Image
Image

Helduen Nazioarteko Eguna

Gaur, Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta bat egin dugu Ordiziako Plaza Nagusian egin den agerraldian.

Zuhaiztiko programa, herritarrak aktibatzeko prest

Ordiziako Zuhaizti zentro sozialak aurten ere programa zabala osatu dute, eta gaur goizean egin dute horren aurkezpena. Bertan izan dira Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotzia, Raquel Bravo, Zuhaiztiko juntako zuzendaria, eta Odilo Rivela, Majori kiroldegiko gerentea.

“Iazko moduan, aurten ere hemen gaude Zuhaiztiko programa aurkezteko. Dudarik gabe, pandemiak ere erakutsi digan zerbait izan da ezinbestekoa dela adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatzea. Gure adinekoak osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Horren adibide da aurkezten ari garen programa, baina baita ere, esaterako, joan den astean berriz ikasturtea hasi zuen Goazen Ordizia ekimena ere”, azaldu du Ainhoa Jimenez, zinegotziak.

COVID garaian ere, aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan, ordiziar heldu eta adineko guztiek (batez ere erretiratu eta pentsiodunek) parte hartzeko programa da aurkeztu dena. Kontuan izan behar da egungo egoera eta aldaketak eragin ditzakela antolatuko diren ekintzetan. Hala ere, halakorik gertatuko balitz, jakinaraziko da.

Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, eta Gente 3.0 Programaren baitan, La Caixa Fundazioarekin elkarlanean, Informatika eta komunikazioa, eta Osasuna eta Ongizatea.

Lehen zatian honako ikastaroak eskainiko dira: adimena lantzen, Euskara Eskola, Jarduera Fisiko Lasaia, Pilates, Jarduera Fisikoak Kiroldegian (hau Majorin garatuko da, eta bertan izena eman beharko da), eta Erlaxazioa.

Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste hiru ekintza antolatu dira.

Informatika eta komunikazioari dagokionez, Tailer horietan teknologia berrien egunerokotasunean aplikatzeko oinarrizko tresnak eta tresna aurreratuak eskaintzen dira, eta formazio ibilbide jarraia izango da. Hala, sare sozialak, bideo deiak, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da. Horrez gain, Internet bidez tramiteak egiteko eman beharreko pausuak ere zehaztuko dira.

Osasuna eta Ongizateari dagokionean, Topaketak eta tailerrak egingo dira, Taldean partekatzen dira eguneroko bizitzarako ezagutzak, esperientzia, estrategiak eta tresna praktikoak (ohitura osasuntsuak, teknika eta trebetasun psiko-emozionalak eta komunikaziokoak, eskubideen defentsa...), eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegina eta motibatua sustatzen da.

Horrez gain, lagunen arteko irakurketa tailerra ere emango da. Irakurketaren inguruko topaketa, solasaldian esperientziak eta begiradak partekatuz.

Parte hartzeko deia

Jimenezek herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen ditu. “Tailer asko daude mota ezberdinetakoak, eta horrek eskaintza zabala jartzen du herritarren eskura. Bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet ordiziarrei, izan ere, ekintza hauetan ziur asko ikasteko aukera izango dutela”. Izen ematea zabalik egongo da irailean eta urrian zehar: Zuhaizti Gizarte Zentroa: 657 791 813 / 943 88 92 88, edo bestela 688 822 329 telefonoan.

Goazen Ordizia hasi da

Martxan da berriz ere Goazen Ordizia ekimena. Gaur goizean, partaideak gogotsu atera dira herrian barrena ibilbidea egitera.
Ostegunero, goizeko 10:30etan, Udaletxetik abiatuko dira.

Ostiralean, boluntario azoka

Ostiral honetan, irailak 24, Ordiziako Boluntariotzaren azoka egingo da Plaza Nagusian. 17:30etik 20:00etara. Sarrera librea eta irekia izango da herritar guztientzat, eta segurtasun neurriak bermatuko dira.

2021eko Boluntariotza Azokaren bi helburu nagusiak azaldu ditu Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak: “alde batetik, Ordizian boluntariotzaren arloan lan egiten duten erakundeak eta elkarteak ikusaraztea eta haiei buruzko informazioa ematea eta egiten dituzten jarduerak eta, bestetik, boluntario berriak erakartzea”. Gainera, esker hitzak ere adierazi ditu: “izugarrizko lana egiten dute Ordizian boluntariotza eskaintzen duten talde eta elkarteek. Horiei gure aldetik eskerrik beroenak adierazten dizkiegu, izan ere, askotan isileko lana bada ere, behar beharrezkoa da”. Horrez gain, ordiziarrei gogorarazi die elkarte hauek lanean aritzen direla, eta nolabaiteko zalantza edo laguntza behar izanez gero, horiengana jo dezaketela.

2021eko edizio honetan gizartearen eta osasunaren arloko irabazi-asmorik gabeko 16 erakundek hartuko dute parte, besteak beste:

1. Alzheimerra duten gaixoen familien eta lagunen Gipuzkoako AFAGI elkartea

2. FIARE - Banka Etikoaren proiektuaren babesleen elkarteak

3. Crohn eta ultzeradun kolitisa dutenen ACCU elkartea

4. Minbiziaren aurkako AECC elkartea

5. Gurutze gorria- CRUZ ROJA

6. DYA Gipuzkoa

7. Katxalin Gipuzkoako Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak Kaltetutako Emakumeen Elkartea

8. Ordiziako Emakumeen Kimetz elkartea

9. Lagunkiro Elkartea

10. Desjabetzeak Stop plataforma

11. BAKERAKO LANKIDETZA BATZARRA

12. ODOL EMAILEAK

13. KARITAS

14. EKINTZA BIBE (Bizi berria) Gipuzkoako ludopatia eta mendetasun psikologikoen errehabilitazio elkartea

15. Gipuzkoako “Divina”  Emakume nigeriaren kultur elkartea

16. Gainditzen

Azoka egungo egoerara egokitu da, prebentzio-neurri guztiekin (maskararen, gel hidroalkoholikoaren eta edukieraren kontrolaren nahitaezko erabilera). Aurrekoetan bezala, erakunde bakoitzak egiten dituzten jarduerei buruzko stand bat jarriko du. Aurten ezin izan dute bestelako jarduera osagarririk planteatu; beraz, urtean zehar, Udalak hainbat jarduera garatuko ditu elkarte horiekin, sentsibilizazio-kanpainak (hitzaldiak, tailerrak), parte hartzen duten erakundeek egiten duten lanari zabalkunde handiagoa emateko.


 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image