Ekintza honekin jarriko da martxan ‘Goazen Ordizia!’ ikasturtea

Ordiziak ‘Goazen’ olinpiada ospatuko du datorren ostegunean, irailaren 28an. Plazan Nagusian izango da, 10:30tan hasita eguerdira arte. Goazen Ordizia! ekimenak antolatu du hirugarren ikasturteari hasiera eman eta Europako Kirol Astearekin bat eginda. Gune eta kirol desberdinak antolatuko dira eta sorpresaren bat edo beste ere izango da.

Goazen Ordizia! 2015ean jaio zen, ostegunero ospatzen da iraila eta ekaina bitartean. Herritarrak elkarrekin kalera irten eta, udalerrian bertan, ibilbide desberdinak egitea da ideia. Ariketa fisikoa eta lagunartea uztartzen dira. Bi urteotan ordiziar askok hartu dute parte. Boluntarioen lana ere nabarmentzekoa da, beti ere prest laguntza behar dutenen ondoan egoteko.

Gune olinpikoa Plaza Nagusian prestatuko da nahi duen orok hainbat jolasetan parte hartzeko

Kurtso berria hasteko aparteko ekintza antolatzea pentsatu zen eta olinpiada batekin hastea erabaki da. Plaza Nagusian izango da, beraz, hurrengo ostegunean –irailaren 28an-. Sei gune prestatuko dira eta hauetako bakoitzean joko mota bat praktikatzeko aukera izango dute momentuan asmo horrekin bertaratzen diren guztiek, adin mugarik gabe. Jolasen artean, toka, igel, uztai, aulki, zinta-kaxa eta zapi jokoak izango dira. ‘Kirolari’ bakoitzak nahi duen edo duenetan parte hartu ahalko du. Musika, dominak eta bestelakoak ere izango dira.

Ordiziako Udalak eta antolaketan laguntzen dutenek parte hartzera animatu nahi diete herritarrei, bai olinpiadan, baita ostegunero ospatuko den Goazen Ordizia! ekimenean ere. Aktibo egon, jendea ezagutu eta osasuna hobetzeko aparteko aukera da. Udalak gizartearen ongizatearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du horrelako jarduerak babestu eta bultzatuz.