Proiektu globala herritarren parte-hartzetik sortu da: kiroldegiko langileek, kirolariek, erabiltzaileek eta, oro har, ordiziarren egindako ekarpenetatik

Kultura eta Kirol arloko ahaldun Denis Itxasok eta Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak Majori kirol-eremua berritzeko aurrerapausoak ematea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu dute.Akordio horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 395.000 euroko ekarpena egingo dio Ordiziari.Udaletxean akordioa sinatuta, Itxaso eta Santamaria, eta horiekin batera kirol-zuzendari Goizane Alvarez eta kultura-zuzendari Maria Jose Telleria eta Bittor Bolinaga kirol zinegotzia kirol-eremura joan dira, birmoldatu beharreko eremua ikuskatzeko. Sevillako 1268ko Hiri-gutunaren inguruan antolatu diren 750.urtemugako ospakizunei buruz ere hitz egin da bisita honetan

Udalburuak gogora ekarri du azken bi urteotan urratsak eman direla Ordiziako kirol-azpiegiturak berritzeko eta berrantolatzeko premiak identifikatzen eta premia horiek betetzen.'2016an kronograma bat landu genuen Majoriko kudeatzailetzarekin batera, oro har epeak ezartzeko eta herritarren parte-hartzea zehazteko.Lehenengo bilerak kiroldegian lan egiten duten pertsonekin egin genituen, 2016ko urrian'; halaxe gogorarazi du alkateak.Hurrengo hilabetean herritar guztiei zabaldu zitzaien parte hartzeko aukera; horretarako, online inkesta bat egin zen, eta elkarrizketa-txanda bat egin zen erabiltzaileekin, abonatuekin eta kirol-klubekin.

Prozesuaren hurrengo urratsa kirol-azpiegituren mahaia eratzea izan zen, 2016ko azaroan.Alkatearen esanetan, 'Mahaia, orain arte sei aldiz batzartu da, eta egin dituen ekarpenak proiektuaren bizkarrezurra dira. Bestalde, Mahaia hogei bat lagunek osatu dute, politikaren arlokoek, kiroldegiaren erabiltzaileek, Kirol Kontseiluko ordezkariek (klubak eta kirolariak) eta udal teknikariek'. 

Adostasuna eraberritze global bat egiteko

Udalak helburua zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017-2020 aldirako kirol-ekipamenduen planaren barruan sartzeko egin duen deialdia aprobetxatzea.'Aurreko legealdian Udalak ez zuen Aldundiaren deialdira proposamenik aurkeztu eta ez zegoen orain aukera hau galtzerik, esan du alkateak. Berak gogora ekarritakoaren arabera, ‘Majoriko kuboa epeen barruan egokitzeko oinarrizko proiektua landu eta adostu genuen, zailtasunak zailtasun. Hortaz, ezin genuen aukera hau galdu, bide ematen baitu plan honetako eta aurrera begirako planetako laguntzak jasotzeko. Hasierako asmoa kuboa egokitzea zen. Prozesua martxan jartzerakoan, ordea,

zalantzak sortu ziren, oposizioarekin konpartituak, gerora begira egin beharreko hobekuntzen inguruan egokitzapen honek izan zezakeen eraginagatik. Hala, alderdi desberdinon iritzia izan zen beharren eta hobekuntza aukeren inguruan hausnarketa globala egitea. Eta hala abiatu zen parte-hartze prozesua, aipatu bezala, kiroldegiko langileei, erabiltzaileei, abonatuei, klubei eta herritarrei galdetuz’, esan du alkateak.

Horrela eratu zen Kirol Azpiegituren Mahaia eta jasotako ekarpen guztiak proiektua aberasteko balio izan dute. Eta honek dakar kiroldegiko gune lehorraren berrantolaketa eta berrikuntza. Sarbide eta barruko ibiltarteen estruktura definitzen da, etorkizunean gune hezeen berritzea ere egingo dela kontutan hartuz, kiroldegiko berrikuntza osoa burutzeko. ‘Eta honaino iritsi gara denon ekarpen, lanaren eta adostasunarekin. Herritarrena eta ordezkari politikoena, azpimarratu eta eskertu nahi dudana’, azpimarratu du Santamariak.

Alkateak, Jose Miguel Santamariak, esan du akordio horrez ondorioz udalak udalerriko kirol-azpiegituretan egin nahi dituen hobekuntzak gauzatzeari helduko diola.  Haren esanetan, 'aro berri bat hastera doa gure kirolarientzat eta klubentzat.Berriro aipatuko dugu; Ordizian, kirolaren arloan egiten den lana oso handia da.Asko eta asko dira kirola egiten duten edo boluntario lana egiten duten pertsonak; horren ondorioz, herri honek duen kirol-maila azpimarratu beharra dago.Boluntarioak eta gu lanean ari gara Ordiziako eta beste lekuetako kirolarien alde.Gaur esan dezakegu aurrerapausoa eman dugula proiektua martxan jarrita’.

