2014-12 23-AgerrebideaPintatze lanak egitea besterik ez da falta Lazkaibar eta N-1 lotuko dituen errepidea irekitzeko

Bihar arratsaldean, Eguberri bezpera eguna, zabalduko da Agerrebidea, 13:00etatik aurrera. Eguraldia lagun, azken egunetan asfaltatze lanak egiten aritu dira, eta gaur eta bihar artean pintatze lanak eginda, errepide berria erabilgarri egongo da ibilgailu, oinezko eta txirrindularientzat. 270 metroko luzera du zati berriak, eta 11 metroko kaltzada, 7 metrokoa ibiligailuentzat bi noranzkoetan eta 4 metrokoa oinezko eta txirrindularientzat. Campezo enpresa aritu da joan den abuztuaren 24tik errepide berria eraikitzen (459.000 euroan esleitu zitzaizkion lanak, BEZ barne). Era berean, Agerrebideko eta Goierri Eskolako bidegurutzeak espaloi bidez egokitzeko lanak egiten ari da Ordiziako Udala.

UDALAREN ETA FORU ALDUNDIAREN ARTEKO HITZARMENA (2013KO ABENDUA)

OBREN HASIERA (2014KO IRAILA)

OBRETARA BISITA. ARGAZKI GALERIA (2014KO AZAROA)

 

Bide hau irekitzean Ordiziaren aspaldiko nahi bat beteko da. Agerrebidea berritzea urte askoan mahai gainean egon den proiektu bat izan da, baina orain arte ez da gauzatu ahal izan. Sarrera-irteera berri bat izateaz gain, galiborik ez duen Ordiziako lotune bakarrean bihurtuko da (San Joanen eta San Bartolomen altuera mugatua dago), eta CAF aldera doazen kamioi edo bestelako ibilgailuek sartu-irteera zuzena izatea bermatuko du. Inguruko herritarrei ere joan-etorria erraztuko die errepide berriak, eta aurrerantzean ohiko sarrera-irteera gune bihurtuko da erabiltzaile askorentzat.

Mugikortasuna eta segurtasuna
Ibilgailuen mugikortasuna eta segurtasuna ez ezik, oinezkoena eta txirrinduzaleena ere hobetu egingo da obra honekin. Zazpi metroko galtzadan ibiligailuak bi zentzuetan ibili ahalko dira aurrerantzean (errepidea oso estua eta arriskutsua zen lehen), eta lau metroko espaloian oinezko eta txirrinduak. Obra egin aurretik errepideak ez zuen espaloirik, eta gaur gaurkoz gainera, CAF aldetik eta Eskarabillatik bertara iristeko oinezko guneak egokituta daude.

Oinezko bidea Goierri Eskolaraino
Eremu horretako lanak ordea ez dira bukatuko Agerrebideren irekierarekin. Zati horren bidegurutzea eta Goierri Eskolaren azpialdean dagoena espaloi baten bidez lotzeko proiektua gauzatzen ari da udala. Zati hori egindakoan, Goierrira, Garbigunera edo Oiangu aldera doazen oinezkoek ez dute zertan bide bazterretik ibili beharrik izango. Lan horiek datozen egunetan bukatuko dira.