Oposizioak Ordiziako aurrekontuak atzera botata herritarren interesen gainetik interes politikoa jarri dutela esan du Udal Gobernuak

Ordiziako oposizioko alderdiek ezezkoa eman zioten Osoko bilkuran aurreko ostegunean udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenari. Atzera bota zuen ekarpenik egin gabe. Espero zen horrelako jarrera, urtarrilaren 23tik ixilik egon baitira esku artean aurreproiektua izanik. Helburua ezer egiten ez uztea dela esan dute EAJ-PNV eta PSEko ordezkariek.

Hona hemen adierazitakoak:

''Herritarren parte-hartzearen mailari eta gardentasunari kritikak eginez, beraiekin adostutako inbertsioak egin ez direla argudiatuz, udal gobernu hau fidagarria ez dela esanez, alkatearen eta taldearen kudeaketa-erak eta bestelakoak kritikatuz, euren helburu nagusia, bakarra, ezkutatzen saiatu ziren: gobernu taldeari oztopoak jartzea.

Hala, EH Bilduk aktiboa den kudeaketa iluntzea besterik ez du nahi, aurreko legealdiko bere akzio falta eta ahalmen eza ezkutatzeko. Ordizia Orainek, ezer ez, alkate hau gustuko ez dutelako, ezta gobernu hau eta lanerako modua edo proposatzen dena. Eta biek herritarren interesaren gainetik euren estrategi politikoa jartzen dute, gobernuaren kontra eginez beti.

Aurrekontua auzoetan, sareetan, aholku batzordetan, herritarrekin eta udal teknikariekin, errealitatearekin egonda osatu da eta ez du merezi zakarrontzira botatzea. Halaxe egin baitute. Eta 44 egun izan dituzte euren proposamenak luzatzeko. Parte-hartzea eta egindako lana estaltzen eta gutxiesten saiatu dira. Eta horrela ari dira legealdi honetan. Jarrera honekin oztopokoak jarri eta Ordizia geldiarazi besterik ez dute nahi, eta Ordiziarrok ez dugu horrelakorik merezi.

Udal gobernuko alderdienganako mesfidantza eta EH Bildu eta Ordizia Orainen arteko estrategia komuna dira nagusi. Guri dagokizunez, oposizioko alderdiekin ezer adosteko gai ez izateagatik barkamena eskatu nahi diegu herritarrei. Gure konpromisoa, ordea, aurrera egitea da oztopo guztiak gainditzen saiatuz.

Ez-betetzeak

Hainbat proiektu ez ditugula egin diote. Gogoratu behar dugu aurreko abenduko aldizkarian proiektu guztien eboluzio edo betetze mailaren inguruko informazioa eman genuela. Oposizioak aipatutakoak barne.

Nahiz eta oztopoekin trabatu, urte bukaerarako aurrekontuaren  %92a exekutatu dugu. Eta kuriosoa da baina oposizioak iaz aurkeztutako proiektuak, EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatuta, 2014ean onartu zituen 2015ean egiteko. Baina martxan jartzeko gai ez ziren izan. Legealdi bukaera izan zuten horretarako, sei hilabete. Guk iaz izandako epe bera, maiatzaren 26tik. Eta kontra egiten ari direnak badakite abenduaren 31erako esleitu ez den proiekturik ez dagoela aurrera eramaterik aurrekontu berriak izan arte.

Dena dela, harro gaude egindakoez:

-‘atez atekoa’ ordezkatu izanaz, ahal zen denbora laburrenean zailtasun ugariak gaindituz.

-Majorin inbertsio berriak egiteko laguntzak eskuratzeko denborarekin jokatu izanaz, aurreko legealdian aukera honetaz ‘paso’ egin zutela gogoratuz.

-2012an inauguratutako Garbigunea eta CAF lantegiko ingurua legeztatu izanaz.

-eta Plan Orokorraren aurrerapena aurreko abenduan aurkeztu izanaz, gehiengoa izanda aurreko lau urteetan udal agintariak egiteko gai izan ez zirenez.

Legealdi honen hasieratik denbora asko eman dugu erdizka jasotako hainbat proiektu legalizatu eta eguneratzen. Eta Bilduko ordezkariek ezin digute exijitu sei hilabetetan egitea eurek lau urtetan egiteko gai izan ez direnean. Proiektu gehienak bideratzen ari gara, eta jakitun dira. Euren proposamenak aurrera ateratzeko lau urte izan zituzten. Zergatik ez zituzten sikiera proiektatu euren asmoetan egonda?

EZezkoaren ondorenak

Aurrekontuari ezetz esateak Ordiziaren garapena izozten du. Hau da EH Bildu eta Ordizia Orain / Podemosen jarreraren ondorena.

Hauek dira aurreikusitako inbertsioetako batzuk, izozgailuan geratu direnak:

*Etxebizitzen Renove plana (berritzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko)

*Gaztedi plana egitea

*Energia eraginkortasun udal plana

*Udaltzaingoarentzat, Babes Zibilarentzat eta Zuhaizti elkartearentzat desfibriladoreak erostea

*Hiri antolamenduaren Plan Orokorra

*San Bartolome auzoa berritzea (1. Fasea)

*Aparkaleku berri bat eraikitzeko proiektua

*Majori kiroldegian inbertsioak: partida bat aurreikusten da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzen esleipena ezagutu bitarte

*Ez irristatzeko tratamenduak

*Joseba Rezola pasealekua eta Arramendi kalea asfaltatzea

*Altamira kalea berritzea

*Obra txikiak

*Haur parkeak berritu eta txakur parke bat egitea

*Oianguko parkinean hobekuntzak egitea

*Urdaneta ikastetxean hobekuntzak

*Herri Antzokian eta Zuhaizti zentroak inbertsioak

Hau ez da amaitu eta aurrera ateratzen saiatuko gara, baina oposizioaren ardura falta nabarmena da. Desgastea eragitea, blokeatzea eta boikota ditu helburu, gero hauteskundeen atarian ezer ez dugula egin esateko. Orain arte, gauza bera dirudite EH Bildu eta Ordizia Orain. Ezezkoa ikur hartuta ibili ordez, lagundu, proposatu eta ekarpenak aurkeztu Ordiziaren kudeaketa hobetzeko. ''