Ordiziako Udalak Arramendi, Bizkaia, Arana, Orexa parkean eta Urdanetako eskolan hobekuntzak egin ditu

Abuztuan zehar Ordiziako kale eta txokoetan dagoen lasaitasuna aprobatxatu du Udalak berrikuntza lanak egiteko. Hala, oporretatik itzultzean hainbat hobekuntza antzemango dituzte herritarrek.

Alde batetik, Arramendi kalean eta Bizkaia pasealekuan asfaltoa berritu eta zorua margotu da. Arramendi kalea osorik egin da eta Bizkaia pasealekua, Tximistako zubitik Orexa parkera arte.

Bestetik, Orexa parkeko zorua aldatu da eta Urdaneta haur eskolako parkea erabat berritzen ari da Udala, zorua eta jolasak barne.  Aste honetan bertan bukatuko da lana. Era berean, Urdaneta ikastetxeko sarrera konpontzeko obrak gauzatzen ari dira. Obra hau ere aste honetan bukatzea aurreikusten da.

Bestalde, Udal langileak Arana kaleko terrazako barandila guztia margotzen ari dira. Irailaren erdirako amaitzea aurreikusten da.

Amaitzeko, Urdaneta kaleko zubitik Caf lantegira daraman bidegurutzean margotutako  biribilgune txikia egonkortzeko obra egin da. Helburua gune horretan segurtasuna hobetzea da.