OSTIRALEAN HERRI ANTZOKIRA BISITA ETA HITZALDIA BERE 90. URTEURRENEAN

(Oharra: ostiral honetako “Ordizia 750” hitzaldien zikloan iragarrita zegoen Patxi Garmendia “Mendigar” historialariaren solasaldia astebete atzeratu da.)

Datorren azaroaren 10ean 90 urte beteko dira Herri Antzokia, garai hartan Etxezarreta Zine-Antzokia deitutakoa,  ireki zenetik. Aitzaki horrekin ostirala honetan, hilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan hitzaldi-bisita antolatuta da Herri Antzokira, Adur Ezenarro Agirre ordiziar arkitektoa gidatua. Ezenarrok Mendizabal II. Bekaren irabazlea suertatu zen “Domingo Unanue, Ordizia modernoaren arkitektoa” lanarekin.

Adur Ezenarro Agirre egindako ikerketaren helburu nagusia eta proposatzen zuen ikerketa gaia Domingo Unanue Saez de Asteasu (1901-1985) arkitekto ordiziarra eta bere lana zen. Ikerketa proiektuaren helburua aipatu arkitektoaren lana katalogatzea izen zen lehendabizi, eta  behin bere lana kokatuta, bigarren pausoa obra horren aztertzea izan zen, azterketa horretatik eratorriko baita arkitektura modernoaren bilakaeran Domingo Unanuek izan duen benetako garrantzia.

Zentzu honetan bere lehendabiziko obrari dagokion merezimendua aldarrikatu nahi da, batez ere, 1928an eraiki zen Herri Antzokia, jatorriz Etxezarreta zine-antzokia (proiektua 1927koa da) mugimendu modernoaren maisulana baita, orain arte egin diren garaiko analisi eta azterketa gehienetatik at geratu bada ere.

Domingo Unanue Saez de Asteasu Ordizian jaio zen 1901eko abuztuaren 4ean eta bertan, San Jose egoitzan hil zen 1985eko urriaren 4an. Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak, Pedro Muguruzaren ikasle izan zelarik eta bosgarren mailan proiektuan egindako lanagatik Pariseko Nazioarteko Erakusketara joateko ordezkari aukeratu zuten; bertan garaiko arkitekto entzutetsuenak izan ziren eta mundu mailako abangoardia bildu zuen ekitaldia izan zen. 1926an titulua eskuratu zuen eta praktikak egin zituen Modesto Lopez Otero eta Pedro Muguruza Otañorekin. Gipuzkoara itzultzean Donostiako arkitekto batekin hasi zen lanean, Domingo Agirrebengoa Usabiagarekin. 1928an bere lan guztien artean gailentzen den garaikurra eraiki zuen, Echezarreta zine antzokia, gaur egun Herri Antzokia bezala ezagutzen duguna.

1930ean Natividad Aizpururekin ezkondu zen, Santa Maria kaleko Barretxe etxeko alaba zena eta bertan bizi izan zen ondoren. Alaba bakarra izan zuten baina hil egin zen. Ez zuen oinordekorik izan eta bere ondasunak Ordiziako herriari laga zizkion hil baino hilabete batzuk lehenago, jasotako ondasunen balioari erreparatuz gero, udalari salneurri sinboliko batean saldu zizkiola esan baikenezake.

Herri Antzokia Ordiziako eraikin bitxienetarikoren bat da, Euskadiko arkitekturaren mugimendu modernoaren panoraman lan aintzindaria eta gutxi ezagutzen dena aldi berean. Ezbairik gabe ostirala honetan aukera ezinhobea izango da gehiago ezagutzeko Herri Antzokiaren inguruan Adur Ezenarroren eskutik. Orain dela gutxi Herri Antzokia XX. mendeko arkitektura garaikidearen eraikin "paradigmatiko" gisa saritua izen zen. Errekonozimendu hori Docomomo Arkitektoen Nazioarteko Fundazioaren eskutik iritsi zen eta Ordiziako zine-antzokia babestu eta hedatu behar den eraikin modernoa dela erabaki zuen.