Atez ate 02Ordiziako Udala hondakinen kudeaketa berriaren inguruan lanean hasi da

Ordiziako Udalak hondakinen kudeaketa eredua aldatzea onartu zuen 2012ko ekaineko osoko bilkuran. Prozesuari hasiera emateko 10 bilera informatibo egin ziren iaz, zeinetan 450 pertsonek hartu zuten parte.

Bilketa sistema berriaren ezarpenaren inguruko planteamendua azaldu eta eragile desberdinekin iritziak partekatzeko bilera erronda hasi du Udal Gobernuak aste honetan. Atez Atekoaren Kontrako Herri Ekimenarekin, Ordiziako Zero Zabor taldearekin, herriko merkatari, ostalariekin eta eragile politikoekin izango dira lehen bilerak.

Sortzaile bereziei dagokienez (merkatariak, ostalariak...), jarraipen berezia egiteko prozedura jarriko da abian. Ingurumen enpresako hezitzaileak establezimendu bakoitzera bisita egingo dute bilketa prozesua azaldu eta bakoitzaren beharrak identifikatu eta asetzeko.
Aldi berean, herriko atari guztien azterketa teknikoa ere martxan jarriko da bizilagunei ezarpen aukera posibleen proposamenak helarazteko helburuarekin. Proposamen hauek maiatzean egingo den parte hartze prozesuan jakinaraziko zaizkie bizilagunei, aukerarik aproposenak baliatzeko.

Bileretako datak, orduak eta lekuak ezarri ahala jakinaraziko zaizkie herritarrei.