KOADRILA BILERA ASTELEHENEAN, UZTAILAREN 2AN

Berrikuntzen artean, danborradako konpainia berria

Udaleko Jai batzordeak bilera baterako deia egin die herriko kuadrilei Santa Ana jaiei begirako hainbat gaiei buruz hitz egiteko. Bilera datorren astelehenean izango da, 19:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan.

Honako gaiak tratatuko dira: danborradako konpainia berria, 25eko gaupasa eta goizaldeko danborrada (matutina), Kuadrilen eguna eta festetako programa. Bileran hartuko diren erabakien garrantzia ikusita, dei berezia egiten zaie kuadrillen ordezkariei bileran parte hartzeko.

GOBERNU TALDEAK ORAIN ARTE EGINDAKO AHALEGINAREN BERRI EMAN ETA AKORDIOA BERRETSI DU

Azken hiru urteetan zailtasunek eragindako desadostasunak gainditu dituztela nabarmendu dute agintariek

Legealdia bukatzeko urtebetera, Ordiziako gobernu taldea osatzen duten alderdiek, EAJ/PNV eta PSE-EEk, udal agintean egin dituzten azken hiru urteen balantzea egin dute. Orain arte bizi izandakoa ‘oso bizia’ eta ‘zaila’ izan dela esan dute, baina bien arteko akordioa ‘Ordiziarentzat positiboa eta onuragarria’ dela diote. Horregatik euren akordio konpromisoa berretsi dute legealdia bukatu arte.

Jose Miguel Santamaria eta Iñaki Dubreuilek, bi alderdien bozeramaleek, ‘desadostasunak bizi, sufritu eta gainditu’ dituztela onartu dute. Egoerari aurre egin diote Ordiziarentzat eta ordiziarrentzat akordioa ‘ona’ delakoan. Legealdia definitzerakoan, ‘zaila’ izaten ari dela esan dute, hilabeteak ‘ezinean’ igaroz oposizioak ‘aurrekontuak urte batean ez dituenean onartzen berak nahi duena egiten ez delako, eta hurrengoan onartzen dituenean nahiz eta berak nahi duena ez egin’.

Hala eta guztiz, hobekuntzak egin dira eta egiten ari dira, ‘begi-bistan daudenak batzuk edo etorkizunean ikusiko direnak beste hainbat’, adierazi dute. Eta euren arteko akordioa berretsi dute, proiektu ugari barneratzen dituzten hamar ardatzen inguruan: parte-hartzea, gizarte zerbitzuak, gaztedia, enplegua, osasuna, hirigintza-etxebizitzak-zerbitzuak, mugikortasuna, kultura, kirola eta ingurumena.

Betetako konpromisoak

OSTEGUNEAN OSOKO BILKURA EGINGO DA

Ohiko moduan, bilkura 19:00etan hasiko da Batzar aretoan. Honakoak dira landuko diren gaiak:

1.- 2018ko maiatzaren 3ko udalbatzarrak egindako batzarraren zirriborroa onartzea.

2.-  Apirileko Alkatetzako dekretuen berri ematea.

3.-  Kontu-hartzaileak apirileko kontratuei dagokien ingeren berri ematea.

4. – Ongizate sailak, ACCU (Kolitis Ultzeradu eta/edo Crohn gaitzen gaixoak) elkartearen izenean “Beharra Daukat” egitasmoarekin bat egiteko aurkeztutako proposamena.

5.- Ongizate sailak BEGISARE elkartearen (Erretinosi pigmentarioak eragindakoen elkartea) izenean aurkeztutako proposamena “ikusmen murriztua dut. Hemen kontuan dugu” kanpainaren bat egin dezan.

6.- Ordiziako udaleko 2017ko aurrekontuaren likidazioaren kontu ematea.

7.- San Jose Egoitzako 2017ko aurrekontuaren likidazioaren kontu ematea.

8.- Herri Antzokiko 2017ko aurrekontuaren likidazioaren kontu ematea.

9.-  Kontuhartzailearen txostena aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraukortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa.

10.- 2017ko kredituak  2018ra inkorporatu.

11.- 2018ko aurrekontuaren hasierako onarpena.

12.- 2018ko Plantilla Organikoaren hasierako onarpena.

13.- 2018ko Lanpostuen Zerrendaren hasierako onarpena.

14.- Galde-erreguak.

ORDIZIAK BI NORANZKOEN ALDE EGIN DU ARGI ETA GARBI

Gehiengoak esandakoaren baitan berrantolatuko da San Bartolomeko trafikoa

San Bartolome auzoa eta Goierri kalearen arteko zirkulazioa berrantolatzeko egindako galdeketan bi noranzkoan mantentzearen alde agertu dira iritzia eman duten herritar gehienak. Ordizia Udalak aurreko astean burutu zuen parte-hartze prozesua gai honen inguruan ordiziarren iritzia ezagutzeko. Honetarako triptiko bat bidali zen herriko postontzietara eta internet bidez erantzuteko bidea zabaldu zen. Guztira 403 erantzun jaso dira. Hauetatik 320 bi noranzkoen alde izan dira, 74-ek noranzko bakarra nahiago izan dute eta gainontzekoak  -bederatzi- nuloak edo zuriak izan dira.

Beraz, auzoa berritzeko amaitzear dagoen obra herritarrek eskatutakoaren baitan  berrantolatuko da. Hau da, orain ere herrira sartu eta irteteko San Bartolomeko sarbidea erabili ahalko dute ibilgailuek. Hori bai, kontutan izanda N-1 errepidetik sartzean merkatal gune paretik zabaldu den bide berritik hartu beharko dela, hortik aparkalekura atera eta herrira sartu. Horrela auzoko kale nagusian noranzko bakarra ezarriko da, irteerakoa. Helburua da oso ugariak diren oinezkoak eta bizilagunak lasaiago eta seguruago ibiltzea, eta herri atseginagoa egitea.

Udalak urtean zehar iritziak jasotzeko galdeketa gehiago egiteko asmoa du.