2014-11-11 agerrebideaObrak epe barruan doazela adierazi du gaur Igor Eguren alkateak obretara egindako bisitan

Lazkaibar eta N-1 errepidea lotuko dituen Agerrebideko lanak (Upabi izenez ere ezagutua) hilabete barru bukatzea espero du Ordiziako Udalak. Lur mugimendu gehienak irail eta urri bitartean egin dira, eta N-1aren aldetik Guardia Zibilaren kuartel parerainoko zatian urbanizazio lanak ere hasiak dira. Datorren astean hasiko dira kuartelaren paretik trenbideko zubiraino doan zatiarekin, eta baldin eta eguraldiak baimentzen badu, Eguberrien aurretik erabilgarri izango da Agerrebidea. Errepide berriak 270 metroko luzera izango du, 7 metroko galtzada autoentzat bi noranzkoetan, eta 4 metroko espaloi bat oinezko eta txirrinduentzat. Udalak Campezo enpresari esleitu zizkion lanak uztailean 380.000 euroan (BEZa aparte), eta abuztuaren azkenean hasi ziren lehen lanak egiten. Bidea zabaltzen denean ordiziarren aspaldiko nahi bat beteko da.

UDALAREN ETA FORU ALDUNDIAREN ARTEKO HITZARMENA (2013KO ABENDUA)

OBREN HASIERA (2014KO IRAILA)

OBREN HASIERA. ARGAZKI GALERIA (2014KO AZAROA)

Igor Eguren alkatea, Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasun zinegotzia, Juanma Saez udal arkitektoa eta Enrike Redondo Hirigintza batzordeko kidea Agerrebideko obrak bisitatzen izan dira gaur obraren arduradunekin batera. Eguren alkateak adierazi du astero egiten zaiola jarraipena obrari, baina obraren bilakaera bertatik bertara ikustea zela nahia. "Datorren hilabete barrura bitarteko pausoak zein izango diren zehaztu nahi izan dugu. Hilabeteko epea dago amaitzeko, eta obrak epe barruan doaz, dena uste bezala".

Lanak abiada handian hasi zirela nabarmendu du, baina astebeteko etena egin behar izan dutela eguraldi txarrarengatik. "Enpresa eraikitzaileak aurreikusi ditu lehen fasea amaitzeko egunak, eta datorren astetik aurrera hasiko dira justu kuartelaren azpian dauden lurrak mugitzen, eta azken faserako prestatzen. Gaur gaurkoz egiten ari direna da kuartelera igotzeko bidea egokitzea".

Onura herritarrentzat
Egurenek nabarmendu du obra hau bukatzen denean ordiziarren "aspaldiko nahi bat" bete egingo dela. "Esan behar da aspalditik mahai gainean egon den proiektu bat dela, baina orain arte ezin izan dela gauzatu. Errepide honek herriko sarrera-irteerak hobetuko ditu, galiborik gabekoa izango da, oinezkoentzat eta txirrinduentzat egokitua, eta autoei ere bidea erraztuko zaiela. Ordiziako sarrera-irteera nagusietako bat bihurtu beharko litzateke errepide hau".

"Inportantea da aipatzea Ordiziara sartu eta irteteko bide honek ekarriko duen onura. Kontuan izan CAFera etortzen diren kamioi eta bestelako ibilgailuek ze bide egin behar izaten duten, eta orain hau sarrera natural bat bihurtuko da. Baita ere Ordiziatik N-1 aldera joateko ere, inguru honetako bizilagunek San Joan edo San Bartolometik irten behar izan baitute. Bide honek ahalbidetuko digu sarrera naturalagoa bat izatea herritar bakoitza non bizi den kontuan hartuta".

Mugikortasuna eta segurtasuna
Alkateak adierazi du bide berri hau zabaltzean herritarren "segurtasuna" hobetuko dela. "Hemendik jende asko ibili da Goierri eskolara joan-etorrian, hemen zegoen bideak espaloirik ez zuen, oso errepide estua zen, eta honek ahalbidetzen digu bide seguru bat izatea. Bidea irekitzean oinez eta txirrinduz ibili ahalko da hemendik, eta gero Goierri Eskolarako igoerarekin lotu beharko da.Uste det mugikortasunaren eta segurtasunaren aldeko apustu bat dela, ez da gaurkoa, aspaldikoa da, baina gauzatzen ikusten ari gara".