ORDIZIAKO ONDARE ESKULTORIKOA HIZPIDE OSTIRALEAN BARRENAN

Juanjo Usabiaga Urkola ordiziarrak emango du hitzaldia, arratsaldeko 19:00etan.

Ostiral honetan, irailaren 14an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Juanjo Usabiaga Urkola ordiziako historialariak  “Ordiziako ondare eskultorikoa historian zehar” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Herri baten ondare eskultorikoa mendez mende garatzen eta zabaltzen da. Ordiziako kasuan, garai historiko bakoitzeko mugarriak diren adibide eskultorikoak ditugu. Azken finean, adierazpen eskultorikoak gizarte zehatz edo jakin baten taupaden ondorioak dira. Hori dela eta, herrian ditugun zenbait adibide esanguratsuren azterketa proposatzen da. Gure begien aurrean, askotan oharkabean, esparru ezberdinetan, eraikin baten barruan edo espazio publiko irekian, begizta ditzazkegu garai bateko eta gaur egungo zenbait proposamen plastikoak. Beraz, herriko artelan eskultorikoak bihurtuko dira bilakaera horren protagonista eta ardatz, ikuspuntu ezberdinetatik beren ezaugarriak azpimarratuz, nabarmenduz beraien gailentasun historiko eta artistikoa Ordiziako herrian ikusgai dagoen ondare gisa. Hitzaldian zehar, herriko txoko edo kaleetan zehar topa daitezkeen eskultura oroigarri eta zedarri garaikideen ibilbidea egingo da.

Eskultura tridimentsional eta bolumetrika horren materialtasun fisikoak, egin ziren garaian bertan eta orobat mendeak igaro ondoren, ukitu eta atzeman daitekeen eguneroko errealitate nabaria bihurtzen dira. Gure begien aurrean daude eta denborarekin ezagunak gertatzen zaizkigu. Aldi berean, eskultura hauek, beren dimentsio plastikoan elkarreraginezko harremanak sortzen dituzte, eta atzoko eta gaurko gizonak eta emakumeak egunero mugitu diren eta mugitzen jarraitzen diren eremu fisikoko horren inguruko erreferentzia bisual garrantzitsuak bihurtzen dira, era berean errealitate guztiz egunerokoak bihurtuz.

Pixkana aldatzen eta hobetzen diren teknikak eta prozedurak baliatuz, eskultoreek formak zizelkatzen, moldatzen eta eraikitzen dituzte materiale ezberdinez baliatuz, hala nola, harria, egurra edota metala. Lehengai horiek, objektu artistikoak bihurtzen dira. Hala, garai bakoitzaren kulturaren baitan eskultura proposamenak sortzen dira une jakinetako premia, kezka edo balditza espiritualei erantzuna emanez. Artelan horietan eduki edo esanahi jakinak gauzatzen dira. Hori guztia, garai bakoitzeko sustapen artistikoaren problematika kontutan harturik gertatuz.

Erdi aroko garaian, elizak sustatutako mota ezberdinetako eskultura erlijiosoa abiapuntu gisa hartuko da. Aro Modernoan, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, erretaulagintza eta deboziozko iruditeria erretaulak…Aro garaikideko eskulturagintzaren garapena eta bilakaera aztertzerakoan XVIII. mendearen azken herenaz geroztik gaur egun arte, eskulturak lantzeko usadiozko modua eta eskulturaren izatea beraren pixkanakako aldaketak igartzen dira. Une honetan, joera eta mugimendu eskultoriko arras ezberdinak sortu eta kateatuko dira, inolako linealtasunik gabeko garapen batetan. Gainera, eskultura generoen atalean aldaketa ugari ematen dira, generoen arteko mugak sistematikoki irauli edo puskatu arte.

                Ordiziako XX. eskulturagintzaren abiapuntua, Andres Urdanetaren omenezko eskultura oroitarrian gauzatzen da. 80ko hamarkadatik aurrera Ordizian ikusgai dugun eskulturagintzan nabarmentzen da Modernitatea eta Postmodernitatearen giro artistikoan emandako aldaketa handiak, non eskultore belaunaldi artistiko berriek egiten duten lan.

Juanjo Usabiaga Urkola ordiziarrak (1968-XI-11) Artearen Hisoriako ikasketak egin zituen Madrilgo Complutense Unibertsitatean (1991).Madrilen Arte Irakaslea izan zen Universidades Norteamericanas Reunidas Complutense Unibertsitateko Arte Ikasketetan (1994-1998).1998tik Artearen Historiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Letren Fakultatean, Arte Historia ikasketetan. Halaber, 2015etik Donostiako Esperientzia Geletako Arte irakaslea da ere. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde ezberdinen partaide edo ikertzailea dugu. 2001etik 2005ra arte Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Erkidegoko Ondarearen Katalogazioaren ikerketa proiektuaren partaidea izan zen. 2014-2016 urteren artean Behe Erdi Aroko Artean Maitasunaren irudiaren ikerketa proiektuaren partaidea izan ere, eta egun, Gizartea, Boterea eta Kultura (XIV-XVIII. Mendeak) ikerketa proiektuaren ikertzailea da. Bere argitalpen nagusien artean, nabarmentzen dira Euskal Herriko Pintura (2003) eta Euskal Herriko Eskultura liburuak (2004) edota 2003an idatzitako Erdi Aroko artearen inguruko kapitulua Arte y Arquitectura en el País Vasco. El Patrimonio del Románico al siglo XX liburuan. Prentsa arloan, Egunkaria, Euskaldunon Egunkarian, kolaboratzailea izan zen 1997 eta 1998an, Madrilen berriemailea izanik artearekin eta euskal kulturarekin zenbait prensa artikuluak argitaratuz.