IMG 2132 1Herrian egiten ari diren lapurreten inguruan informazioa eta hartutako neurriak eman dituzte ezagutzera

Igor Egurenek, Alkateak, Iban Asenjok, Zerbitzuetako Zinegotziak, eta Aitor Eskalantek, Udaltzainburuak prentsaurrekoa eskaini dute azken hilotan herrian egiten ari diren lapurreten inguruan herritarrei informazioa emateko eta bide batez, Udalak hartu dituen neurrien berri emateko.

Azken urte hauetan, Ordizian ez ezik Goierriko beste hainbat herritan ere areagotu egin dira lapurretak. Gertaeraok, batez ere, kale mailan dauden denda, taberna eta elkarteetan izan dira eta, azken aldian, etxebizitzetako garaje pribatuetan. Ekintzaon ugaritzea ez da Goierrin bakarrik eman, baina Ordizian oso nabarmena da lapurretak areagotu egin direla.

Iazko udatik hona, Ordiziako Udala, egoerarekin kezkaturik, gertaeraok ekiditeko ahaleginean ari da. Helburu horrekin hartu-eman zuzena abiatu zuen duela hilabete batzuk Ertzaintzak Beasainen duen komisaldegiko arduradunekin.

Egoeraz ohartuta, urte hasieran zaintza kanpaina berezia abiatu zuen Ertzaintzak Ordizian. Operatiboa bost astetan luzatu zen eta gaueko zaintzaren ondorioz lapurreta kopurua %60an murriztu zen epe horretan. Jakin bagenekien emaitzak ez zirela behin betikoak izango baina egoeraren azterketa egiteko balio izan digu.

Azken bi hilotan berriz ere areagotu egin da lapurreta kopurua eta salbuespen neurriak hartzea egokitu da. Udalak, bere eskumenekoak dituen neurriak hartu ditu. Azken egunetan, udaltzaingoa zaintza berezia egiten ari da lapurretak izan diren eremuetan -gertaerok behin eta berriro errepikatu direlako inguru bertsuetan-, eta lapurretak izan daitezkeela susmatzen den tokietan. Ertzaintzak ere berriz abiatu du zaintza kanpaina lapurretak sahiesteko asmoarekin. Azken kanpaina honen ondorioz, aste honen hasieran bi atxiloketa egin dituzte -gaur komunikabideetan jakinarazi direnak-, gertaera hauekin zerikusia izan dezaketelakoan. Momentuz, ikerketa zabalik dagoela jakinarazi digute.

Udalak, mezu argia luzatu nahi die herritarrei. Ordizian hain ezohikoa zaigun egoerari ardurarekin baina asaldatu gabe heldu behar zaio. Egoerak sortu dezakeen alarma-hotsak ez dio inolako mesederik egiten elkarbizitzari eta egoera bere horretan hausnartu behar da, izua eragin gabe.

Ordiziako Udalak ez dio muzin egiten bizi den egoera deserosoari eta ahalegin berezia egingo du gertaerok ekiditeko, jakin badakien arren gizartearen beraren izaera eta moldaketaren erruz areagotu direla egoera hauek eta ez dutela aterabide errezik. Bide honetan egoera arintzea guztion esku dagoen zerbait da. 

Bizilagunek har ditzaketen neurriak:

  1. Garaje komunitarioetako sarrerako atea itxi arte itxaron, eta horrela zaindu ezazugunen bat ez dela sartzen.
  2. Banakako garajeetako ateak ondo itxi.
  3. Lapurretek sarritan txirrinduak izaten dituzte helburu. Beraz garaje barruan giltzarrapoarekim lotuta uztea komeni da.
  4. Garaje barruan ezezagunen bat ikusiz gero komeni da Udaltzaingora edo Ertzaintzara deitzea.
  5. Kaletik garajera sartzeko oinezkoentzako ateak ondo itxi beti, baita atarietako ateak ere garajeekin komunikatuta badaude.
  6. Salaketak jarri.
  7. Giltzak lapurtzen badizkizuete etxeko sarraila aldatu.