Premiak eta jardunak

Herri osoari, eta bailarari, zerbitzu ematen dioten Majoriko kirol-instalazioak hiru solairu ditu.Gaur egun, eraikinak hainbat gabezia ditu, eta hortaz, egokitu beharrekoak.Premia handienak dira, besteak beste:

-Gaur egungo instalazioak ezin dio hainbat zerbitzuk duten tirari erantzun; hori dela-eta, kirol-eskaintza zabalduko duten espazio berriak egokitu behar dira nahitaez.

-Hainbat jarduera fisiko eta kirol-jardueratarako berariazko aretoak falta dira.

-Espazioen gaur egungo banaketak ez du aukerarik ematen gehien eskatzen diren jarduerei behar bezala erantzuteko.

-Barrualdeko ibiltarteak ez dira argiak eta intuitiboak, eta komunikazio bertikala ez da egokia.

-Irisgarritasun-arazo larria dago, ez baitago mugikortasun urria duten pertsonei zerbitzua emango dien igogailurik.

Instalazioek aurre egin beharko dieten premiak eta erronkak aztertuta, asmoa da esku-hartze horrek egungo eraikina hobetzeko eta antolamendu funtzionala ordenatzeko aukera ematea, eta horrez gain eraikinari atxikitako pabiloia egokitzeko aukera ere ematea.

 

Burutuko diren esku-hartzeen artean, honako hauek azpimarra daitezke:

-  Taberna-eremua lekuz aldatzea.Kokapen berritik bi joko-pistak ikusi ahal izango dira.Halaber, eremu horretan itxarote-eremu bat egokituko da, kantxarekiko edo zirkulazio joan-etorriekiko independentea.

-  Ibiltarteak hobetzea.

-  Sarbideetako kontrola.

-  Irisgarritasuna (banalekuan igogailu bat jarriko da).

-  Atxikitako eraikinaren konfigurazioa eta erabileren banaketa.Proposatu diren erabilerei dagokienez, egungo eskaintza zabaldu nahi da, bai kirol-jarduerei dagokienez, baita jardun horietarako azalerari dagokionez ere.Erabilera anitzeko areto berriak sortzeak aukera ematen du hainbat jarduera eta klase antolatzeko, oraingoetan baino eremu egokiagoetan.

55 udalerri Foru Plan berriarekin

Laguntza hori 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planean biltzen da, eta Plan horren helburua da kirol-azpiegiturak birmoldatzea, berritzea, lekuz aldatzea eta ordeztea. Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait inbertsio finantzatuko du lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko eta finkatzeko, eta, hartara, pertsona guztiek kirola egin ahal izateko eta herritar guztiek baldintza eta aukera beretan jarduera fisikoa eta kirola egin dezaten sustatzeko. Era berean, Planaren xedea da instalazioa kirol-jardueraren ohitura berrietara egokitzea; gizartearen premia eta ohitura berrietara egokitzen den zerbitzu-eskaintza handiagoa eskaini nahi da, eta erabilera handiagoa eta berdintasunezkoagoa lortu nahi da.  Aldundiak lehentasuna eman die gaur egun dauden ekipamenduak berritzeari eta birmoldatzeari, eta ez instalazio berriak eraikitzeari.

Itxasok azpimarratu duenaren arabera, 'planak 55 udalerri eta 567.000 herritar biltzen ditu, alegia Gipuzkoako biztanleriaren % 80, eta 53,8 milioi euroko inbertsioa izango du; Aldundiak 10,6 milioi euro jarriko ditu'.

Itxasoren esanetan, "Foru Aldundiaren nahia da adin guztietako, edozein sexutako eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izatea eta horietara sarbidea izatea, horietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi-kalitatea hobetzeko".

Bai Udalak bai Aldundiak balorazio egin dute lankidetzaz, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Amaitzeko, foru ordezkariek udal arduradunekin Ordiziako 1268 Hiri Gurunaren 750.urteurrenaren ospakizunei buruz hitz egiteko aukera izan dute. Itxasok azaldu duenez, Foru Aldundiak urteurrenarekin bat egingo du eta antolatu diren ekitaldi ugarien artean babestuko duena edo dituenak aztertu dira.

*argazkian, Alvarez, Itxaso, Santamaria eta Bolinaga sinaduraren momentuan.