VILLAFRANCAKO 3 TENPLUEN HISTORIA - BISITA GIDATUA

Ordiziako Historia ezagutzen, SAN BARTOLOME ermitan,  larunbatean, 11:00etan.

Antzina Villafrancako bizilagunek baieztatzen zuten bezala, San Bartolome ermita, bala tiro bateko distantzian zegoen hiribilduaren hego-mendebaldera begira. Historian zehar distantzia honek ez du inoiz eragin negatiborik izan San Bartolomerentzako, biztanleriaren oroimen kolektiboarentzat beti izan baitu nolabaiteko lotura bat antzinako “Ordiçia” edota “Erdiçia” izeneko lekuan kokatuta egotearen arrazoiagatik.

Hala eta guztiz, XIX. mende erdialdean trenaren etorrerak Villafrancako biztanleen eta ermitaren arteko lotura hau apurtzen hastea eragin zuen. Apurketa honen arrazoia begi-bistakoa zen,  eraikitako trenbideak  fisikoki zatitu egin zuen lotura. Beste hitz batzuetan esanda, nahiz eta biak gertu egon hiribilduaren eta San Bartolome ermitaren arteko komunikazioa okertu egin zen. Hala eta guztiz, zatiketa hau ez zen bere osotasunean eman. Bertan kokatutako enpresa eta merkataritza guneak, XX. mendetik, igarotze leku garrantzitsu bihurtu baitzuten ermitaren inguruan sortutako auzoa.

San Bartolome ermitaren inguruko lehengo berri dokumentala 1509koa dugu eta aipu hau Ordiziako Santa Ana kofradiaren liburuan agertzen zaigu. Bertan, 1509ko uztailaren 26an “en la iglesia de San Bartholome de herdizia” delakoan kofradia honen ordenantzak onartu zirela agertzen zaigu. Honekin, Villafranca hiribildua 1268. urtean Ordiziako lurretan sortu, Andre Mariaren parrokia eraiki eta handik 241 urtera oraindik XVI. mende hasieran, “Herdizia”-ko San Bartolome elizak ordiziarren oroimenean jarraitzen duela ikus daiteke. Beraz, badakigu XVI. mende hasieran gure eraikinaren arbasoa zutik zegoela jada eta aurreko oroitzapen bat ere nabarmentzen zela.

Beraz, larunbatean, hilak 23, goizeko 11:00etan hasita eta bisita gidatu baten bitartez, San Bartolome ermitaren jatorrian eta honen garapenenean murgilduko gara, bertan izan diren 3 tenplu desberdinak landuz. Horretarako egungo eraikina erabiliko dugu aztergai eta ez dira faltako hainbat bitxikeria eta istorio tradizioak gure herriaren jatorria dela dioen leku honen inguruan. Honenbestez, gonbidatuta zaudete elebiduna izango den bisita honetara eta ez ahaztu! San Bartolomen bertan itxarongo zaituztegu bere iragana ezagutzera emateko.

 

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik