ORDIZIA KOLOREArratsaldeko 19:00etan Nikolas Lekuona enparantzan 

Ordizian, jatorri ezberdineko hainbat pertsona bizi dira eta guztion erronka, gizarte kohesioa edota elkarbizitza sustatzea da. Honekin batera, gogoratu behar da, migrazioaren fenomenoa, gizakia bezain zaharra dela eta gizakien izaerarekin lotuta dagoela.

Beraz, gaur ekitaldi xume baina adierazgarri bat egingo da: Lehenengo Irakurketa Multikulturala. Eta hau zer da? Bada, jatorri ezberdina duten herritar batzuek, bere ama hizkuntzan testu bera irakurriko dute. Egun honetarako Gabriel Arestiren "Nire Aitaren Etxea" olerkia aukeratu da.

Patxi Oroz nafarrak, filologoa, aztertzailea eta konpositorea denak, 1983an Alemaniako Türingako unibertsitatean hasi zuen azterlan baten ondorioz, Arestiren olerki hau munduko hizkuntza eta dialekto anitzetara itzultzea lortu du. Eta munduko hainbat txokotan irakurri ahal izan da.

Ordizian lanean ari diren hainbat taldek, elkartek eta pertsonek parte hartu nahi izan dute ekintza honetan. Apirilean ospatu zen Liburuaren Nazioarteko egunaren inguruan hasi ziren ideia honi bueltak ematen eta "Euskarazko irakurketa tailerreko" lagunek proposamena jaso eta aurrera ateratzeko gogoa azaldu zuten. Bestalde, Jakintza ikastolako 3. DBHko ikasle talde batek ere, ikasturtean zehar migrazioei buruzko azterketa bat egin du eta ekintza honetan parte hartu nahi dutela adierazi digute. Eta nola ez, "Ordizia Kolore" plataforman parte hartzen duten jatorri anitzeko lagunek ere bai.

Europa, Amerika, Asia, Ozeania eta Afrikako lagunak bizi dira Ordizian. Denok osatzen dute herri hau eta elkarrekin bizi behar dira. Horregatik, errealitate hau ikusarazi nahi da. Era erraz eta alaian, bakoitzak jaiotzean jaso duen hizkuntzan, eta euskarak guztiok elkartzen dituela.

Elkarbizitza indartzeko proiektuaren barruan, Ordiziak, edota Euskal Herriak, duen testuingurutik (euskal kultura: historia propioa, egoera ekonomiko eta soziala, mundua ulertzeko modua, erlijioa, ohiturak, hizkuntza, etab.), beste testuinguruak kontuan izatea eta denon artean, Ordiziarako aproposa izango den eredu bat lantzen saiatzen ari dira. Beraz, anima zaitezte eta hurbildu gaur arratsaldeko 19:00etan Nikolas Lekuona enparantzara, Barrena Kultur Etxe atarira.