URRUPEK BOTAKO DU SANTA ANA JAIETAKO 24KO TXUPINAZOA

Ekimen gehiago dakar sexu-erasoen prebentzioak

Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Arantxa Fernandez jaietako zinegotziak, Jose Ignacio Iturrioz zinegotziak eta programan jasota dauden ekimenak antolatzen dituzten elkarteetako ordezkari batzuek  hilaren 22an hasiko den Santa Ana jaiak aurkeztu dituzte, larunbat honetatik aurrera ekintza batzuk gauzatuko badira ere.  Betiko edo ohiko ekimenez gain berrikuntzak ere egongo dira eta iaz ezarritako batzuk mantenduko dira. Udal ordezkariek azpimarratu dute aurten ere kuadrillen partaidetza hobetzeko egin duten lana.   Txupinazoa aurten 25 urte bete dituen Ordiziako Urrup antzerki taldeak botako du hilaren 24ean 12:00etan. Programaren banaketa hasi da dagoeneko.

Berrikuntzen artean, danborrada ondoren hilaren 24ean eskainiko den antzerki eta musika ikuskizuna izango da, ordu horretako hutsunea betez. Ostalarien eskutik dator eta ‘Psychoclown’ izena du. Hurrengo egunean erraldoien konpartsaren parte izango da Sant Vicenç de Montalt herriko taldea, Ordiziakoak aurretik Kataluniara egindako bisitaren truke.

Musikari dagokionez, 25ean Medianoche izeneko Eibartar hirukoak joko ditu abesti hegoamerikarrak eta 27an iluntzean Serafin Zubirik errepertorio zabala eskainiko du plaza Nagusian. Ordu berean baina Garagartza plazan ohiko ezkonduen dantzaldia izango da Azabache orkestrarekin. Era berean, bueltan da iazko esperientzia ona kontutan izanda, herritarrek 25 eta 27ko disko-parrandan dantzatu edota abesteko erabiliko den musika, dagoeneko www.kpk.eus web gunearen bidez aukera daitekeena.

Jaietan ere errespetuz

Udal arduradunek azpimarratu dute egun hauetan gozatu egiten dela baina garrantzitsua dela errespetuzko jarrera izanez gozatzea.  Hala, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistak gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina ere martxan jarri du Berdintasun sailak. “EZ DA EZ,  Ez pasa eta ez onartu” horrelako mezu argi eta sinpleekin, herritarren arreta erakartzeko,  erasotzat har daitezkeen eta errespetuzkoak ez diren jarrera guztiak baztertzearen alde.

Kanpaina honen barruan hainbat ekintza jarri dira martxan: uztailaren 25ean gune edo Jaima informatiboa  Arboledan;   hainbat pegatina  banatu dira mezu argiak emanez; kartelak ere jarriko dira, ‘Beldur barik’ gidak ikastetxeetan eman ziren;  txartel informatiboak  ere laguntza eskatzeko hainbat telefonoren berri emanez badira. Materialak Kuadrillei ere banatu zaizkie eta dendariei eta tabernariei helaraziko zaie.           

Beste berrikuntzetako bat da prestatu den bideoa,  herriko eta Udaleko hainbat pertsona eta eragilerekin elkarlanean, jaietan ere indarkeria sexistaren aurkako mezua eta konpromisoa adierazteko.  Prest dago eta sare sozialetan zabalduko da berehala. Zabalpena indartzeko laguntza eskatzen da.

Honekin batera, Fernandezek programa antolatzen lagundu duten pertsonen lana azpimarratu du.  Batez ere, gazteen partaidetza eta festak era egokian garatzeko egin dituzten ekarpenak nabarmendu ditu aurten ere. Hala, koadrillekin egin diren bilerak euren ekarpenak jasotzeko, txarangak ordaintzeko diru-laguntza jaso ahal izateko era berria ezagutzeko, portaera arauak orokorrean eta Matutinakoak bereziki gogoratzeko eta datorren astean ezagutzera emango den adikzioen kontrako programa ezagutarazteko izan dira. Besteen lana errazteko ere eskatu da, batzuek gozatzeko beste pertsona batzuek lan egin behar dutelako, eta  kaleak, berdeguneak, eraikinak, etxebizitzak eta ibaiak, inguruan dugun dena, garbi mantendu behar dela gogoratu da.  

“Duela urte bete  bizikidetza hobetzeko erabakiak hartu genituen,  bideratu behar liratekeen gaiak aztertu ziren, besteak beste, soinu-bolumena, ibilgailuen erabilera eta errespetuan oinarritutako bizikidetza. Pertsona batzuen jarrerak kaltetu dituen txirrindularitza lasterketarekiko, boxeo-saioarekiko eta beste ekimen batzuekiko errespetuaz jardun ginen.  Gainera, matutinako gauean Gudarien etorbidean kuadrillek espazioak era antolatuagoan okupatzeko zozketa egin zen,  gazteek toki bat hartzeko kalean orduak ez igarotzeko. Eta musika ekipoentzat argi-indar puntuak jarri ziren, gasolio sorgailuak erabili ez daitezen, arriskua sortzen baitute. Esperientzia ona izan zen eta aurten ere hau guztia izango dugu. Zozketa, adibidez, atzo egin zen’, esan dute udal ordezkariek.

Danborrada, barrakak, bigantxak eta galdeketa

Udaleko osoko bilkuren aretoko balkoitik  uztailaren 24ko danborrada ikusteko aukera emango zaie aurten ere herritarrei.  Balkoian egoteko interesa dutenek eskaera egin behar dute udaletxeko herritarren arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30etara) edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita, izen-abizenak eta telefono zenbakia emanez.    Ordizian erroldatua egotea derrigorrezkoa da. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da eta aukeratua izango duen pertsona bakoitzak balkoira lagun bat eraman ahalko du. Eskaera epea 19an amaituko da eta 21ean egingo da zozketa.

Barraketako eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa egin zen iaz agertoki edo ekimen hauen sarbidea hobetzeko. Barrakak  Bizkaia pasealekuan eta  bigantxa-plaza Buztuntzan, Idoiaga plazan ipini ziren eta kokatuko dira aurten ere balorazioa oso positiboa izan zelako.  Ulergarria da bizilagun batzuentzat deserosoa izatea, horregatik Udalak barkamena eskatzen du.

Eta aurten baita, web gune bidez galdeketa egingo da jaien inguruan herritarrek euren iritzia eman ahal izateko. Udaleko ordizia.eus atarian zintzilikatuko da, ‘Ordizia Hobetzen’ banerrean, hilaren 24tik abuztuaren 7ra.

Programaren oinarrian urte askotatik hona antolatzen diren ekimenak daude.  Kontuan izan behar da guztiok gozatzeko eta  dena prest izateko Ordiziako pertsona eta erakunde batzuek -20 baino gehiago dira- ekimen hauen antolaketan borondatez lan egiten dutela hilabeteetan zehar.  Oso garrantzitsua da baita udal langileek egiten duten ahalegina dena ondo joan dadin. Mila esker denei egindako lanagatik.

PROGRAMA (pdf)

egitaraua_SANTANA2017_programa