Sari banaketan  “Mahaitasunez - Mésame” errezitaldi musikatua. Hitzordua ostiralean gaueko 22:00etan Barrenan

Ordiziako Kimetz Emakume Elkarteak, urtero antolatzen duen literatur lehiaketako sariak banatuko ditu datorren ostiralean.  Ekitaldi hori osatzeko, “Mahaitasunez - Mésame” ikuskizuna izango da. Sari banaketa 22:00etan hasiko da, eta segidan egingo dute poesia, eta musikaren emanaldia, Barrena Kultur Etxean. Sarrera, debalde izango da.

“Mahaitasunez.-Mésame!” emanaldiaren erreseinak hala dio:  Euskara irakaslearen arreta bereganatu dute lehen lerroan esertzen den ikaslearen mahaigaineko gaztelaniaz idatzitako zitek. Zein bere egilea alboan dutela ageri dira gehienak, baina tartean badira izen-deituren konpainiarik gabeak ere. Irakasleak badaki ikaslearenak direla, baina ikasleak ez daki irakasleak badakienik. Irakasleak hitzordua eskatuko dio ikasleari izen-deiturarik gabeko ziten inguruan duen ustea berresteko, besteekin mahaia eta maila partekatzen dutenek ere badutela bere grazia alegia: Olaia Baigorri.

Zitek hitzorduei bezala, hitzorduek errezitaldiei egin diete leku. Orain klaseak ez ezik, atsedenaldiak eta arratsaldeak ere partekatzen dituzte eta elebiz musukatzen dituzte elkarren ezpainak hasperenen hizkuntzan. Tentaldiez idazten dute, eta tentealdiez, galderez eta galerez, arantzaz eta harantzez, baina batez ere, mahaitasunaz, mahaitasunez. Orain klasean irakasle eta ikasle izatera jolasten diren mahaitaleak baitira Olaia eta Ekaitz. Baigorri eta Goikoetxea, emanaldiaren erdian Mikele Granderekin transgeneroaz, identitateaz, bere bizipenez Mikelerekin berarekin hitz egiten dutenak.

 

Emanaldian parte hartzen dute: OlaiaBaigorri, Ekaitz Goikoetxea, Mikele Grande eta Eduardo Zudaire.