Urtean zehar Adikzio planaren baitan burututako ekimenen berri eman du Udalak

Hurrengo ikasturtean ‘Bizitzako trebetasunak’ tailerra jarri nahi da martxan

Menpekotasunaren Ordiziako 2016-2020 tokiko plana ardatz harturik, azken urtean hainbat proiektu eta elkarlan bultzatu da Ordiziako Udaletik. Santana jaiak hastear daude eta programan txertatu dira aurten ere Ai Laket elkartearen ekintzat eta osasun eragileekin koordinazioa. Hauen berri eman dute Iñaki Dubreuil zinegotziak, Lierni Irastorza udal teknikariak eta Ainhoa Maillok AiLaketen izenean.

Hala, uztailaren 25ean 19:00tik gauerdira arte ‘Botilzar’ programa gauzatuko da, hirugarren urtez.  Helburua jai giroetan  alkoholaren aisialdi kontsumoen arriskua murriztea da. AI Laket! elkarteak egingo du herrian zehar boteiloia egiten ari diren gazteengana gerturatuta. Gazteen artean  oso harrera ona duen ekimena da.

Egun berean, iluntzeko 23:00 hasita eta goizaldeko 02:00 arte Testing programako karpa jarriko du Ai Laketek Zuhaiztin.  Festa giroan drogen kontsumoen arriskua murriztea du helburua.  Programa honen oinarria substantzia ilegalen testa eta analisia, hala nola informazio orokor zein pertsonalizatua dira, balizko kontsumitzaileei eta drogen erabilerarekin lotutako edozein arlotan interesa duen edozein pertsonari zuzendua egonik.

Gaueko 22:00 Koordinatutako osasun harrera-sarea jarriko da martxan, DYAko boluntarioen eskutik. Zerbitzu hau Uztailak 26ko goizeko  08:00 arte egongo da Indarrean DYAk Ordizian duen egoitzan, gertatu daitekeen edozein larrialdi artatzeko. Goizeko 8:00tik aurrera egon daitekeen edozein larrialdiri  Ordiziako osasun zentroak emango dio erantzuna.

Ekintza konkretu hauez gain, txozna batzordea eta herriko tabernari eta komertzioei gomendio ezberdinak eskaini zaizkie, beti ere  indarrean dagoen legedia kontuan izanda.

Urtean zehar eskoletan eta gazte lokaletan lanean

Prebentzioa eta osasunaren sustapenaren barruan, jaietako egitarauaz gain, beste hainbat programa indarrean ditu Udalak. Hauexek, hain zuzen:

-          Lonjalaket! Gazteen lokaletan prebentzio esku-hartzeak. 2017 urtean zehar herriko bi gazte lokaletan esku hartu dute hiru saio ezberdinen bidez, bertan kontsumoen arriskua murrizteko orientabideak emateaz gaian, bizilagunekiko elkarbizitza, lokalaren segurtasun neurri eta antolamendua landuz.

-          Urdaneta – Oianguren eskola eta Jakintza ikastolarekin pasa den ikasturtean bi proiektu burutu dira:

o   Drogen eta alkoholaren kontsumoaren  arriskua eta gozamena kudeatzeko lantegia. Ikasleekin kontsumoen murrizketa landu da ikastetxean bertan gauzatu den saioan.

o   Nola hitz egin drogei buruz gure seme alabekin . Gurasoekin gai hau beraien seme alabekin nola abordatu landu da, 8 gurasoen parte hartzearekin.

Halaber, 2018-2019 ikasturteari begira, ikasleei zuzenduriko ‘bizitzako trebetasunak’ tailerra indarrean jartzeko pausoak eman dira.  Saio hauen bidez ikasleen auto-ezagutza, pentsaera kritikoa izateko gaitasuna eta enpatia, besteak beste, landu nahi dira.

-          Herriko osasun zentroarekin  ere elkarlana estutu da, bakoitzak indarrean dituen programan partekatzea eta kolaborazioa estutuz.