SAN BARTOLOME KALEA BERRITU ETA AUZOKO TRAFIKOA BERRANTOLATZEKO OBRA AMAITU DA

Aintzane Oiarbide foru diputatuak eta Jose Miguel Santamariak alkateak bisitan izan dira elkarlanean egindako lana ikusteko

403 herritarrek erantzun zuten trafikoa antolatzeko egindako galdeketan

Ordiziako San Bartolome kaleko urbanizazioa eta auzoko zirkulazioa berrantolatzeko obra amaitu da. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak onartu zuen 2016ko ekainean eta hainbat zailtasun gainditu ditu. Aintzane Oiarbide, arloko foru diputatua, Ordizian izan da obraren ondorena ikusteko Jose Miguel Santamaria alkatearekin batera.

Alkateak egitasmoa Udaleko Osoko bilkuran 2017ko hasieran aurkeztu  eta oposizioak ‘hiru aldiz atzera bota eta gero’ onartu zela gogoratu du. Azkenean, Foru Aldundiak 280.000 € kin lagundutako obra iazko abenduan hasi zen eta hilabete honetan amaitu dira lanak, aurreikusita baino sei aste beranduago, egin duen euriak atzeratuta.

Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez,  ‘N-1eko sarrera irteera nabarmen hobetu da. San Bartolome kalea norabide bakarrekoa bilakatu denean espaloiak zabaltzeko aukera eman digu. Merkatal zentroa bertan dagoenez oinezko asko ibiltzen da zonaldean eta horiek segurtasunean asko irabazi dute’.  Goierri Eskola eta Tren Geltokiaren arteko ibilbidea erraztu dela ingurunearen berrantolamenduarekin gehitu du Oiarbide diputatuak.

Trafikoa antolatzerakoan bi noranzkoak mantentzea nahiago

Otsaileko lehenengo astean amaitu zen N-1 errepidearen eta Eroski merkatal gunearen artean ireki den sarbide berria. Azken hilabeteetan burutu da San Bartolome kaleko urbanizazioa eta Ordiziako erdigunera sartzeko aukera itxita egon da denbora horretan. Bitarte honetan parte-hartze prozesu bat egin da herritarren artean obra amaitu eta gero trafikoa nola moldatu erabakitzeko. Hala, 403 erantzun jaso ziren  San Bartolome auzoa eta Goierri kalearen arteko zirkulazioa nola berrantolatzeko galdetuta. ‘Egindako galdeketan bi noranzkoak mantentzearen alde agertu ziren iritzia eman zuten 320 herritarek. Horregatik gehiengoak esandakoaren baitan antolatu da ireki berri den trafikoa’, esan du alkateak.

Hau dela-eta, orain ere herrira sartu eta irteteko San Bartolomeko sarbidea erabili ahal dute ibilgailuek, atzo arratsaldetik. Hori bai, kontutan izanda N-1 errepidetik sartzean merkatal gune paretik zabaldu den bide berritik hartu beharko dela, hortik aparkalekura atera eta herrira sartu. Horrela auzoko kale nagusian noranzko bakarra ezarri da, irteerakoa. Helburua da oso ugariak diren oinezkoak eta bizilagunak lasaiago eta seguruago ibiltzea eta bizitzea. San Bartolomeko aparkalekuaren erabilera bultzatu ere nahi da.

Auzoa hobetzeko pauso berria garrantzitsua da, baina ez eman den edo emango bakarra. Duela urte batzuk ekin zitzaion auzoaren berritzeari, pixkanaka, erortzear zeuden eraikin batzuk botaz, espaloiak egin, argiteria berritu, ingurua txukundu eta aparkalekua handituz, besteak beste. Udalaren apustua da Ordizia atseginagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzea.