aurrekontuakBizilagunek 100.000€ zertan gastatu nahi dituzten erabakiko da

Urtarrilaren 9an Aurrekontu parte hartzaileen bilera egin zen Udaletxeko pleno aretoan,  bizilagunek 100.000€ zertan inbertituko lituzketen jakiteko. Auzoz auzo egin ziren proposamenak plenarioan jaso ziren.

Datorren asteazkenean, otsailaren 6an, bigarren bilera egingo da bizilagunekin, arratsaldeko 19etan, leku berean.  Helburua da aurrez egindako proposamenen balorazio ekonomikoak ezagutzera ematea eta aurreikusita dauden 100.000€ horiek zertan gastatu zehaztea.
Proposamen nahikoa jaso ziren auzo bakoitzetik. Eskarabillako bizilagunek atsedenerako guneren bat sortzea, skate parkera doan pasarela egitea eta Andra Marin eta Etxezarretan igogailuak jartzea proposatu zuten, besteak beste. San Joanen, auzolana egitea eta urbanizazio lanak dirauten bitartean  kaleak txukuntzea lehenetsi zen.

Buztuntzako auzokideek plazan gune berdea sortzea eta jolas lekua eta ekintza lekua egitea aipatu zuten. Altamira-Otegi Eneakoak berriz, parkeko jolaslekua konpontzea, hondoratzen ari den Zumalakarregi etorbideko zorua konpontzea eta ezinduentzako tranpala egiteko beharra aipatu zuten.

Herriguneari dagokionez, Arana kalean dagoen "panteoiaren" mantenua eta Plazako komun publikoaren konponketa dira zerrendatu zituzten proposamenak.

Beraz, hurrengo asteko bileran proposamen hauek eta egindako beste guztien inguruko informazio gehiago eskainiko da. Helburua da Udalak egin dituen balorazio ekonomikoak partekatu eta dirua zertan gastatu zehaztea.