Beatriz Gallego Muñozek “Mujeres y trabajo en Ordizia (1880-1980): una perspectiva de género” ikerketa lana burutuko du.

“Mujeres y trabajo en Ordizia (1880-1980): una perspectiva de género” da aurkeztutako lanaren izenburua, eta Victor Mendizabal IV. Ikerketa Beka burutzeko aukeratua izan den lana. Ikertzaileak lana burutzeko urtebeteko epea eta 7.000 euroko laguntza izango du. Hiru lan aurkeztu dira Ordiziako Udalaren Kultura Sailak antolatu duen laugarren  deialdi honetan.

Gizarte zientzien, natur zientzien eta humanitateen arloko ikerketa bultzatzea da bekaren xedea, Ordizia eta ordiziarrak erreferente izanda, irabazi duen lanak deskribatzen duen moduan. Joseba Aranburu Ordiziako Kultura zinegotziak, Ana Leturia EHUko irakasleak, Jesus Mari Gaztañaga Goierri Fundaziokoak, eta Patxi Garmendia historiagile eta irakasleak osatutako epaimahaiak, deialdiko oinarrietan zehaztutakoaren arabera, kalitate zientifikoa, originaltasuna eta egilearen ikerketarako gaitasuna baloratu dituzte, eta deialdiaren helburuak lortzeko zein ekarpen egiten duen.

Nagusitu den ikerketa-lanaren helburua da Ordiziako emakume langileen papera edo egitekoa aztertzea industrializazio prozesuaren etapa desberdinetan eta udalerriari egin zioten ekarpen ekonomiko eta soziala azaleratzea.

Orokorrean eta Ordiziako kasuan ere ikus daiteke erreferentziazko bibliografian garapen historiko maskulinoa egiten dutela eliz ikuspuntutik, ekonomia ikuspuntutik eta ikuspuntu militarretik. Tradizionalki pentsamolde akademikoaren oinarria hori izan da, eta horrekin batera,  ez zaio arretarik eskaini  industrializazio prozesuan emakumeek izan duten paperari eta horrek herri nahiz probintzia mailan garapen ekonomiko nahiz sozialean izan duen islari.  Zentzu honetan ikerketak Ordiziari eta bertako herritarrei ekarpen bat egin nahi die hainbat esparrutan:

- Bertako historian gutxi aztertutako arlo batean sakontzea, hau da, industria ibilbide hori garatzea.

-  Ordiziako garapen ekonomiko eta sozialean emakumeen protagonismoa azaleratzea, baina ez aldaketen jasotzaile pasibo gisa baizik eta aldaketen eragile gisa.

- Etorkizuneko ikerketetarako erreferentzia gisa erabiltzea.

- Udal-agiritegian gordeta geratuko diren ahozko lekukotzen korpusa jasotzea, etorkizuneko ikerketetan kontsultatzeko modua egon dadin.