguneroko bizitzan izan duten garrantzia ere.
Udalak herritarrak gonbidatu ditu erakusketa bisitatzera eta urriaren 7ko mahai-inguruan parte hartzera, Ordiziako merkataritzaren historia ezagutu, gogoratu eta balioan jartzeko.