Inaugurazioa: ostirala, otsailak 24, 19:00 h.

 

“Ikimilikiliklik’ erakusketa Barrena Kultur Etxean izango da ikusgai martxoaren 24ra arte. San Telmo Museoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak antolatu eta Morgancreak ekoiztutako erakusketa hau Joxan Artzeren unibertso poetikoan zehar bidaia egiten duen bideoinstalazioa da. Erakusketa ostiral honetan inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan.

Erakusketa JA Artzek 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan zehar egiten den bidaia da. JA Artze oso ezaguna da herritarren artean Mikel Laboaren abesti ikonikoen, esaterako, ‘Txoria txori’, ‘Gure Bazterrak’ edo ‘Zaude lasai’ abestien letren egilea izateagatik edo bere anaia Jexuxekin txalapartari gisa aritzeagatik.

Baina JA Artzek obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak. Azken hauek, bere idatzizko proposamenak eszenatokira daramatzatenak, bere garaian abangoardiakoak izan ziren eta, aldi berean, uneko baldintza soziopolitikoak medio, popularrak izan ziren. Horien artean azpimarratzekoa da ikimilikiliklik bidekidekaria, musika, poesia eta irudia uztartzen zituen ikuskizun multimedia 70eko hamarkadan testuinguru kulturala astindu zuena.

Joxan Artze "aparteko" artista  da, eta, berezi egiten duen diziplinartekotasun hori islatu eta gogorarazi nahi izan dute Ikimilikiliklik erakusketaren bitartez.

 

Instalazioa

Ilun dago. Lau pantaila daude aretoaren bueltan. Eta jendea erdian. Argia egin dute laurek bat-batean. Joxan Artzeren hitzak irakur daitezke. «Maite ditut maite gure bazterrak». Jarraian, musika. Txalaparta. Irudiak. Argazki zaharrak. Poesia. Eta Mikel Laboa abesten. «Askatuko zaituen zain bazaude...». Hitz eta soinuz inguratutako espaziontzia dirudi gelak. Gero, hitz bat entzun da: «Bakea». Idiak, astoak eta gurdiak. Gernika. Gerratik ihesi doaz haurrak eta emakumeak. Sua. Txoriek egunsentia hegan zeharkatu dute. Laboak «haika mutil, jeiki hadi» abesten du. «Mundua gizonarentzat egina da, baina gizona ez munduarentzat». Segidan, maitasuna ezinbestekoa dela dio Artzek. «Hegoak ebaki banizkio...», hasi da Laboa.

 

Hitzadia-Solasaldia

Instalazioa eta  proiektua nola sortu zen inguruan datorren astean, martxoaren 2an, ostegunean, Barrena nbertan, arratsaldeko 7etan  Alberto Lizarraldek, erakusketaren zuzendaritariko bat, azalpenak emango ditu Barrena egingo den solasaldian. 

 

Otsailaren 27tik martxoaren 24ra

Astelehenetik ostiralera 10:00-12:30 / 18:00-20:00

Larunbata –Sabado18:00-20:00.

Igandetan itxita