Herrian 900 txakur daude erroldatuta eta hauek aske ibiltzeko  jabeen eskariak jaso dira

Ordiziak txakurrentzat lehenengo gune berezia prestatu du. Upabialdean dago, skate parkearen ondoan. San Joan auzoan jarri behar zen, baina Udalak bizilagunen artean kontsulta eginda gero, proposamenak harrera ona ez zuela ikusita, ordezko tokien bilaketa egin zen. Upabialdekoaz gain, aurten bigarren gune bat zabalduko da, Altamira parkeko zati batean.

Upabialdekoa zabalik da dagoeneko txakurrentzat. Eremuan euren jabeekin batera sartu behar dira beti. Aisialdi gunea 1.234 metro koadroko azalera du eta hesi batekin itxi da. Txakurrek ura edateko iturria dute eta hauen gorotzak jasotzeko pipi-can deritzan zakarrontzia dago. Ate bikoitza eta txakurrak askatzeko sarrera jarri dira, seguruago irten eta sartzeko.

Beraz, ekipamendua txakurrak aske ibiltzeko da. Baina oinarrizko arauak errespetatu behar dira. Jabeak euren animalia zaindu behar du; erasokor agertzen bada, lotu eta  eremutik atera egin behar du; txakur ‘arriskutsu’ deritzanak muturrekoa jarrita ibili behar dira; puntadun lepokorik ez dago erabiltzerik eta ezin dira eremuan sartu otzal dauden txakur-emeak eta hamabi urtez azpiko neska-mutilak. Nagusi bakoitzak bere txakurraren gorotza jaso egin behar du, horretarako poltsak eta zakarrontzia daude. Aholku hauek kartel batean erakutsiko dira parkean bertan.

Aurreko bi urteetan Udal aurrekontuak prestatzeko parte-hartze prozesuak burutu dira eta azpiegitura honen eskaria jaso izan da. Ordizian 900 txakur inguru daude erroldatuta.