8333336550 c980005016 mGiro fresko eta haizetsuarekin osatu dira urte amaierako San Silbestre probak Ordizian

Arratsaldeko 5etan hasi eta eta 7:30ak arte korrikalari andana aritu da herriko kaleetan korrika. Data honetan ohikoa den bezala, errepide bazterrak jendez josita egon dira, berdin erdigunean zein helduen ibilbidea igaro den Urdanetan, Joseba Rezolan eta baita Gudarien etorbidean ere.

Haurren probak txikienen ilusioa eta gogoa agerian utzi dute beste behin. Eta, tarteka, gurasoen berotasuna ere bai, izan ere, proba herrikoia izan arren, txikienek azkena bailitzan hartzen dute sarritan.

Haurren eta gaztetxoen proben ondoren helduen txanda iritsi da. Arratsaldeko 6etarako Barrena ataria jendez gainezka zegoen. Goiz Aterpe elkarteak, kirolprobak.com webgunearen bitartez egin duen izen ematea motz geratu da eta azken unean animatu direnek Barrenan bertan hartu behar izan dute dortsala. Errepide bazterrak ikuslez bete dira karrera hasi baino hogei minutu lehenagorako.

Helduen proba (6.325 m) puntu puntuan hasi da. Animo hotsen artean abiatu dira korrikalariak Olano tabernaren aurretik. Parte-hartzaile kopuruak zaildu egin du korrikalariek erritmoa hartzea. Hasieran zirudien baino atleta gehiago bildu da errepidera eta, lehen postuetan abiatu direnak ezik, besteek ibilbide neutralizatua balitz bezala egin dute lehen kilometro erdia, karrera Urdaneta kalean zabaldu den arte. Eta hortik aurrera, urteroko irudiak: kirol taldeak, herri mugimenduak, emakume korrikalari taldea, lagun koadrilak, guztiak giro apalean, ez epelean, korrika. Haizea nabarmena izan da Malkasko zubitik bueltan, erreka ondotik, Joseba Rezola etorbidean. Baina horrek ez du eragotzi korrikalari tropelak ibilbidea egitea. Hamaika apustu tarteko, afariak, gaueko parrandako tragoak, hurrengo eguneko mendi buelta... korrikalari gehienek amaitu dute ibilbidea.

Amaieran, ohikoa den bezala, saskien zozketa eta sari banaketa. Helduetan garaileak, Eneko Agirrezabal segurarra eta Maider Gaztañaga ordiziarrak. Baina hori, gaur, gutxienekoa zen. Zorionak guztiei!

xlsHelduen probako sailkapena

xlsHaurren probetako sailkapenak

 

Hona hemen argazki galeria: