Zerbeza330 garagardo mota dastatu ahal izango dira

Datorren ostegunetik igandera (ekainak 27-30) Ordizia Rugby Elkarteak antolatutako XIV. Garagardo Azoka ospatuko da Beti-Alai pilotalekuan. Lehen hiru egunetan 18:00etatik 00:00etara egongo da irekita feria, eta igandean eguerditik aurrera, bazkariak ere zerbitzatuko baitituzte. Aurten 30 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da.

Jan-edanaz gain, ez dira zozketak eta sorpresak faltako azokan, eta azken urteetan egin duen moduan, errugbi elkarteak bazkide berriak bilatzeko (eta orain artekoen bonoak berritzeko) baliatuko du azoka. Horrez gain, denboraldi berrirako fitxeketei buruz hitz egiteko aukera ere emango du garagardo azokak.

Inoiz baino garagardo gehiago
2010ean 26 garagardo mota dastatu ahal izan ziren, 2011n 28 eta iaz 29. Aurten, berriz, 30 izango dira, Estrella Galizia garagardo markak '1906 Red Vintage' izeneko garagardo berria ekarriko baitu Ordizia. Garagardo gehienak, hala ere, Alemania, Holanda, Txekia, Irlanda, Inglaterra eta Belgikakoak izango dira. Zeliakoentzako garagardoa ere izango da, iaz bezalaxe.

Eta jatekoan ez da aldaketarik izango. Bi lagunentzako garagardo menuak 25 euro balioko du (ukondo bat, eta bina garagardo pitxar, postre eta kafeak). Horrez gain, bakarkako platerak ere eskatu ahalko dira: Saxoniako solomoa (razioak 2,5 euro), ukondoa (10 euro) edota oilasko erdia (5 euro). Ura eta freskagarriak ere izango dira.