HERRITARREK MUGIKORTASUNARI BURUZ EUREN IRITZIA EMATEKO TXANDA ZABALDU DA

Iritziak uztailean 300 ordiziarrei egindako galdeketan jasotako emaitzei gehituko zaizkie bideragarritasuna aztertu eta plan bat bideratzeko

Jose Miguel Santamaria alkateak eta Arantxa Fernandez zinegotziak Ordiziako Udalak martxan jarri duen parte-hartze prozesu berria ezagutzera eman dute. Aurreko uztailean mugikortasunari buruz egindako galdeketa osatzea du helburua. Aurreko astelehenean aurkeztu ziren galdeketaren ondorio nagusiak. Orain interesatuta egon daitekeen edozein ordiziarrak ekarpenak egin ahal izango ditu bere iritzia emanda abenduaren 15erako.

Alkateak eta zinegotziak prentsa aurrean azaldu dutenez, Udala Ordiziako hainbat aspektu berrikusten ari da. Hauen artean, mugikortasunari eta kirol azpiegiturei dagozkienak. Alde batetik, ‘herriko eta kanpotik Ordiziara etortzen diren ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasun sistema birmoldatzeko beharra antzematen da. Bestetik, kirolari dagokionez, azpiegiturak hobetzeko beharra dago. Epe luzerako ikuspegitik udalerriko kirol eredua landu nahi da’.

Ordiziarren iritzia hobeto ezagutzeko galdeketa bat egin zen aurreko uztailean. Aipaturiko gaien inguruan iritzi desberdinak jaso eta berritzeko prozesua martxan jartzeko asmoarekin egin zen, beharren ezagutza eta herritarren ikuspegia oinarri hartuta.

Udalerriko errealitate sozio-demografikoaren baitan aukeratu zen galdeketarako lagina. Hala, 300 galdeketa egin ziren telefonoz deituta, laginaren akats portzentajea %5,6a eta konfiantza maila %95koa izanik. Deia jasotakoen artean 152 emakumezkoak ziren eta 148 gizonezkoak. Adinari dagokionez, 18 eta 30 urte bitarteko tramuan 27 emakume eta 29 gizon; 31 eta 45 urte bitartekoak, 38 emakume eta 41 gizon; 46 eta 60 urte dituztenen artean 36 emakumezko eta 40 gizonezkoak ziren eta 61 urte edo gehiago dituztenak 52 emakume eta 61 gizon. 

Erdigunean irisgarritasuna errazteko aparkalekua egiteko ideia dago muinean

Galdeketa erantzun zutenei 25 galdera egin zitzaizkien. Alkatearen arabera, ‘ideia nagusietako bat erdigunera hobeto iristeko aparkaleku bat eraikitzea da’.

Une honetan parte-hartze prozesuaren bigarren faseari ekin zaio. Hilaren 27an galdeketaren ondoriok aurkeztu ziren eta deialdian parte hartu zutenen ekarpenak jaso ziren. Orain herritarrek euren iritzia luzatzeko aukera bat gehiago ematen da, abenduaren 15a bitarte luzatuko dena. Hala, Ordiziarako onuragarriak izan daitezkeen ideiak eman daitezke, trafikoa, garraioa, aparkalekuak eta, oro har, mugikortasuna hobetzeko.

Ideia horiek luzatzeko bi formula daude:

1-    Internet bidez korreo elektronikoa bidalita honako helbidera: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko., mugikortasunari buruzko parte-hartze prozesurako dela adieraziz.

2-    Udal Arreta Bulegora gerturatu eta idatziz azalduz, gai bera aipatuz. Bulegoren ordutegia honakoa da: 8:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera.

Jasotako informazioa aztertu eta azken txostena egingo da, bideragarritasun teknikoa aztertu eta Ordiziako Mugikortasun Plan bat egin ahal izateko.

Santamariak herritarrei dei egin diete euren iritzia eman ditzaten, hobekuntzak bideratzeko parte-hartze hori garrantzizkoa dela azpimarratuz. ‘Ordiziari bultzada bat emateko mugikortasuna hobetu eta neurri berriak hartzea da gakoetako bat. Azoka, merkataritza eta turismoari begira gaude. Gure garapenaren alde egin eta aukera berriak gureganatzea da ideia. Ordizia irisgarriagoa, jasangarriagoa eta atseginagoa eginez, alegia’, esan du.