Gizarte zerbitzuak indartu eta Majori kiroldegiko multzoaren eraberritzea martxan jarri nahi da aurten

Ordiziako Udal gobernuak 2018rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Martxoan egin nahi den ez-ohiko bilkuran landuko da bere onarpenerako, otsailaren 5ean gobernu batzordean iragarritakoari eutsiz.  Batzorde honetan alderdi politiko guztiak daude ordezkatuta. Jose Miguel Santamaria alkateak inbertsio plana parte-hartze prozesuan oinarritu dela azpimarratu du. Alkatearekin batera prentsa aurrean agertu dira  Jose Ignacio Iturrioz, Arantxa Fernandez, Joseba Aranburu eta Iñaki Dubreuil zinegotziak.

Santamariak argitu nahi izan duenez, ‘prentsa bidez ezagutu dugu oposizioaren preokupazioaren tamaina, izan ere elkartu izan garen bakoitzean ez dute ezer aipatu’. Sarritan elkartzen direla esan du: ‘aste honetan bertan lau aldiz’, zehaztu du.

2018rako aurreikusitako diru-sarrera eta gastuen diru kopurua 14.100.000 eurokoa da. Inbertsioetarako dagoen diruak gora egin du: 4.646.000 euroko inbertsioak proposatzen dira. Gastu errealen eta diru-sarreren partida guztietako aldez aurreko azterketa ‘sakon eta zehatz’ batetik abiatzen da 2018ko proposamena ere. Gastu eta diru-sarreretan aurrekontu ‘errealista’ bat aurkeztea da asmoa. Helburu nagusia Ordizia hobetzea da, zerbitzuaren maila ona mantenduz eta hobetuz. Beti ere aurrekontuaren oreka finantzaria mantenduta.

Udal arduradun teknikoek eta herritarren ekarpenak jaso dira proposamenak zehazteko. Herritarren ekarpenak iaz burututako parte-hartze prozesuan jaso ziren.  Guztira 330 proposamen zenbatu ziren eta horietatik asko daude landuta inbertsioen zerrendan. Beste alderdi politikoei atzo aurkeztu zitzaien aurrekontu proposamena.

Eguneko arreta zentroa eta herritarrentzat laguntza berriak eskainiko dira

Gizarte arloa lehenetsi nahi izan du udal gobernuak. Izan ere, gizarte zerbitzuak indartu nahi dira aurten, legeari egokitzeko, betebeharrak gehiago izango dira eta. 2017an arlo honen plan estrategikoa eta etxez etxeko zerbitzuaren ereduaren inguruko azterketa egin ziren. Hobekuntzak ezarri dira eta plan estrategikoa garatzen hasi da Udala. Hala, aurrekontuari dagokionez, 300.000 euro gehiago izango dira gizarte zerbitzuetarako.

Berrikuntzen artean, eguneko arreta zentroaren proiektua jarri nahi da martxan eta familientzat ere laguntzak izango dira, era desberdinekoak, beti ere orain arteko ereduan laguntzarik izateko aukerarik izan ez dutenentzat. Zentroarentzat 20.000 euro jarri dira eta 50.000 aipaturiko laguntzetako. Laster emango da hauen berri zehatzagoa.

Herriko kaleetan urbanizazio berritzeak eta asfaltatzeak, argiterian eraginkortasun energetikoa hobetzea, parkeetan jolasak berritzea, eta proiektu garrantzitsu zehatz batzuk ere egin nahi dira. Esate baterako, Buztuntza plaza berritu, Eskarabillan komun publikoak jarri Altamira eta Suhiltzaileen arteko pasealekua hobetu eta Okorro eta ikastolaren arteko zatia urbanizatu nahi da.

Herriko hainbat eraikin edota zerbitzuetan ere inbertituko da. Hauen artean, Barrena kultur etxean, Urdaneta ikastetxean, Zuhaizti zentroan, Goierri Eskolan, Oiangun edota Herri Antzokian. Lukusain plazapean dauden Brues enpresaren 32 garajeak erosiko dira, horretarako aukera sortu baita. 

