GURE IRAGANA TALDEAK “1512, VILLAFRANCAREN SUNTSIPENA ETA AZOKAREN JAIOTZA” HITZALDIA ESKAINIKO DU

Ekitaldia D’Elikatuz gunean izango da goizeko 11:30etan.

1512. urtea Ordiziako historian kontuan izan beharreko urtea dugu dudarik gabe, alde batetik hiribilduak martxoaren 18an inoiz izan duen suterik handiena eta kaltegarriena jasan zuen eta beste aldetik, gure gaurko asteazkenetako azokaren aitzindaria sortu zen. Bi gertakari hauek, bata goibela eta bestea pozgarri, historiaren haria jarraituz batuta daude. Lehendabizikoak Erdi Aroko Villafranca erabat kiskali zuen eta bigarrenak berriz hiribildua Errenazimentura eraman zuen. Beraz, azoka batek ekonomi kaxkar bat suspertzeko gai izateak merkataritza garai indartsu bat zegoela atzean erakusten digu hiribilduaren berreraikuntza erraztuz.

Baina nor izan zen gure azokaren aitzindariaren arduradun? Juana I.a Gaztelako Erregina dugu asteazkenetako azokaren lehendabiziko bultzatzaile eta sortzaile duina. Erregina honek urte bereko maiatzaren 15ean urteko asteazken guztietan zerga gabeko azoka bat ospatzeko pribilegioa eman zion erre berri zen Villafrancari, historia zehar jasandako gora beherekin eraberrituta jaso dugun gure azokaren balio historikoaren oinarria izanik. Erabat jota eta larri zegoen hiribildu batentzat laguntza hau funtsezkoa izan zen. Honela, Villafranca errege bidea zeharkatzen zuten merkataritza hiribildu nagusietako bat bihurtu zen.

Beraz, 750. urteurrenean sartuta gaudenez eta neguko eguraldi aprobetxatuz hurrengo igandean, hilak 11, 11:30etan D´elikatuzen hiribilduaren Ordiziako historiaren zati hau azalduko digute Gure Iragana taldeko kide diren Nerea Iraola eta David Cano historialariek. Honetarako hainbat artxiboetan III. Victor Mendizabal ikerketa lanerako batutako dokumentazio historikoa erabili eta erakutsiko dute gertakariaren xehetasunik ez galtzeko. Honela, Gure Iragana taldekoek eta “Villafrancako historia ezagutzen” lemapean, hainbat hitzaldi eta bisita gidatu garatuko dituzte urtean zehar, aurreko urtean hasi ziren bezala, Ordiziako historiako gai eta gertakari desberdinak herritarrengana gehiago hurbiltzeko helburuarekin irmoki jarraituz. Amaitzeko esan behar da aurkezpena euskaraz eta gaztelaniaz izango dela entzule guztien ulermenerako.

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik