kulturlab header



ABIAN DA KULTURLAB, ORDIZIAKO KULTUR EREDUA FINKATZEKO PROZESUA

Ekimenaren aurkezpen irekia Barrenan hilaren 14ean egingo da

KulturLab izenarekin, Ordiziako Udalak kulturaren kudeaketarako eta kultur ekipamenduen erabilerarako plana martxan jarri du. Ekimen honek, herriko kultur ehunaren eta herritar orok dituzten behar eta interesak aintzat hartuta etorkizuna planifikatzea du helburu. Hau da, Ordiziako hurrengo urteetako Kultur eredua finkatzea. Egitasmoaren garrantzia eta parte-hartzera deitzeko deialdia egin dute prentsa aurrean Jose Miguel Santamaria alkateak, Joseba Aranburu kultura zinegotziak, Iñaki Hidalgo teknikariak eta prozesua kudeatzeko kontratatu den Kultiba enpresako Aintzane Lekunberri ordezkariak.

Horretarako, alde batetik, beharrak, erronkak, arazoak eta aukerak eta bestetik, interesak, nahiak, ideiak eta aurreikusitako proiektuak identifikatuko dira. Eta hauen azterketaren ondoren, ondorioak atera  eta irtenbideak proposatuko dira uda amaitzerako.

Egin beharreko azterketen artean, eta ekipamendu kulturalei dagokienez, Herri Antzokiko eraikinak izango du protagonismoa. Bere espazioan, erabileren eta programen diagnosi eta definizioa egingo da, herriko kulturaren ardatzetako bat delako.

Egiteko erari dagokionez, plan honen emaitzak prozesu parte-hartzaile baten ondorio izan behar duela argi du Udalak, non Ordiziako herritarrak, alderdi politikoak eta eragile ezberdinak inplikatuta egongo diren.

Proiektuaren garapena

Planaren garapenerako hiru lan bloke nagusi marrazten dira: lehenik, egungo egoeraren azterketaren garapena eta tendentzia berrien azterketa; bigarren bat, Ordiziako kultur eremuaren erronka eta nahiak markatzeko;  eta hirugarren bat, maila teknikoan, amestutakoa posible egin dezakeen plan operatiboaren garapena eta ekipamenduen erabilera planaren diseinua.

Behin kultur kudeaketa  eta kultur ekipamenduen erabilerarako plana  finkatuta dagoenean, Udalak bertatik irtendako akzioak faseka martxan jartzea hartuko du bere gain.

Prozesua errazteko eta lan teknikoen garapenerako, Udalak  Kultiba kultur aholkularitza erakundea kontratatu du esleipen bitartez, prozesuaren funtzionamendu egokia bermatzeko asmoz.

Prozesu gardena eta parte-hartzailea

Prozesua aurrera ateratzeko parte-hartzea oso garrantzitsua izango da eta horregatik, proiektuaren fase eta une ezberdinetan alderdi politikoen, kultur elkarte eta eragileen, erabiltzaileen eta herritarren ekarpenekin kontatuko da. Lehenengo aurkezpen orokorra datorren astean egingo da, otsailaren 14ean, 19:00etan Barrena kultur etxeko areto nagusian. Herriko eragile, kultura erabiltzaile eta interesatu guztiei zuzenduta egongo da.

Prozesu guztiaren informazioa herritarrekin partekatzeko online plataforma bat ireki da ostiral honetan, une oro modu gardenean zein puntutan dagoen jakinarazteko. Era berean, iradokizunak eta proposamenak jasotzeko ere balio izango du eta horretarako helbide elektroniko bat du proiektuak, Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko., nahi duenak bere ekarpenak egin ahal izateko.

Legealdian zehar parte-hartze prozesu ugari egin direla gogoratu du alkateak, eta hau da horietako bat. ‘Oso garrantzitsua, kontutan izanda Ordizian dugun kultur dinamika zabala. Beharrak identifikatu eta asetzeko saiakera egin nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da ordiziarrekin kontaktu zuzena izan eta erabakietan inplikatzea’.