Majorin jokatuko da txapelketaren XXXV. edizioa abenduaren 29an

Astebete geratzen da Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketarako, eta dagoeneko aurreratu daiteke beste urte batez elite mailako igerilaririk onenak lehiatuko direla Ordizian. Majori kiroldegian izango da txapelketa, abenduaren 29an, ostirala. LEN (Ligue Européene de Natation) egutegiaren barruko txapelketa da Ordizia Igeriketa taldeak antolatzen duena.

Izaskun Insausti Ordizia Igeriketa taldeko kideak aurreratu duenez, “Jessica Val Europako txapeldun berria Ordizian izango da datorren astean, eta kataluniarrarekin batera izango dira, esaterako, Tjasa Vozel esloveniarra, Francesca Fangio, Veronica Neri eta Sara Morotti italiarrak, Lidon Muñoz valentziarra eta Duane da Rocha malagarra. Gizonezkoetan, berriz, Konrad Zcerniak poloniarra, Mislav Sever kroaziarra, Caba Siladji serbiarra, Florian Coiffard frantziarra, Martin Melconian uruguaiarra, Claudio Fossi italiarra eta Mario Navea izango dira Ordizian egongo direnetako batzuk”.
Euskal Herriko selekzioko eta Madrilgo federazioko igerilariak eta CN Sant Andreu, Gredos, zein txapelketara itzuliko diren CN Barcelona eta Santa Olaya taldeetako igerilarien erakustaldiez gozatzeko aukera egongo da Majoriko lehian.

Lau modalitatetan lehiatuko dira parte hartzaileak, 50 eta 100 metrokoan eta 100 eta 200 metroko distantzian estiloetan: tximeletan, bizkar eta bular estiloan, eta estilo librean. Atal bakoitzean gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatuko dira. Igeriketa egokituak bere lekua izango du aurten ere Gabonetako txapelketan. Atal honetan parte hartuko dutenen artean dago Richar Oribe donostiarra, eta berarekin batera ariko dira jokatu berri den Mundialean hainbat domina irabazi dituzten Nahia Zudaire eta Iker Aizpuru, esaterako. 10:00etan hasiko da txapelketa, eta ETBk zuzenean emango du.

Proba kutuna

Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena da Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, eta Espainiar estatuko garrantzitsuenetakoa. 1983tik jokatzen da, eta dagoeneko 5.000 igerilaritik gora izan dira bertan parte hartu dutenak, horietako asko olinpikoak izatera ere iritsi direnak.
Francisco Jose Gonzalez “Txesko” Ordizia Igeriketa elkarteko kidearen esanetan, “datorren astean Ordizian izango diren igerilari askorentzat urteko zita garrantzitsuenetakoa izaten da, eta aurten ere 250 parte hartzaileko langa gaindituko da. Igerilari askorentzat oso proba kutuna izaten da Gabonen bueltan jokatzen den txapelketa hau”.

Aurten ere, eta urtero bezala, bakarkako gizonezko zein emakumezko sailkapen bat egongo da, “FINA taula” erabiliz lortutako puntuazioaren araberakoa. Sailkapen orokorrean finaletako emaitzak bakarrik hartuko dira kontuan. Lehen hiru sailkatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren garaikurra jasoko dute. Horrez gain, lehen sailkatuak 1.500 euroko saria jasoko du, bigarrenak 1.000 euroko saria eta hirugarrenak 500 eurokoa. Euskal Herriko igerilarien artean puntuaziorik altuena lortzen duen igerilariak 300 euroko saria jasoko du.

Ordizia y Goierri, igeriketaren erreferente

Txapelketa abenduaren 29an izango bada ere, abenduaren 26tik aurrera Goierrik oso gertutik biziko du igeriketa, hainbat taldek aste hori aprobetxatuko baitute neguko stage teknikoa egiteko. Txapelketan parte hartuko duen igerilari kopuru handia dela-eta, entrenamendu saioak Ordiziako Majori kiroldegian eta Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegian izango dira, abenduaren 27an eta 28an. Gabonetako Txapelketari esker nazioarteko eta munduko igerilaririk onenetakoak Ordiziako eta Goierriko kaleetan, tabernetan eta hoteletan ikusteko aukera egongo da. Beste behin, txapelketa igeriketaz gozatu ahal izateko aukera bikaina izango da.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak proba honen balioak azpimarratu ditu, “Ordizia ez ezik, Goierri eta Gipuzkoa jende askoren aurrera eramateagatik”. Proba antolatzen urtez urte egin den lana ere goraipatu du. Javier Saez EIF-ko lehendakariaren esanetan, “txapelketak duen historiala proba honen adierazgarri da”. Orain arte egin duten lan ona errepikatzen jarraitzera gonbidatu antolatzaileak, eta erakundeak ere halako txapelketa batek eskatzen dituen instalazioetan inbertitzera animatu ditu.

Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Txapelketa bezalako ekitaldiak antolatzeko eta “herria ezagun egiteko” jende askoren laguntza behar dela aipatu du Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak. “Ordiziaren kasuan urtean zehar ekintza garrantzitsu asko antolatzen dira, eta hau da horietako bat. Horrelako egitasmo bat martxan jarri eta aurrera eramatea ez da erraza, zuen konpromisoari esker lortu egin duzue. Taldea, gurasoak, zaleak, kirolariak… inplikatuta zaudete eta hori oso garrantzitsua da”.