EGUN HISTORIKOA ORDIZIAN 750 URTE GEROAGO

Iñigo Urkullu lehendakariak ‘Villafranca’, Ordiziako hiribilduaren 750. urteurreneko ekitaldi instituzionala presiditu du

1268ko uztailaren 30ean `Ordiçia’ edo ‘Erdiçia’ herriari Hiri Gutuna eman Alfonso X.enak.  750 urte betetzear daude eta honen inguruan aurten antolatu den programaren baitan ospatu da gaur ekitaldi nagusia. Okasioak merezi zuen eta Tolosan, Gipuzkoako Artxibategi Nagusian gordetzen den Hiri Gutuna orijinala ekarri da Ordiziara. 

Ekitaldia eguerdian udaletxeko Batzar aretoan izan da eta Euskadiko agintariak elkartu ditu. Hauen artean izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente-andrea eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente-andrea.

Ordizian izan dira baita Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituren sailburua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, herriko alaba den Nekane Balluerka EHU-UPVko erretorea  eta egun historiko honetako gonbidatuen zerrenda osatu duten alkate eta zinegotzi ohiek, egungo korporazioak eta inguruko hainbat herrietako alkateek.

Jose Miguel Santamaria alkateak aginte-makila eman dio lehendakariari iristean eta denak Batzar aretoan elkartu eta gero Ordiziaren garapenaren inguruko bideo labur bat eman da. Ondoren, alkateak berak, diputatu nagusiak eta lehendakariak hartu dute hitza. Herriko Oroith eta Santa Ana abesbatzek bat egin dute bi kantu eskaintzeko eta, amaitzeko, agintariek Ohorezko liburuak sinatu dute eta talde-argazkiak egin dira.

Arratsaldean eta iluntzean izango dira ekintza gehiago, herritar eta bisitari guztiei zuzenduta. Pailazoak, herriko kantarien emanaldia eta 22:00etan hasiko den Donostiako Orfeoiaren eta Irun Hiria musika bandaren kontzertua izango da, plaza Nagusian. Amaitzeko, Astondoa pirotekniak prestatuta, su eta musika ikuskizuna eskainiko da Barrenako parkean.

Atseden labur baten ondoren, abuztuaren amaieratik aurrera jarraipena izango du  750.urteurreneko programak.

 

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik