Mendiburuk, Olanok eta EITBk jasoko dute omenaldia Ordizian igandean

Ramon Mendiburu, Abraham Olano eta EITB omenduko dituzte asteburu honetan Ordizian ospatuko den IV Marino Lejarreta Klasikaren harira. Duela hiru urte ospatu zen, lehenengoz, Ordizian eta Ordiziarekin Marino Lejarretak izan duen harremana eskertzeko omenezko memoriala. Eta bueltan da laugarrenez Chapel Gorri elkarteak antolatuta Ordiziako Udalaren babesarekin. Prentsa aurrean ezagutzera eman dute aurtengo edizioa Jose Miguel Santamaria alkateak, Jose Luis Sanz Chapel Gorriko ordezkariak, Marino Lejarretak berak eta omendua izango direnen artean, Abraham Olano txirrindulariak.

Geroz eta gehiago dira parte hartzera animatzen diren kirolariak. Lehenengo edizioan 145 txirrindulariek hartu zuten parte, 335 izan ziren bigarrenean, iaz 405 eta aurten  455 txirrindulari gerturatuko dira Ordiziara igandean. Bederatzi talde emakumeez osatuta datoz aurten, iaz baino lau gehiago. 91 talde izango dira guztira.

Parte hartzaileen artean profesional izandako txirrindulariak daude. Hala nola, Marino Lejarreta, noski, eta  Abraham Olano (munduko txapelduna eta 47 garaipen izandakoa), Raimund Dietzen (24 garaipen), Pavel Tonkov (35 garaipen eta Italiako Giroa 1996ean), Juanma Garate, Arsenio Gonzalez, David Etxebarria, Jokin Mujika, Ezequiel Mosquera, Roberto Laiseka, Aitor Osa, Martín Perdiguero… Zerrenda luzea da, 74 izen profesionalez osatuta. Jakina, aurten ere bertan egongo da Serafín Zubiri abeslaria eta  David Llaurado, London eta Beijingo para-olinpiadetako txapelduna.

Omenduak

Sanzek nabarmendu duenez, Ramon Mendiburuk txirrindularitzan ‘dena’ izan da. Txirrindulari profesionala izan zen 1962 eta 1970 urteen artean eta hamabi garaipen ditu. Villafranca proban parte hartu izan zuen, talde zuzendari izan zen, estatuko selekzionatzaile, Espainiako Vueltan esatari eta zuzendari tekniko lanak ere egin zituen. Nazioarteko Txirrindularitzako batasunaren zuzendaritza taldeko kidea izan zen eta, azkenik, Prueba Villafranca – Ordiziako Klasikaren antolakuntzan lagundu ohi du.

Abraham Olanoren lehenengo garaipena Ordiziako klasikan izan zen, 1992. urtean. Eta ondoko urteetan garaipen ugari lortu zituen: 1994ean Espainiako txapelketa; 1995ean Munduko txapelduna errutan eta bigarrena erlojuaren kontra, bigarrena Espainiako Vueltan;  1996ko olinpiadetan bigarrena erlojuaren kontrako proban eta hirugarrena Italiako Giroan; 1997an Eddy Mercks saria eta etapa bat Tourrean; Espainiako Vuelta eta Txapelketa eta Munduko erlojuaren kontrako garaipena 1998an; bigarrena Giroan 2001ean eta bigarrena Espainiako txapelketan 2002an. Guztira 47 lasterketa irabazi zituen.

Azkenik, Chapel Gorri elkarteak Prueba Villafranca – Ordiziako Klasikari lagunduz EITB-k egiten duen lana eskertu nahi du. Urte askotanegin duen lana, eta urtero probaren inguruan egiten duen 25 minutuko laburpena.

Programa

Larunbatean arratsaldean dortsalak eta akreditazioak jasotzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Hala, horretarako bulegoa Barrenan zabalduko da 16:30etik 18:15era. Segidan, 18:30ean, solasaldirako aukera izango da aurten ere. Oraingoan Marino Lejarreta, Ramon Mendiburu, Abraham Olano eta EITBko esatariren bat elkartuko dira mahaiaren bueltan. Saioa  irekia da eta Juan Maria Guajardo eta Arritxu Iribar kazetariek zuzenduko dute.

Programaren bigarren egunean egingo da erlojuaren kontrako taldekako proba. Barrenako bulegoa 8:00etarako zabalduko da parte-hartzaileentzat. Taldeen aurkezpena Zuhaizti ondoan 9:15ean hasi eta azkena irten arte izango du segizioa.  Lehenengo taldea aurkeztu eta jarraian irtengo da, eta azken taldea 12:30ean aurkeztuko da.

Proba amaitu eta gero izango da omenaldirako unea. 14:00etan, hain juxtu. Esanda bezala, Ramon Mendiburu, Abraham Olano eta EITB komunikabidea omenduko dituzte. Probari dagokionez, omenaldiaren ondoren emango dira sariak eta, amaitzeko, bazkaria izango da pilotalekuan.

Ibilbideak 31,7 kilometro ditu, Ordiziako Zuhaiztitik aterata, Alegia, Amezketa, Abaltzisketa, Zaldibia eta Ordiziara bueltan.

 ‘Egun polita dugu gozatzeko. Eta amaitu bezain pronto hasiko gara uztailean ospatuko den 96. Prueba Villafranca – Ordiziako Klasika antolatzek lanean. Ez dugu atsedenik’, amatu du Sanzek

*Oharrak:                                                                                                                             

Igandeko probak trafikoan eragina izango du. Hala, Beasain aldera doazen autobusak ezingo dira udalerritik igaro. Urdaneta kaleko 72 zenbaki parean hartu ahal izango dira.                                                                                                           

Gainera, kale Nagusia erabat itxiko da eta erdigunean tarteka trafikoa moztuko da. Trafikoa zaintzen egongo diren pertsonen aginduak betetzeko eskatzen da.              

Zuberoa, Behenafarroa eta Bazterretxe kaleetan ezingo da autorik aparkatuta eduki goizeko 7:00etatik aurrera, proba bukatu arte.