Udalaren funtzionamendua hobetzeko hainbat inbertsio egingo dira. Kale garbiketarako tresneria erosteko 29.000 euro zehaztu dira, bulegoetarako informatika ekipoak, seinaleak garraiatzeko orga, udaltzaingorako motorra eta beste batzuetarako beste 32.700 euro.

Kirol azpiegiturak berritzeko lehen fasea esleitu eta hasiko da

Majori kiroldegia berritzeko hausnarketa prozesua  luzea izanda, Altamirako eta Beti Alai pilotalekuko instalazioak barne, eta beharrak asetzen hasteko momentua iritsi da. Hala, datozen urteetan pauso garrantzitsuak emango dira pixkanaka berrikuntza gauzatzeko. Udal aurrekontuan 295.000 euroko inbertsioa proposatzen du udal gobernuak Beti Alaiko markagailua aldatzeko, Majoriko sauna eraberritzeko eta anexoko belarra guztiz berritzeko. Datorren urtean berritu nahi da Altamirako belarra ere.

Honez gain, kirol multzoaren proiektuaren lehen faseari hasiera eman nahi zaio. Lehenengo, proiektua esleituko litzateke eta, obra hasita, bi urtez luzatuko da lehen fasea. Hiru milioiko aurrekontua du eta erakunde desberdinetatik laguntzak izango dira, Gipuzkoako Foru Aldunditik bereziki. Majoriko bi eraikinetan egingo dira lanak. Alde batetik, kubo berderako aurreikusitako berrikuntzak eta, bestetik, bere alboan dagoen eraikin griseko aldagelak, soinketak gelak eta erabilera anitzeko gelak eraberrituko dira. Taberna aldatzeko, kiroldegiko sarbideak egokitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak ere egitea da helburu.

Ordizia 750.urteurrenaren baitan, Kulturako beharrak zehazteko herriko eragileekin osatuta ‘KulturLab’ taldea ariko da lanean urtean zehar.

 

INBERTSIOAK

KONTZEPTUA

KOSTUA

Semaforoa eta oinezko bidea Zaldibiako bidegurutzeko merkatalgune parean

25.000€                           

Eraikin publikoetan jarduera eta babes planak

15.000€

San Joan auzoko urbanizazio kuotak

106.271€                               

Zoru labaingarrientzat tratamendua   

20.000€

Joseba Rezola pasealekua asfaltatzea

232.700€                                 

Okorrobidea eta Jakintza ikastola arteko urbanizazioa

65.800€                                   

Buztuntza plaza berritzea   

100.000€                               

Eskarabilla auzoan komun publikoak jartzea      

52.000€                                    

Altamira eta Suhiltzaile parkearen arteko paseon hobekuntzak     

27.000€                         

KZgunea lekuz aldatu, udal artxibategia moldatzea Osasun zentroa handitzeko 

60.000€

Eguneko arretarako zentroaren proiektua

20.000€

Obra txikiak  

34.000€    

Urdaneta kalean 64 zenbakitik Malkaskora arteko berrikuntza 

15.000€

Hilerrian bigarren kolunbarioa jartzea   

12.000€

Herri argiterian hobekuntzak 

102.600€

Herri baratzak     

15.000€

Kautxozko alkorkeak jartzea    

10.000€ 

Parkeetako haur jolasak berritzea

30.000€ 

Lorategietan ureztatze sistema automatizatzea 

12.900€  

Kale garbiketa tresneria erostea

29.000€

Gizarte zerbitzutako plan estrategikoa 

17.400€

Udal funtzionamendurako inbertsioak

32.700€

Barrena kultur etxean hobekuntza eta liburu erosketak  

24.500€

Herri Antzokian pantaila berritzea, isolamendua jarri eta seinaleztapena    

20.000€

Oiangun inbertsioak 

12.000€

Goierri eskolan inbertsioak  

30.800€

Zuhaizti zentroak inbertsioak   

9.000€

Urdaneta eskolan inbertsioak   

40.000€

Delikatuz zentroan erosketa eta azokako aplikazioa     

7.500€

Lukusain plazapeko garajeak erostea

163.000€

Inbertsioak kirol guneetan

295.000€

Majoriko proiekturako lehen fasea

3.000.000€

                                                                                                                GUZTIRA

4.646.000€